Errepika ez dadin

Gomazko piloten erabilerari buruzko eztabaida egingo dute gaur Eusko Legebiltzarrean, eta pilotak erabat eta betirako debekatu ditzatela eskatu diete talde guztietako ordezkariei kaltetuek; Cabacas eta Zarraren senideek, besteak beste.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Gomazko piloten erabilera behin betiko debekatu dadila. «Eskakizun irmo» hori egin diote Eusko Legebiltzarrari Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotak kaltetutako hainbat pertsonek. Atzo bidali zioten mezu zuzena, legebiltzarrak gaiari buruz eztabaidatuko duen egunaren bezperan. Neurria premiazkoa dela ohartarazi dute; haiek beren azaletan pairatu dituzten «tragediak» errepikatu ez daitezen berme bakarra dela gomazko pilotak salbuespenik gabe eta betirako debekatzea. Bestela, pertsona gehiago hilko direla: «Honako hau oihu desesperatua da».

Bost pertsonek plazaratu dute deia, agerraldi publikoa eginda: Ertzaintzaren gomazko pilota batek hil zuen Iñigo Cabacasen guraso Manu Cabacas eta Fina Lizeranzuk, beste pilotakada baten ondorioz zendu zen Rosa Zarraren alargun Xabier Irazustak, pilota batek begi batean ikusmena galarazi zion Mikel Quintelak eta jaurtiketa batek oso larri zauritu zuen Xuban Nafarrateren aita Joseba Nafarratek.

«Ergelek soilik»

«Parlamentu edo gobernu ergel batek soilik behar ditu hildako gehiago okerra zuzentzeko», hausnartu du Cabacasek, minduta eta gertatzen ari dena sinetsi ezinik. Legebiltzarrak gomazko pilotak ez debekatzea ez luketela ulertuko azaldu du Nafarratek agerraldian bildutako guztien izenean. Arma hori «populazio zibilaren aurka» erabiltzen jarraitzea «zentzugabekeria» litzatekeela.

Izan ere, hala gertatuko balitz, Eusko Legebiltzarrak gomazko pilotak jaurtitzeari «zilegitasuna eta babes politikoa» emango lizkiokeela ohartarazi du; eta horrek «erantzukizunak» ekarriko lizkiokeela etorkizunean: «Demokrazian, erabaki okerrak hartzen direnean eta behin eta berriro ondorio latzak eragiten direnean, gizartearen aurrean akatsengatik erantzun behar izaten da».

Hiltzen duten lekuko

Agerraldian parte hartu dutenek kontatu dute «erabaki politiko oker baten ondorioa» saminez eta mingostasunez bizi izan dutela. Eta aitortu dute haiek izan dituzten galeren ondorioz neurririk hartu ez dela ikusteak «desesperatu» dituela. «Esperientziak frogatu du, tamalez, gomazko pilotak material hilgarriak direla, hiltzen dutela», argudiatu dute ulertu ezina. «Mahai honetan gaudenok horren lekuko gara, tamalez».

Legebiltzarreko taldeei gaur hartuko duten erabakia ondo pentsatzeko eskatu diete hargatik: «Tragikoa litzateke horrelako beste gertakari bat Eusko Legebiltzarraren babespean gertatzea».

Halakorik berriz izango ez dela ziurtatzeko «bermeak» eskatu dizkiete legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiei eta Eusko Jaurlaritzari; «Iñigo Cabacasena behin betiko irakaspena izan dadila, gomazko pilotekin eragindako azken heriotza». Familia kaltetuek argi dute zein den horretarako «berme bakarra»: gomazko pilotak ez direla inoiz gehiago erabiliko ziurtatzea. Sekula ez. «Ezta egoera berezietan edo hainbat ezaugarri zehatzen arabera ere». Izan ere, haien ustez, ez da nahikoa piloten erabilera murriztea. «Ez erabiltzea bermatu behar da». Hortaz, gomazko pilotak «debekatzea, erretiratzea» eskatu dute, «horien erabilera arduragabekeria politikoa eta soziala delako». Hala egin ezean, hildako gehiago etorriko direla abisu eman dute.

Europa osoan

Aldarrikatzen ari direna ez dela «aparteko ezer» azaldu dute. Gomazko piloten erabilera ia erabat baztertua dagoela Europako Batasunean, eta Eusko Jaurlaritzak berak Europako Batzordearen eskaera jaso zuela, gainontzekoen bide bera har zezala gomendatuz.

Katalunian ere debekatu dituzte pilotak, duela gutxi. Erabakia Kataluniako Parlamentuak hartu zuela gogoratu dute kaltetuen senideek, eta, ondorioz, duela ia urtebetetik daudela galarazita gomazko pilotak. Ertzaintzaren kasuan, «urtebeteko atzerapenarekin» ari direla esan dute, baina, gaur, debekurako urrats garrantzitsua egiteko aukera duela legebiltzarrak.

Hala egingo duen esperantza azaldu dute senideek. Ez luketela besterik ulertuko diote. Gainera, 2012an, Jaurlaritza PSE-EEren esku zegoenean, EAJk gomazko piloten erabilera debekatzeko eskatu zuela gogoratu dute; eta orain, gobernuan egonagatik ere, berdin jokatzea litzatekeela normalena. «Nola ulertu behar dugu orain piloten erabileraren alde egotea?».

Baina ez dirudi kaltetuen itxaropena bete eta Eusko Legebiltzarrak gomazko pilotak erabat debekatzearen aldeko biderik abiatuko duenik. EH Bilduk bide horretan egin duen legez besteko proposamenari osoko zuzenketak aurkeztu dizkie bai EAJk, bai PSE-EEk, eta ez dirudi piloten erabilera kasu guztietan debekatu eta erretiratzearen alde egingo dutenik.

Manu Cabacasek han egon nahi du, hala ere. Erabakiak alde batera edo bestera eginda ere, gertatzen dena bere begiekin ikusi nahi du, eta Legebiltzarrean egongo dela ziurtatu du. «Ikus gaitzatela, gutxienez». Legebiltzarkideei orain arteko jarrera zuzendu beharra dagoela errepikatu nahi die: «Ezin da gure semearen heriotza bezalako gehiago egon. Azkena izan behar du gure semearenak, eta hori esateko egongo gara han».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.