Eusko Jaurlaritza «kezkaturik» dago, eskumenik ez delako iristen

Erkorekak esan duenez, «ahaleginak areagotzeko» eskatu dio Urkulluk Sanchezi

Urkullu eta Sanchez joan den martxoan, Donostian. JON URBE / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari emandako egutegia, eskualdatu gabe dauden eskumenen ingurukoa, praktikan ezerezean gelditu zen Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak aurreratu zituzte- nean. Egutegi horren arabera, eskumenen lehen multzoa —zazpi, orotara— martxoan eskualdatzea aurreikusten zuten, baina begien bistakoa zen hauteskundeak apirilaren 28ra aurreratuta zaila izango zela epe horiei eustea. Orain, Jaurlaritzak «kezka» agertu du, ikusten duelako denbora pasatzen ari dela eta eskumenak ez direla iristen.

Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan du Iñigo Urkullu lehendakaria «harremanetan» dagoela Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin, eta eskatu diola «ahaleginak handitu eta gehitzeko», eskumen multzo horren transferentzia apirilaren 28a baino lehenago gauza dadin.

«Kezka eta ezinegon horren berri ematen diegu Madrilgo gure mintzaideei aukera dugun bakoitzean», esan du Erkorekak, «eta ikusarazten diegu akordioak ez direla gauzatzen, kontu ekonomikoek blokeaturik dirautela, eta ez dela antzematen behar adinako bultzada politikorik oztopoak gainditu ahal izateko».

Erkorekak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak ematen dion erantzuna izaten da «lanean» ari direla. Baina martxoa bukatu da, hauteskunde kanpaina datorren astean hasiko da, eta, oraingoz, ez dago transferentzien arrastorik.

Zortzi eskumen airean

Zortzi eskumenen inguruan ari dira negoziatzen Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua: egutegiaren arabera, martxoan transferitu behar ziren zazpiak—botiken inguruko legeria, eskola asegurua, diru laguntzak enplegu erregulazioko espedienteek kalteturiko langileentzat, aldirietako trenbideak eta abar— eta AP-68 autobidearen zati bat.

Erkorekak salatu du zortzi eskumen horietatik bakar baten balorazio ekonomikoa helarazi diola Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari: «Arlo juridikoan jarrerak hurbildu ditugu, baina arlo ekonomikoari ekin ere ez diote egin ia», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.