Salatu dute Hezkuntza Legeak «sistema publiko-pribatua blindatu» duela

Euskal Eskola Publikoaz Harro-k dio lege proiektua segregazioa bukatzeko ez dela balekoa. LABek ez du segituko taldeko «eguneroko dinamikan»

Euskal Eskola Publikoaz Harro-ren agerraldia, atzo, Gasteizen. E.P. / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
«Lege proiektuak ez du eskola publikoa lehenesten». Kritiko mintzatu zen atzo Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege proiektuaz. Eusko Legebiltzarraren atarian egin zuten agerraldian salatu zutenez, lege proiektuan jasota dagoen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa «eufemismoa» dela: «Eufemismo bat baino ez da, hezkuntza sistema publiko-pribatua blindatzeko».

Alegia, uste dute ez dutela sare publikoa lehenetsi: «Pribatuari diru gehiago emango diote, eta, beraz, ez dakigu denak berdin jarraituko ote duen ala publikoak okerrera egingo duen». Halaber, lege proiektuari egotzi diote hezkuntza «merkatuaren logikan» sartzea.

Baina publikotasunaren ingurukoa ez da izan salaketa bakarra. Proiektuan jasota dagoenez, ikasleek euskaraz B2 maila lortu beharko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerako. Ordea, plataformak uste du helburu hori lortzeko «neurri berririk» ez dagoela jasota. «Murgiltze eredua eskaintzen ez duten ikastetxeak ituntzen jarraituko dute».

Gainera, segregazioari aurre egiteko neurriak «hutsalak» iruditzen zaizkie, «eragin txikia» izango dutelakoan baitaude. Laburbilduz: «Lege proiektu hau pribatizatzailea da, ez du euskalduntzea bermatzen eta ez du bukatuko segregazioa».

Kritika egiteaz harago, «hezkuntza sistema hobetzeko» hamar puntu ere ondu dituzte. Esaterako, aipatu dute lege berriak modu progresibo batean bertan behera laga beharko lituzkeela itunak: «Ez da publikoa ez den eskolarik finantzatuko diru publikoarekin». Gainera,besteak beste, laikotasuna bermatzea eta «murgiltze eredu orokortu eta hezkuntza komunitate bakoitzari moldagarria» galdegin dute.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma hezkuntzaren bueltako 21 eragilek osatzen dute. LAB sindikatuak iragarri duenez, aurrerantzean ez dute Euskal Eskola Publikoaz Harro-ren «eguneroko dinamikan» parte hartuko: «LABek ez du dekalogo berria izenpetu, eta aurrerantzean [Euskal Eskola Publikoaz] Harro-k ez du LAB erakunde gisa ordezkatuko».

Baikorrago

Save the Children, aldiz, baikorrago aritu da, ohar bidez. Lege aurreproiektuaren lehen zirriborrotik egin dituzten aldaketei dagokienez, «balioespen positiboa» egin dute: «Geure egiten ditugu lege proiektuan ekitateari eta inklusioari lotuta ageri diren helburuak».

«Oso positiboa» iruditu zaie, esaterako, «ekitaterik ezari» dagokionez Eusko Jaurlaritza «arazoa ukatzetik» publikoki onartzera pasatu izana: «Hainbat gai txertatu dira, esate baterako, lekuen erreserba, zaurgarritasun indizea, tokiko eskolatze bulegoak sortzeko aukera, gaineskaintzarik gabeko plangintza, kuoten publizitatea edo doakotasuna kontrolatzeko administrazio unitatea».

Halere, uste dute testuak oraindik ere ez dituela neurri nahikoa ipini. Adibidez, iruditzen zaie ez dagoela zehaztuta zein itunpeko ikastetxe izango diren Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko partaide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.