'People have the power'

2016ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urteak ikasturteen arabera neurtzen ditugunentzat, hauteskunde urtea izan da amaitu berri dugun kurtsoa. «Ezkur urte elur urte», dio euskal esaera zaharrak, hauteskunde urte hauteskunde gehiago asmatuko nuke nik. Espainiako Gorteetarako bozakbirritan «ospatu» ondoren —hirugarren bat heldu daiteke—, badirudi Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin hasiera emango diogula ikasturte berriari, irailaren 25ean izango baitira.Urkullu lehendakariak hiru argudio erabili ditu hauteskundeak aurreratzeko: gobernuaren programa bete duela, Espainiako testuinguru politikoaren ezegonkortasuna eta Eusko Legebiltzarreko jarduna amaitu dela.Horregatik, lehendakariak esan du irailaren 25a dela data «egokiena herriaren interesentzat».

Ez daude harekin ados hauteskundeetan parte hartuko duten beste alderdiak. Kritika gogorrak jaso ditu lehendakariak: «arduragabekeria», «abuztuko opor atarian erkidegoko hauteskunde batzuetara deitzea ezohikoa da», «EAJ alderdiaren interesen arabera» jokatu izana, salatu dute, besteak beste. Jaurlaritzako bozeramaileak, Josu Erkorekak adierazi badu ere «teknikoki» ez dela hauteskunde aurrerapen bat, urriaren 23a iradokitzen zuten data posiblea, ezin dugu ahaztu hauteskunde aurrerapenak lehendakarigai gabe harrapatu zituela hiru alderdi: Podemos, PP eta Cuidadanos. EAEn orain arte babes handiena duten hiru alderdiek, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk, berriz, aspaldi aukeratu zituzten hautagaiak, baina EH Bilduk zerrendak osatzeko aurreikusita zeukan prozedura bertan behera utzi behar izan du. Beren hitzetan, hauteskundeak aurreratu direnez, prozesu guztia egiteko denborarik ez daukate.

Beraz, irailaren 9ko gauerdian hasiko da hauteskunde kanpaina, baina abuztutik haren eragina sentituko dugu. Alderdiek abuztuaren 17 eta 22ko epe bitartean zerrendak hauteskunde-batzordeetan aurkeztu behar dituzte. Ondoren, inpugnazio posibleak edota irregulartasunak aztertuko dira, eta, azkenik, hautagaitzak abuztuaren 29an ofizialki izendatuko dira. Baina Covitek, Terrorismoaren biktimen kolektiboaren deia erantzunez, PPk, UPDk eta Ciudadanosek Otegiren hautagaitza inpugnatuko dutela adierazi dute. Auzitegi Gorenak 2021eko otsailaren 28ra arte luzatu zion inhabilitazioa Arnaldo Otegiri. Nahiz eta Iker Casanovaren kasua aurrekari bat izan —inhabilitatua egonik ez du arazorik eduki Eusko Legebiltzarrean parlamentari gisa aritzeko— Espainiako Konstituzio Auzitegiak azkeneko erabakia hartzeko aukera du, eta posiblea da ia hauteskunde-kanpainaren hasieran ebaztea.

Otegiren hautagaitzak aurrera jarraitzen badu, Elkarrekin Ahal Dugu-ko Pili Zabala, PSE-EE ko Idoia Mendia, EAJko Iñigo Urkullu, PPko Afonso Alonso etaCuidadanoseko Nicolas de Miguelekinlehiatuko da. Errepikatzen duen bakarra Iñigo Urkullu da, 2012ko hauteskundeetan EAJko hautagaia izan zelarik. Bi bizkaitar, bi gipuzkoar eta arabar bakarra, 48 eta 58 urteen arteko adinekin. Gazteena Elkarrekin Ahal dugu (Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo) koalizioaren hautagai den Pili Zabala da, eta lehenengo aldiz Eusko Legebiltzarreko bozetara aurkezten den Podemos alderdiko hautagaia da. GALek eraildako Joxi Zabalaren arrebak egindako adierazpenetan argi eta garbi zabaldu duen mezua «politika gizartiartu» behar dela izan da, bera horretarako aurkezten dela azalduz. Nola egingo duen beste kontu bat litzateke.

Baina badirudi lan hori egiteko oposizioan egon beharko dela. Orain arte egin diren galdeketei erreparatzen badiogu, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak. Gizakierrek egindako azken galdeketaren arabera, ekaineko datuak kontuan dituena, EAJk 27 legebiltzarkideei eutsiko lieke;bigarren lekuan EH Bildu izango litzateke, 17 ordezkarirekin; eta hirugarrena, Elkarrekin Ahal Dugu. Koalizio horrek 14 diputatu lortuko lituzke. PSE-EEk botoak eta legebiltzarkideen erdiak galduko lituzke, eta, ondorioz, zortzi parlamentari izango lituzkete. PPk zortzi ordezkari bereganatuko lituzke, egun baino bi gutxiago, eta, azkenik, UPyD. Eusko Legebiltzarretik desagertu egingo litzateke; Ciudadanosek hartuko luke haren lekua (botoen % 2,7 eta parlamentari bat izango lituzke).

Gakoa berriz ere itunen jokoan egongo da. EAJk orain arte PSE-EEren laguntzarekin gobernatu du, eta ez bakarrik Jaurlaritzan, udalerritan eta foru aldundietan ere bai. Baina, galdeketen azkenengo emaitzak kontuan edukita, ezingo dio gehiengoari heldu PSE-EEren laguntza soilarekin. Eta paktuen jokoan, PPk Eusko Legebiltzarrean eduki ez duen protagonismoa irabaz dezake, EAJ eta PSE-EE ituna babestuz. Ezinezkoa dirudi EAJk PPren kontra daukan diskurtsoa entzun ondoren, baina gogoratu behar dugu Mariano Rajoyren alderdiak idazkaritza bat laga diela jeltzaleei PPk, PSOEk eta EAJk osatuko duten Senatuko Mahaian, jeltzaleek eta Alderdi Popularrak akordioa lortu ondoren. Gainera, EAJk talde propioa izango du Senatuan, PPrekin lortutako adostasun bati esker. Jeltzaleen arabera, ez da akordiorik izan PP eta EAJren artean; PPren «kortesiazko ekintza» izan da «ezeren truke». Baina PPko Alfonso Alonso lehendakarigaiak EAJ «oroit dadila» espero duela adierazi du.

EAJk, EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu koalizioekin akordioak lor ditzake? Ortuzarren adierazpenak kontuan edukita, badirudi horretarako intentziorik ez daukatela. Alderdiak zehazki aipatu barik, San Ignazio egunean, «itsaslaminen kantuaz» ohartarazi zuen EBBko buruak eta abenturazaleen kontra agertu zen: «Abenturek koste bat dute, koste garestia,azkenean hiritargoak ordaindu beharko duena». Bere diskurtsoan Mariano Rajoyk hauteskunde kanpainan erabilitakoaren antzekotasunak agerikoak dira,abenturetatik eta esperimentuetatik ihes egitea, hain zuzen.

Dena den, BERRIAk gogoratzen digun moduan, azkenaldian izan diren boz edo galdeketetako inkestak eta emaitzak ez dira maiz bat etorri. Beraz, iraileko hauteskundeetan galdeketen emaitzak irailaren 25ean bozka dezaketen 1.778.776 gizon eta emakumeen esku egongo dira, eta horietako ia 64.000k lehenengo aldiz bozkatu ahal izango dute. Patti Smith abeslariarenhitzak errepikatuz, people have the power.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.