Zergatik ez duzu bozkatzen?

2016ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Hanna Arendt filosofo politikoaren esanetan, «ezin da inor zoriontsutzat jo gai publikoetan parte hartzen ez badu». Partaidetza hori multidimentsionala da; hots, gai publikoetan parte hartzeko era asko daude, baina, demokrazia sistema politikotzat ulertzen badugu, partaidetza politikoa bere oinarrizko elementua litzateke. Eta zer da partaidetza politikoa? Hainbat ekintza mota biltzen dituen fenomenoa, alegia. McClosky adituaren arabera, agintarien hautaketan eta, zuzenean edo zeharka, gobernuaren politikaren osaeran parte hartzen duten gizarte bateko kideen borondatezko jarduerak dira ekintza horiek. Autore batzuk, aldiz, ez daude ados definizio horrekin. Markel Ormazabal soziologoaren esanetan, bozkatzea inportantea izanda ere, ez da benetako ekintza politikoa. Ekintza politikoak espazio eta denbora propioa sortzen du, merkatuaren eta estatuaren instituzioez aparte; herritarrek erabakitzen dutenean non, noiz eta zer egin, Ormazabalen ustez, ekintza politikoa gauzatzen dute. Ikuspuntu horren arabera, hausteskundeetan parte hartzea «ekintza estatala» litzateke.

Guretzat mendebaldeko demokrazietan herritarrek hauteskundeetan bozkatzea gai publikoetan parte hartzeko ekintza politiko mota bat da, ekintza politiko zabalduena, borondatezko jarduera horien baitan ulertzen dugulako. «Ekintza estatala», aldiz, bozkatzea derrigorrezkoa den herrialdeetan gauzatuko da, mundu mailan hainbat herrialdetan ematen den fenomenoa delarik. Ia Latinoamerika osoan, adibidez, hala gertatzen da, eta Europako bost herrialde hauetan ere bai: Belgika,Zipre,Grezia, Italia eta Luxenburgon. Lurralde horietan ez bozkatzeak diru zigorra suposatzen du, isun ekonomikoak gehienetan. Luxenburgon mila euroko isuna ordaindu beharko du berrerorle denak. Baina badira zigor administratiboak ere, Brasilen eta Perun, adibidez. Belgikan hamabost urtean lau aldiz ez baduzu bozkatu, erroldatik kanporatua izan zaitezke hamar urtez, eta denboraldi horretan ezingo duzu kargu publikorik eduki. Uruguain abstenitzeak ondorio gogorrak ditu; besteak beste, unibertsitatean edo administrazio publikoan sartzeko aukera galtzen duzu.

Gurean borondatezkoa izanik, Eusko Legebiltzarrerako bederatzi hauteskundeak aintzat hartuta abstentzioa %33,1ekoa izan da batez beste. Abstentzio handiena 1994an izan zen (%40,3) eta txikiena, 2001ean, (%21). Azken Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan boto-eskubidea zuten hiru lagunetik batek ez zuen bozkatu, abstentzioa %36koa izan zelarik. Beraz, Eusko Legebiltzarrak botorako eskubidea duten pertsonen % 100en portaera jasoko balu, 75 aulkietatik gutxi gorabehera 25-27 aulki hutsik egongo lirateke. EAEn abstentzioa alderdi bat balitz, beste edozeinek baino babes gehiago izango luke boto emaileen %30-%40k ez dutelako inoiz bozik ematen. Nagusi den «alderdi» horren hautesleak nortzuk dira?

Aztiker ikerguneak egindako lanari esker, badakigu euskararen ezagutzarik ez duten pertsonak direla irailaren 25ean bozkatuko ez duten gehienak. Uztailean publikatutako euskal soziometroaren datuek agerian utzi dute abstentzioaren alde egingo dutenen %40,5ek euskara ez dutela batere ezagutzen, %27,3k, berriz, hitz batzuen ezagutza dutela eta %11,7k zerbait dakitela. Elebakar erdaldunak dira gehienak, eta badirudi PSOE-EEk euskararen inguruan egindako bideoak zerikusia eduki dezakeela horrekin; Blanca Urgellen hitzak erabiliz, «elebakarren biktimismoa hauspotu» dutelako hauteskunde kanpainian. Eta zergatik ez dute bozkatzen? EAEn gai honen inguruan egin diren ikerketetan, abstentzionisten artean hiru portaera nagusi identifikatu dira. Lehenengo jarrera gogogabeziarekin lotuta dago, politikarekiko ezaxolarekin. «Ez du ezertarako balio» izango litzateke talde horrek erabiltzen duen esaldia, «hauteskundeak antzerki hutsa dira», baina errealitatea sortzen duten fikzioak dira, gustatzen ez bazaigu ere.

Bestelako jarrera abstentzionistak frustazioarekin dauka zerikusia; boto emaileak ez dauka hautatzeko aukerarik, bere boza ezin du erabili, aurkezten diren hautagaietan ez duelako bere burua ordezkatuta sentitzen. Jarrera horrek azken euskal soziometroak adierazi duen datu esanguratsu batekin dauka zerikusia. Herritarrek instituzioekiko daukaten konfiantza aztertzerakoan alderdi politikoak azken aurreko postuan daude, herritarren %17k bakarrik alderdi politikoekiko konfiantza adierazi baitute. «Aulki zuriak» alderdia horren adierazle izan daiteke, bere botoa aulki hutsak bihurtuz sistema aldatzea bilatzen duen «ez-ordezkatuen» herritar taldea. Azkenik, fenomeno abstentzionistan agertzen den hirugarren portaera, abstentzio eraginkor eta kontzientearen aldeko jarrera litzateke. Protesta botoa, haserrea adierazteko modua, «ez nago konforme» oihukatzeko era. Abstentzioa botoa ez emanez botoa ematea lelopean gertatzen da. EAEn konstituzioaren galdeketan gertatu zena izan daiteke adibidea. Guztira, 1.552.737 hauteslek bozkatu zezaketen, eta bakarrik 693.310ek bozkatu zuten, abstentzioa %54,49koa izan zelarik.

Abstentzioaren fenomenoa azken urteotan eman den aldaketaren baitan koka dezakegu; bozkatzea betebehar soziala izatetik, abstentzioa eskubide izatera pasatu izana, alegia. Abstentzioa hauteskundeetan parte hartzeko beste era bat bilakatu da, protesta egiteko modua, hauteskunde sistemari eta demokrazia ordezkatzaileari kritika egiteko jarrera, eskaintza politikoa zalantzan jartzeko aukera. Dena den, joera hauen oinarrian gaur egun bizi dugun logika merkantilista aurki dezakegu, funtsean politikarekiko hiritarren portaera kontsumista agertzen delako,input-output eskema, boto-emaitzan oinarritzen den eskema. «Horretarako bozkatzen zaituztegu». Ordezkaritza absolutuko prozesu honek politikarien esku, eta bakarrik beraien esku, uzten du arazoen konponketa. Baina Hanna Arendtek gogoratzen digun moduan, «inor ez da ez aske ez zoriontsu izango inolako botererik izan gabe, alegia, botere publikoan parte hartu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.