SDFk Turkiari egotzi dio herritar kurduak Afrindik desplazatzea

Kurduen milizien koalizioaren arabera, «kolono» turkmenak eta arabiarrak ezartzen ari da Ankara

mikel rodriguez
2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Siriako gerrako fronte nagusien egoera gero eta gehiago nahasten ari da egunez egun, eta gatazkan inplikatuta dauden herrialdeen arteko tentsioa, berriz, etengabe handitzen ari da. Turkiako Gobernuko bozeramaile batek atzo adierazi zuen Afrin hiria inguratuta daukatela, eta SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak Ankarari leporatu dio «aldaketa demografiko bat» bultzatzen ari dela barruti horretan, herritar kurduak desplazatu, eta turkmenekin eta arabiarrekin ordezkatuta. Damasko ondoko Ghouta Ekialdeko frontean, berriz,AEBek Siriako Gobernuari egindako mehatxuei erantzun die Errusiak. «Horrelako eraso bat berriz egiten badute, ondorioak hagitz larriak izanen dira».

Turkiak joan den urtarrilean hasi zuen Kurdistango Afrin barrutiaren inbasioa. «Turkiako Gobernua familia turkmenak eta arabiarrak ezartzen ari da okupatu dituen Afringo herrietan, hango biztanleak bidalita, eta horien jabetzak kolono berriei banatuta», erran zion atzo Redur Xelil SDFren atzerri harremanetarako arduradunak Reuters agentziari. Turkiako Gobernuak erantzun zuen «guztiz faltsua» dela hori.

Kurduen YPG Herriaren Babes Unitateak dira SDFko indar nagusia. Nuri Mahmud YPGren ordezkariak atzo erran zuen Turkiako armadak Afrin inguratu duelako adierazpena «propaganda» dela, nahiz eta aitortu zuenmilitarrek «errepide guztiak» bonbardatu zituztela.

Ghouta Ekialdean, berriz, Islamaren Armada talde islamistak herenegun erran zuen Errusiarekin akordio bat egin zuela zaurituta eta eri dauden zibilak ebakuatzeko, eta SANA agentziak atzo jakinarazi zuen 100 inguru atera zituztela.

AEBen mehatxua NBEn

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak otsailaren 24an eskatu zuen Siria osoan su-eten bat ezartzea, eta herenegun Nikki Haley AEBen ordezkariak erran zuen Siriako armadak Ghouta Ekialdean menia ezarriko ez balu AEBak prest daudela hari erasotzeko. «Haley andereak jakin beharko luke gauza bat dela Segurtasun Kontseiluko mikrofonoa arduragabe erabiltzea, eta bertze bat militar errusiarrek eta estatubatuarrek komunikaziorako kanalak dituztela, eta argi ezarria dutela zer egiten ahal den, eta zer ez den egin behar», erantzun zion atzo Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.