Arriolak onartu du AHTaren epeak ez zituztela ondo kalkulatu

Eusko Jaurlaritzako sailburuak espero du AHTa 2026 amaierarako edo 2027 hasierarako bukatzea. Etxeen alokairua arautzearen aurka egin du

Iñaki Arriola, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak atzo onartu zuen AHT abiadura handiko trenaren epeak ez zeudela ondo kalkulatuta eta lehen epeak segur aski «bihotzarekin» ematen zituztela «haiek burutzeko aukera errealen arabera baino gehiago». Forum Europako hitzaldi batean nabarmendu duenez, orain «bultzada handia» eman nahi dio AHTari, «funtsezko proiektua» iruditzen zaiolako. Uste du bukatuta egongo dela 2026 amaierarako eta 2027 hasierarako.

Maiatzaren 10era begira jarrita dago Arriola. Azaldu duenez, Madrilen bilera egingo dute, proiektuaren epeak zehazteko eta Bilboko eta Gasteizko zatiaz aritzeko. Horien txosten informatiboak oraindik bukatzeko daudela jakinarazi du, eta «tramitazio oso luzea eta inbertsio oso handia» izan dezakete, lan horien ingurumen txostenek zehaztutakoaren arabera. AHTarekin batera, Bilboko eta Gasteizko tranbia sarea eta Donostiako metroa ere bultzatu nahi ditu Arriolak. Gainera, ziurtatu duenez, Mugikortasun Jasangarriaren Legea datorren urteko lehen hiruhilekorako egin asmo dute.

Prezioa arautzearen kontra

Hizpide izan du etxebizitzaren gaia ere. Arriolaren irudiko, alokairuen prezioak legez arautzeak —hala egin nahi du Espainiako Gobernua prestatzen ari den etxebizitza legeak— eskaintza murriztea eragin dezake. Ziurtatu duenez, hori gertatu da neurria indarrean jarri duten beste hiri batzuetan.

Haren esanetan, alokairuaren prezioa jaisteko ez dago «mirarizko konponbiderik». Hori arautzearen ordez, beste irtenbide batzuk proposatu ditu: besteak beste, zergak arintzea etxearen alokairuaren prezioa batezbestekoaren azpitik jartzen duten jabeei.

Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko luiziaren kudeaketari buruz ere aritu da. Iruditzen zaio zabortegia kudeatzen zuen enpresaren erantzukizuna izan zela, eta Eusko Jaurlaritzak «bere ardura» bete zuela, «zuzenbidearen arabera» aritu zirela baimenak eman eta ikuskapenak egiteko orduan. Horrenbestez, egindako lana goraipatu du: «Eusko Jaurlaritzak bere esku zegoen guztia egin zuen, Zaldibarko hondamendiak hasieran eragin zituen ingurumen kalteak baino gehiago eragin ez zitzan». Desagertuta jarraitzen duen Joaquin Beltran langilearen bilaketa lanei dagokienez, esan du hura aurkitzea lortu ez izana ez dela izango Eusko Jaurlaritzak horretarako «baliabide guztiak eta bere esku zegoen guztia» jarri ez duelako. Esan du aurkitu arte lanean jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.