Albistea entzun

Jurgi Ekiza. Willis Drummondeko kidea

«Atseden hartzea beharrezkoa zitzaigun taldeak bizirik irauteko»

Bakarkako lehen diskoa kaleratu eta aurkeztu ondoren, Willis Drummond taldearekin da berriz ere Jurgi Ekiza. Azaroaren 18an ikusiko du argia 'Tabula Rasa' taldearen lan berriak.
NORA ARBELBIDE LETE / BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Saioa Baleztena -

2016ko urriak 15

Irailean grabatu zuten disko berria Beran (Nafarroa), Iñigo Irazokiren Atala estudioan, eta aurrenekoz ekoizle baten babesa izanik. Azaroaren 19an Bartzelonako Razzmatazzen joko dute Begiz Begi taldearekin batera EH Sonaren egitarauaren barruan. Jurgi Ekiza (Baiona, 1980) taldeko abeslari eta gitarra jotzailea irrikaz da kantu berriak jendearekin partekatzeko.

Azaroaren 18an ikusiko du argia disko berriak. Zein izango da lanaren mamia?

Taldearen birsortze baten gisakoa da, eta saiatu gara esperientzia berria ere izatea, gauzatzeko maneran batez ere. Lehen aldiz ekoizle batekin lan egin dugu, Burke Reidekin, bertzeak bertze, prozesuan kanpoko begirada, edo, hobeto erranda, belarri bat sartzeko asmoz, eta, batez ere, orain arte egin ez genuena egiteko... 11 track izango ditu… Tira, ez dira denak kantuak izango…

Duela hainbat hilabete atsedena hartzea erabaki zenuten, zerbait galdu zenutelako. Atsedenaldiak zein eragin izan du taldean?

Denborarekin ikusita, atseden hartzea beharrezkoa zitzaigun taldeak bizirik irauteko... Ondorioa, beraz, taldeari iraunaraztea izan dela erran genezake. Ez da gutxi! Izan ere, une batean ginen non, funtzionatzeko manera aldatu gabe, ezingo genuen luzez jarraitu. Beharrezkoa zen taldekide bakoitzak jakitea zertan zen, indartsuago elkartzeko berriz.

Zein Willis Drummond topatuko dute zuen jarraitzaileek azaroaren 18tik aurrera?

Barnetik ikustea zaila da. Bere legealdian egiten zuena baloratzeko eskatzen ziotenean, Sankara kapitainak erraten zuen Burkina Fason erran zahar batek ziola: «Dantzariari ezin zaio galdegin nola dantzatzen duen». Beti bezala, eta Burken konplizitatearekin gainera, saiatu gara kantuak anitz lantzen, baina freskotasunari eta zintzotasunari lehentasuna emanez. Hala ere, erraten ahal dugu zarata eta akopleak maite dituenak gozatuko duela.

Noizbait aitortu izan duzu bakarkako lehen diskoarekin ikasi zenuela Williseko kantari ez izaten. Baina, zuretzat, zenbaterainoko garrantzia du taldearen itzulerak?

Denbora isurtzen da, eta bizitzak moldatzen zaitu egunez egun. Eta ez dut gibelerat begiratzeko usaiarik. Gaur erraten ahal dudana da kitzikatze handiarekin ikusten dudala irekitzen den aro berri hau, izugarri gogotsu baikaude kanta berriak jendearekin partekatzeko.

Diskoa atera eta hurrengo egunean EH Sona jaialdian parte hartuko duzue. Zer esan nahi du emanaldi zehatz horrek zuentzat?

Erran dezagun agenda biziki ontsa datorkigula. Beti gustatu zaigu Euskal Herritik kanpo ere jotzea, eta hor aukera polita dugu. Lehen aldikotz joko dugu disko berria jaialdian; beraz, une berezia izanen da ziur. Bakarka ere jarraitzeko astia aurkituko duzu?

Ez dut erabaki argirik hartu oraingoz. Dudarik gabe lehentasuna emanen diot Willis Drummondi azaro erditik goiti, baina ez dakit luzez aguantatuko dudan aurten ezagutu dudan bakarrik jotzearen sentsazio eder eta indartsu hori bizitu gabe. Hein batean, nahiago nuke denborarik ez izatea bakarrik jotzeko, seinale ona bailitzateke taldearentzat!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Oraindik ez naiz igandeko zurrunbilotik guztiz atera»

Miren Mujika Telleria

Joanes Illarregi izan zen nagusi Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketan. Eta, hain zuzen ere, garaipen horrek berak eman dio finalaurrekoetarako aukera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...