Justiziak berriz ere frankismoaren biktimak kolpatu ditu

2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Espainiar gobernuak ez ditu frankismoarenak biktimen artean sartzen, adibidez, Gasteizen inauguratu berri den Memoriaren Zentroan. Alderantziz, saiatzen ari da hori ahal duen guzietan isilarazten eta oztopatzen. Plazaratu bezain pronto, errekurtsoa sartu zion poliziaren gehiegikeriak jasandako biktimak laguntzearen alde euskal gobernuak 2013ko urrian eraberritutako Dekretuari.

Proiektuari ez diola eman flotazio marran? Lan-metodologia ahula eta baliogabea salatzen dion neurrian, nire ustez, errekurtsoaren intentzioa proiektua hondoratzea da, tresnarik gabe laga nahi baitu bere funtsa bete ahal izateko, hau da, orain 30 edo 40 urte gertaturiko hilketak eta torturak frogatzea. Beste kontu bat da frankismoaren biktimak ez daudela amore emateko eta Jaurlaritzak berak tinko eutsiko diola haien defentsari. Areago oraindik, bere aldetik lege berri bat ateratzeko asmoa agertu du. Poztuko gintuzke aurrekoan isildutako atxiloketen atala ere bereganatuko balu lege horrek, diktadurako errepresio bide nagusia izan baitzen kartzela, atxilotuen kopuruari begiratzen bazaio.

Oraindino harrigarriagoa zera da, EAEko Auzitegi Nagusiak Estatuko abokatutzaren errekurtsoari apirilean arrazoia ematea, nahiz eta sendiei emaniko diru-laguntzak kendu ez eta ikastegietara azaltzea ez debekatu. Proiektuari akatsak asmatu beharrean —ez omen dituelako exijitzen beharrezko froga medikoak—, zergatikEAEko Auzitegi Nagusiak berak ez ditu kasuak ahanzturatik mahaira atera eta aztertzen? Adibidez, zeinen eskuetan izan zen torturatua, pozoitua eta eraila Frantzisko Javier Nuñez bilbotar biztanlea, hartutako jipoiagatik Polizia Nazionalari epaitegian salaketa jartzetik irteterakoan? Ez daukazue urrutira joan beharrik errudunak topatzeko; bertan da Indautxuko komisaria.

Zeini itxaron behar dio Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak azterketak bideratzen hasteko hain gertuko hilketa horri eta Bizkaian gertatutako antzeko beste askori buruz hain zuzen 1977ko maiatzean? Buenos Airesetik Maria Servinik exortoa jarri zain? Horietako bost kasu kereilara eraman berri ditu Goldatuk otsailaren 27an. Fiskal jaunarekin jarraituz, beste ohar bat egin nahi nioke: zein baldar saihestu nahi izan duen Euskal Plataformak zuzendutako eskaria, exijitu dionean laguntzekosinbologia frankista hirietan erabat kentzen, agindua dagoen lez. Izan ditzazula ikusmena eta beste zentzuak ere onik, erretiratze hori martxan dagoela baieztatu aurretik, aitortu duzun lez. Badoala? Zelako martxan, ordea? Ez dugu guk hala ikusten?

Nahiz eta izen eufemistikoenaz estali, poliziaren gehiegikeriaren biktimak, alegia, Madrilek berauez ez du ezer jakin nahi, erregimenaren makineria odoltsuaren indar errepresiboek eraginak izan direlako, hau da, Guardia Zibila, Polizia Nazionala, Brigada Politiko Soziala —hain trebatuak kaleko ekintzetan tiroz erailtzen (Euskadin zortzi aste batean eta 25 Estatuan bi urtetan, 1976-77)—, epaitegien aldetik inpunitate osoaz. Hori guztia, kuartel eta komisarietako torturak aipatu gabe.

Argentinako kereilatik datozkion errekisitoriei —joan den azarotik 19 inputatu daude— espainiar epaitegiek bizkarra erakusten diete (esaera zantarragoa ez erabiltzeagatik), justizia unibertsalaren alde diharduen Nazioarteko Epaitegiak ahoa bete hortz lagata. Ezin dut ulertu nola horiek ez duten halako mespretxuaren aurrean moraltasuna beste argudio gogorrago erabiltzeko modurik.

Erakunde politiko denek, udal eta aldundietatik hasita, Euskal Legebiltzarreraino, antzera Estatuan ere, Argentinar Kereila onetsi dute. Baina PPren gobernuak sudurrak garbitzen ditu haren errogatibekin eta nazioarteko instantzien gomendioekin, berdin NBErenak, Amnesty Internationalenak edo Estrasburgorenak izan. Rodolfo Martin Villa eta Utrera Molina inputatuek inpunitatea dute, nahiz eta badaezpada ezin atzerriratu eta kriminal moduan lotsagarri agertu prentsan eta sare sozialetan.

Kereila ugari altxatu ditugu Argentinar Kereilara, 70 bat Euskaditik eta 300dik gora Estatutik. Orain urte eta erdi, haietako dozena bat kasu Madrilgo Kontsulatutik bideokonferentziaz despatxatu ahal izan genituen. Orain berriro erabili nahi izan dugunean bide hori, ezin izan dugu burutu, hiru bider datak aldatu eta sendiak molestatu arren. Zein esku ari da saboteatzen testigantza bide hori?

Egiaren eta justiziaren aldeko ikerketei lagundu nahi izanez gero, zergatik EAEko Auzitegi Nagusiak ez du parte hartzen argentinar epailearekin bideokonferentziazko testigantzak bideratzen, edo euskal epaitegietan bertako epaileen aurrean? Badakit pikondoari sagarrak eskatzen ari naizela, hemengo justizia ere Madrileko epaitegien adarra baino ez delako, eta ondo dakigu nondik diren herren. Gobernuak izua dio Estatuko terrorismoa aitatze hutsari. Bere obsesioa zera da, historiarako euskal gatazkaren errelato partziala ezartzea, garaileena soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.