Blokeatuta segitzen du negoziazio kolektiboak, itunetik sei hilabetera

Tomas Arrieta LHK-ko presidenteak ohartarazi du egoera «txarrak» bere horretan jarraitzen duela. Soldata txikienak dituzten hamar itunetatik bederatzitan emakumeak dira langile gehienak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
«Blokeatuta jarraitzen dugu». Sei hilabete pasatu dira Confebask patronalak eta lau sindikatu nagusiek euskal itunak babesteko sektore arteko ituna sinatu zutenetik. Tomas Arrieta LHK Lan Harremanen Kontseiluko presidenteak ez du, oraingoz, aldaketa handirik sumatu. «Egoera txarra da», haren hitzetan.

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin zuen atzo Arrietak, Elkarrekin Podemosek eskatuta. Berez, helburua zen erakundeak egoera soziolaboralari buruz egindako azken azterketaren emaitzak azaltzea, baina LHK-ko buruak aukera baliatu zuen bere iritzia plazaratzeko negoziazio kolektiboan dauden arazoen inguruan, taldeek eskatuta.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaur egun hamar langiletik hiruk soilik dituzte hitzarmenak eguneratuta eta indarrean. Arrietaren ustez, «arazoaren muina» da sektoreko itunen falta. Langile gehienak zerbitzuetan ari dira, eta oso enpresa txikiak dira. «Askok legez ezingo lukete itunik egin. Prekarizazio arrisku handia dugu», ohartarazi zuen.

Patronalak eta sindikatuek sinatu zuten akordioari garrantzi handia aitortu dio, ordea. Denek bat egitea esparru propio baten aldeko apustuan balio handikoa dela uste du, baina ez zaio aski iruditzen. «Ez gara sartu garen zulotik aterako sortu dugun ibilgailua ez bada martxan jartzen», haren hitzetan.

Hitz egin, hitz egiten da. Gizarte eragileen arteko elkarrizketak ez dira eten, arazoak arazo. Batzorde batzuk sortuta daude LHKren barruan eta eztabaidatzen ari da, baina prozesu korapilatsuak izaten ari dira, eta, batez ere, luzeak. «Itun bat sinatu arteko negoziazio epeak bikoiztu dira», jakinarazi zuen Arrietak. Neurri bateraino, lan erreformaren ondorioetako bat da, haren aburuz. «Desorekatu du jokalekua, eta akordioak zaildu». Sektore arteko akordiorik gabe, egoera are txarragoa zitekeela ere azpimarratu zuen: «Itunik gabe, ez ginateke ezta norabide egokian ere egongo».

Generoa aztergai

Urteko lehen hiruhilekoari buruzko azterketan genero ikuspuntu batetik begiratu zion, lehen aldiz, LHK-k negoziazio kolektiboari. Ondorio nagusia izan da lan itun baten estaldurarik ez duten lau langiletik hiru direla emakumeak. Emaitzetan sakondu zuen Arrietak legebiltzarrean, eta azterketan agertzen ez ziren datu berri batzuk jakinarazi zituen.

Hain zuzen ere, ordain txikienak dituzten lan itunak aztertu ditu kontseiluak, eta gizon-emakumeen arabera nolako banaketa duten. Urteko soldatak hartuta, soldata eskasenak dituzten hamar itunetatik bederatzitan emakumeak dira langileen %75 edo gehiago. Lanaldien iraupenak izan dezakeen efektua ezabatzeko, orduko ordaina ere aztertu dute. Oso antzekoa da emaitza: hamar itunetatik zortzitan dira emakumeak gehiengo osoa, alde handiz.

Itun bakoitzean maila altuenak duen soldatari erreparatu diote. «Azpiko mailetan ez dago hainbesteko alderik», argudiatu zuen Arrietak. Etxeko langileen artean «prekaritate poltsa erraldoia» dagoela ere azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.