Autogobernurako «sintonia» berretsi dute Podemosek eta EAJk

EAEko estatutua berritzeko «elkarguneak» dituzte, eta jarraipena emango diote gaurko bilerari. Gero, EH Bildurekin eta PSE-EErekin elkartuko da Elkarrekin Podemos

Elkarrekin Podemoseko kideak, EAEko autogobernu proposamena aurkezteko prentsaurrekoan. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Iñaki Lasa Etura.
2017ko urriaren 31
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernu proposamena Eusko Legebiltzarrean erregistratu zuenean aurreratutakoa berretsi du Elkarrekin Podemosek. «Sintonia» dago koalizioaren eta EAJren artean, eta autogobernuaren inguruko akordio bat adosteko elkarrizketak egingo dituzte etorkizunean.

Koalizioaren autogobernu proposamena gainontzeko alderdiei aurkezteko bilera sorta hasi du Elkarrekin Podemosek, eta Sabin Etxean egin dute lehen elkarrizketa, EAJren zuzendaritzarekin. Aldebikotasunean, adostutako galdeketan eta estatu eredu konfederalean oinarritzen da txostena, Kataluniak hartutako aldebakarreko bidea baztertuta. Elkarrekin Podemosen izenean Nagua Albak, Lander Martinezek—Ahal Dugu—, Jose Ramon Becerrak —Equo— eta Jon Hernandezek —Ezker Anitza— parte hartu dute. Andoni Ortuzarrek, Joseba Aurrekoetxeak, Koldo Medavillak, Joseba Egibarrek eta Iñigo Iturratek ordezkatu dute alderdi jeltzalea bileran. Ordu eta erdiz bildu dira.

Batzartu ondoren hitz egin du Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak komunikabideen aurrean. Baikor mintzatu da: «lanean jarraitzeko aurrerabideak» daudela iritzi dio, eta posible ikusten du egungo legegintzaldia amaitu aurretik iristea estatutuaren eguneratzea. «Gure proposamena aurkeztu diogu EAJri, desberdinen artean eztabaidatua izan dadin, aldebakartasunaren eta 155. artikuluaren aurka dagoen euskal gizarte baten barruan».

«Euskal bidearen» alde egin du Martinezek autogobernua berritzeko. Gizartearen gehiengoa bilduko duen akordio «transbertsala» eta «plurala» nahi du, eta «eragile guztiekin» hitz egin behar da horretarako. «Izan ditzakegun elkarguneei eta desberdintasunei buruz hitz egin dugu; gizartearen gehiengoa ordezkatuko lukeen eta alderdi bakoitzeko boz emaileei huts egingo ez liokeen akordio onenari buruz».

Lurraldekotasunari dagokionez, gertu egon arren, distantzia handiagoa da politika ekonomikoari eta sozialari buruz eztabaidatzean. Hori adierazi zuen Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak orain dela bi aste, txostena aurkeztean, eta ez du kontrakorik esan orain.

EAJk ez du elkarrizketaren nondik norakoa zehazteko agerraldi publikorik egin, baina, alderdiko iturriek berri agentziei baieztatu diotenez, «eraikitzailea» izan da bilera, «elkargune posibleak» antzeman dituztelako. «Desadostasunen bat» ere identifikatu dute, baina ziurtatu dute «hitz egiten eta lanean» jarraituko dutela.

EH Bildu eta PSE hurrengoak

Elkarrizketaren bidetik jarraituko du Elkarrekin Podemosek. EH Bildurekin eta PSE-EErekin biltzeko asmoa du. «Akordiorako eta elkarrizketarako borondate berdinarekin». EH Bilduk orain dela bi aste adierazi zuen koalizioa «bidelagun» izateko gogoa zutela. Erabakitzeko eskubidea oinarri duen estatus berria elkarrekin adosteko deia egin zien Elkarrekin Podemosi eta EAJri. Bestalde, Espainiako Konstituzioa da PSE-EEren marra gorria. Horraino hitz egiteko prest daude sozialistak: «legezkotasunaren barruan» eta «konfrontazioa» saihestuta.

Irailaren 20an amaitu zen autogobernu lantaldean dauden alderdien agerraldi fasea. Helburua: estatus politikoari buruzko akordio bat izatea. Jarrerak, baina, ez daude gertu. EAJren eta Elkarrekin Podemosen «sintonia» ez dator bat gainontzeko alderdiekin. EH Bilduk ezinbestekotzat du erabakitzeko eskubidea jasotzea adostutako balizko testuak. PSE-EEk, berriz, ez du babestuko erabakitze eskubidea aitortzen duen proposamenik. Sozialistak eta EAJ gobernukideak diren aren, nork bere ikuspuntua defendatzeko askatasuna eman diote elkarri, gobernu akordioa baldintzatu gabe. PPk, lantaldeko kide izan arren, ez du ekarpenik egiteko borondaterik, ez baitu uste estatus politiko berri bat beharrezkoa denik.

Zuzenketa EH Bilduri

Eusko Legebiltzarrak Kataluniako Errepublika aitortzeko EH Bilduk egindako eskariaz ere hitz egin du Martinezek. Ez dator bat. Zuzenketa bat aurkeztuko dutela jakinarazi du Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak: «Ez da errepublika aitortzea edo ez aitortzea bakarrik, konplexuagoa da. Gure ustez, independentzia aldarrikapenak ez du beharrezko bermerik; urriaren 1ekoa, mobilizazio handia izan bazen ere, ez baita osteguneko adierazpena egiteko bezain legitimoa». Bat egin du alderdiaren ikuspuntu ofizialarekin: Kataluniako Parlamentuaren independentzia aldarrikapenaren kontra dago. Era berean, ez du babesten Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jartzea Espainiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.