Noizko memoria integral bat, justuagoa?

2017ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Irakurri berri dut Jaurlaritzak 1960-1978 bitarteko abusu polizialen biktimei buruz aurkezturiko liburua, Ahanzturatik Ateratzen. Ikerketa Taldeak 107/2012 Dekretuaren mandatua betez ateratako ondorioak dira. Azalduriko 239 kasu ikertu dituzte, soilik 187 biktima gisa baieztatuz. Garai horretako errepresio frankista kontuan izanik, kopuru eskasa deritzogu, baina Estatuak eragindako terrorismoa egiaztatzen du, nahiz eta dekretuak «abusu polizialak» deitu. Bada zerbait! Hala ere, Espainiako Gobernuak helegitea jarri dio.

Emaitzaren aurrean, dekretuaren sorreratik eginiko kritika batzuk datozkit gogora. EAJk nahiago izan zuen Patxi Lopezek agindu zuen proiektua erreferentziatzat hartu, frankismoa saihesten zuelako, Ibarretxeren hiruko Gobernuak adostu zuen Biktima Legea baino, nahiz eta azken hori zabalagoa izan. Ez dut ulertzen jelkideek zergatik ahaztu dituzten lege horren emaitzak Lakuako kutxaren batean gorderik, Zapateroren Memoria Historikoaren Legea bezala, 1936ko frankismotik abiatzen da.

Bake eta Elkarbizitzarako Proiektu batek ezin dio basakeriaren historiari mugarik jarri, 1960tik abiatuz, oraindik gizarteak saminez bizirik dituen oroimenak zapuztuz. Frankismoa gauza bakarra da bere osotasunean, gerraren sorreratik diktadorea hil eta oker deituriko Trantsizioarekin amaitu arte. Konstituzioa bera frankismoaz kutsaturik dago.

Egia da Gogora eta Aranzadiren bitartez ari dela Jaurlaritza gorpuak hobietatik ateratzeko antolatzen, DNA bankua diruz laguntzen, eta abar. Baina, kontraesanezko, Bake eta Elkarbizitzaren aldeko Proiektuek ez dituzte aipatzen gerrako altxamendua eta diktaduraren 40 urteak; hain zuzen, ahanzturatik ateratzea beharrezkoenak direnak. Horregatik, Ahanzturatik Ateratzen izenburuak ez dio egia osoa. Dekretuaren premisek garrantzia dute. Ez dira lapsus bat. PSErengandik datorrela, bere xedea dute: terrorismoaren kalifikazioa soilik ETAren biktimentzat gordetzea, frankismoa hortik libratuz. Nahi ala ez, halako dekretuek errelatoa desitxuratzen dute.

Onarturiko 187 biktimek icebergaren punta baino ez dira. Badira herriak kopuru hori eman dezaketenak. Aranzadi Fundazioak 5.000 torturatu zenbatu ditu; liburuan, 72 agertzen dira. Ikerlanaren egileek ez dute gutxi gorabeherako kopururik aurreratu nahi izan. Urritasun hori baliteke deiaren oihartzun eskasarengatik izatea. Ibarretxek Euskalduna Jauregira deitu zuen. Epetik at agertu diren hogei lagunak jasoko al dituzte besterik gabe…

Dekretuak badu beste hutsune handi bat: kartzelei eta epaiei buruzko isiltasuna,Sumarisimo militarrenak ala Ordena Publikoaren Epaitegienak. Errepresioaren atal hori isiltzeak neurri handian murrizten du biktimen kopurua. Egia eta justizia faltsutzen ditu. Giza eskubideak ez dituzte urratzen soilik hilketek, odol isuriek edo lesio fisikoek, baita askatasun ezak eta atxiloketek ere.

Kartzela izan da edozein arotan frankismoaren errepresio-bide nagusietako bat. Batez ere, azken frankismoan, belaunaldi borrokalari oso batek kartzelarekin ordaindu baitzuen bere erresistentzia. Zenbat milaka gazte? Zenbat urte denera? Nola kalifikatu Diktaduraren epaitegiak? Memoria Lege duin batek printzipioz deuseztatu behar lituzke epaiketa horiek. Baina, dekretuak ez ditu kontuan izan, hainbeste bizitza hondatu zituzten arren. Erreparaziorako diru eskasia ote arrazoia, Ibarretxeren proiektuan murrizketak sortu zituen antzera?

Balantzearekin batera, aurrekoaren ildo berberetik, proiektu berri bat aurkeztu dute datorren urterako, 1979tik 1999 bitarteko biktimentzat. Lehenenik eta behin, ez da ulertzen zergatik zatitu behar den historia, hestebeteen modura. 2000tik 2017 arteko eskubideen urraketak zeri itxaron behar diote? Garai horretan erruz erabili zuten «Dena da ETA» doktrina, kartzelako hainbat behin-behineko zigor ezarriz, horietako asko gerora ezerezean geldituko zirenak. Egunkariako zuzendarien kasua edo Bateragune kasuko hamar ordezkarien atxiloketak, Otegi eta Rafa Diez tartean, eta beste dozenaka abertzalerenak aipatu ditzakegu. Zer esan Cabacas gaztearen hilketaz? Noiz?

Dekretu berriak isiltasuna dakar berriro kartzelari buruz. Eskubideen urraketa gisa hartzen ditu hilketak, odol isurtzeak edo lesioak, baina ez ditu izendatzen epaitegien abusuak. Hemen bai, ulertzen dut isiltasunaren zergatia: Nola aitortu demokraziakoren Justiziaren epaiak «abusu judizialak» direnik? Zein lasai epaituko dituen Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazteak terrorista bailiran!

Egun, euskal agendan dago espetxe politikaren arazoa; ez, ordea, Estatukoan. Giza eskubideak urratzen direnean, salaketak behar luke lehentasuna, eskumen transferentzien eskarien gainetik. Hemen ez da errespetatzen botere banaketa eta gorrotoan oinarrituriko salbuespen politikak ezarri dizkigute; hots, presoen sakabanatzea, preso gaixoen kontrako ankerkeria, Parot doktrina, eta abar. Hainbeste gauza daude zuzentzeko, ezingo baita aurrera egin Gobernuan aldaketa sakonik ematen ez bada. Horixe da, ezinbestean bideratu behar genukeena eta Memoria Historiko Lege integral bat posible egin dezakeena, giza eskubideetan oinarrituta, zatikako dekretu alderdikoien ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.