Errebalidak eta gezurrak

2016ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Ebaluazioa egoera bat ondo ezagutzeko erabiltzen diren tresnetariko bat da; gainera, eguneroko lanean oinarritutako ebaluazio jarraitua bada, askoz hobea izango da. Ondoren, zertan asmatu den eta zertan ez aztertu, behar diren hobekuntzak egin eta eguneroko praktikari aplikatu behar zaizkio. Teorian argi ikusten dena, ostera, praktikan ez da hain erraza. Zein da, bada, auziaren mamia? Ebaluazioaren helburua, hain zuzen.

Hau dugu Eusko Jaurlaritzaren (EJ) lehen gezurra, ez baita egia helburua pertsonak direla, kostua baizik. Hezkuntza Saila (HS) ez da inoiz irakasleongana etorri, zer iritzi dugun jakitera, zer-nolako beharrak eta kezkak ditugun ezagutzera, giza baliabideak edo baliabide materialak eskaintzera. HSrentzat ikasleak eta irakasleak XX/1 ratioa eta hainbat euroko kostua, besterik ez gara. Zenbaki gisa tratatzen gaituzte, ez gara pertsonak.

Hariari lotuz, PISA, Ebaluazio diagnostikoa eta errebalidak gurasoekin eta irakasleokin hitz egin gabe ezarri diren aparteko probak dira. Eskolan haur bati argazkia ateratzeko edota txango batera eramateko irakasleok gurasoei baimena eskatu behar diegu, baina HSk ez die gurasoei baimena eskatu behar haien seme/alaba sailkatuko duen aparteko proba bat egiteko. Ez gurasoek, ez irakasleok ez ditugu proba horietan erabiliko diren irizpide hezigarri eta pedagogikoak ezagutzen.

PISA txostena Ekonomia Lankidetza Garapenerako Antolakundeak egindako ebaluazio ezaguna dugu. Antolakunde honen helburua hazkunde ekonomikoa eta munduko merkataritza hedatzea da. Ebaluazioa munduko hainbat herrialdetan 15 urteko gaztetxoei egiten zaie, herrialde pobreetan herrialde garatuetan baino emaitza kaxkarragoak ateratzen dituztela ondorioztatzeko. Azken batez, ekonomiaz arduratzen den erakunde batek ebaluazio honen helburuak jarri ditu.

Duela urte batzuk, Lehen Hezkuntzako 4. mailan eta DBHko 2. mailan Ebaluazio diagnostikoa ezarri zen, ikastetxeen maila eta eraginkortasuna ezagutzearren. Hau ere gezur handia da. Batetik, ikastetxearen kanpotik ekarritako azterketa eta pertsonak erabili dira, denontzat berdina izan behar delako aitzakia erabiliz, ikastetxean bertan ematen diren gaiak, metodologia eta irakasleen iritzia kontuan hartu gabe eta haren autonomiari muzin eginez. Bestetik, emaitzak ikastetxeei soilik banatuko zitzaizkiela zioten, baina gero Vocento taldearen egunkarietan ikastetxe publiko eta pribatuen arteko aldeak argitaratu dira, beti ere pribatuen mesederako. Azkenik, ebaluazio horren ondorioak hauek izan dira: a) Emaitzak hobetzea bertako irakasleen esku geratu da, ikastetxeak ez baititu jaso hobetzeko behar dituen giza baliabiderik zein materialik; b) Ikastetxe askotan, irakasleek 4. mailan ebaluazio-azterketari begira lanean aritzeari ekin diote, azterketaren gainditzea benetako helburu bihurtuz.

Orain, LOMCE legeak eta Heziberri 2020 planak Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako ikasleei errebalida egin behar zaiela ezartzen dute. Horretan ere gezurra nagusi. Auzi honetaz C. Uriartek dioena ere gezurra da, Hezibberri ez baitator LOMCEri aurre egitera (hori desobedientzia litzateke). Sailburuak azaldu beharko luke zergatik erantsi dizkion bi errebalida 4. mailako Ebaluazio diagnostikoari, azkenean hiru aparteko ebaluazio egin beharko baitituzte ikasleek. Argi dago, LOMCEk agintzen duelako; gainera jakin badaki, autonomia baten plan batek ezin duela inola ere lege organiko bat desobeditu. EJren jarrera zuritzeko, maltzurki, Europako Kontseiluaren helburuak aipatzen ditu, baina ez du esaten Kontseilu horrek ez duela haren Basque Country ezagutzen eta hark esaten duen guztia Espainiari dagokiola.

Helburua ez da, beraz, ikastetxearen edo ikasleen ebaluazioa egitea, gero hobekuntza planetan behar den inbertsio ekonomikoa egiteko. Hainbeste ebaluazio egin arren, Hezkuntzan egindako murrizketak itzelak izan direla ikusteko aukera izan dugu. Helburua hezkuntza sistemaren alderdi ezberdinen (curriculuma, helburuak, irakasleak...) gaineko kontrola ezartzea da, dena goitik behera telegidatu ahal izateko. Horregatik EJri ez zaio ikastetxeen eta irakasleon autonomia batere gustatzen. Estatu Batuetako eta Europako enpresek eta multinazionalek ezartzen duten ildoan, EJk helburu garbia du, hezkuntzaren kontrola eta pribatizazioa. Hauxe da hainbeste ebaluazioren benetako zergatia.

Azken urteetan hezkuntza komunitatea (guraso, ikasle eta irakasleok) autonomia eta erabakitzeko eskumenak galtzen ari gara. Kanpotik datozkigun ebaluazioak, betebeharreko helburuak, notak jartzeko programak, legez ezarritako curriculumeko testuak... EJ hezkuntza arloan zegoen askatasuna murrizteko erabiltzen ari den bitartekoak dira. Darabiltzaten hitz polit horiek guztiak hezkidetza, agenda 21, bizikidetza, aniztasuna, askatasuna... iruzur hutsa dira ezarri nahi diguten hezkuntza sisteman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.