Rosalia Vila. Flamenko kantaria

«Ez dut presarik izan argitaratzeko»

Hamar urte daramatza Rosaliak oholtza gainean, baina bere lehenengo lana orain kaleratu du: 'Los Angeles', Raul Refreerekin. Herri ondarea du oinarrian, haren esanetan, eta heriotza dute ardatz abesti guztiek.

Maialen Unanue Irureta.
2017ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Hilabete ere ez du Rosalia Vila Rosalia-ren (Bartzelona, 1993) Los Angeles lanak; Raul Fernandez Refree kantautore eta musika ekoizlearekin osatu du. Bolo-bolo dabil hedabideetan, haren gaztetasuna eta grina direla medio. Ez da hasiberria, ordea: hamar urtedarama oholtza gainean. Argi izan du, oso gaztetatik, flamenko kantaria izango zela, eta horretara bideratu ditu ikasketak ere: teknika lirikoa eta musika modernoa ikasi ditu bere kasa, eta karrerako azken lana egiten ari da cante flamenkoaren inguruan, Bartzelonako Unibertsitate Publikoan. Donostiako Dabadaban izango da gaur (20:30), eta Bilboko Azkuna zentroan bihar (21:00). Idatziz erantzun ditu galderak.

Zure familian inork ez zuen disko flamenkorik entzun lehenago. Nondik datorkizu bokazioa?

13 urte nituenean Camaron entzun nuen lehenengoz, kalean, eta maitemindu egin nintzen. Orduz geroztik, flamenkoan murgilduta bizi naiz, eta horrekin lotuta egon dira nire ikasketak ere.

Zergatik flamenkoa? Zerk erakartzen zaitu?

Hain berezkoa duen karga emozionalak erakartzen nau.

Noiz hasi zinen flamenko kantari gisa prestatzen? Zer ikasi duzu prozesu horretan?

16 urterekin ezagutu nuen nire maisua, Jose Miguel Vizcaya El Chiqui; ezinbestekoa izan da nire ikasketa prozesuan. Flamenkoaren barruan neure burua aurkitzera bultzatu ninduen, eta hark gidatu nau urte hauetan guztietan.

Los Angeles du izena zure lehenengo diskoak, Raul Refreerekin atera duzunak. Zergatik?

Los Angeles hiriaren estetika bisualak eta musikalak badu zerbait identifikatzen nauena. Aldi berean, aingeruak heriotzarekin lotutako izakiak dira gure iruditerian. Esanahi bikoitza du, beraz, eta interesgarria iruditu zitzaigun Rauli eta bioi.

Hain zuzen, heriotza da kantuen leitmotiva. Zergatik?

Ihesgune potentea eta unibertsala iruditu zitzaigun bioi, abiapuntu on bat: mundu flamenkoan, heriotzaren gaia maiz lantzen da.

Aspaldi egin zenuen jauzi oholtzara. Zer dela-eta ez duzu lehenago argitaratu?

Egia esan, lehenengo diskoa argitaratzeko ez dut presarik izan sekula. Lehenengo diskoa niretzat harro egoteko modukoa izan zedila nahi nuen; proiektuan sinetsi nahi nuen. Hainbat aukera izan nituen 16 edo 17 urte nituenean, baina eskaintza haiek ez ninduten orduan debutatzeko adina konbentzitu.

Flamenkoa da nagusi zure kantuetan, baina esperimentazioa maite duzu. Zer ematen dizu flamenkoaren tradizioak, eta zer esperimentazioak?

Tradizioa abiapuntua da niretzat: zerbait sortzeko, garatzeko behar-beharrezkoa den sustraia da. Esperimentazioa, berriz, bizitzako alor guztietan dudan jarrera bat baino ez da.

Kantuen sortze prozesuak pisu handia du zuretzat, alde horretatik?

Bai, guztiz.

Nolakoa da prozesu hori zuretzat? Nola konposatzen dituzu abestiak, zerk inspiratuta?

Konposatzen ditut abestiak, baina disko honetan cante flamenkoak dira abiapuntua, eta, nolabait, herri ondare horren aldarrikapena dago diskoaren atzean. Konposatzerakoan, batzuetan, sormen prozesua probokatu egin behar da, eta, beste batzuetan, bakarrik etortzen da. Horietan, adi egotea garrantzitsua da, eta espontaneoki sortu den hori jasotzea, hortik abiatu behar baita abestien eraikuntza. Oraintxe konposatzen ari naiz, eta litekeena da hurrengo lan batean material hau argitaratzea.

Refree ezaguna da hainbat artistarekin lan egin duelako —Silvia Perez Cruzekin, kasurako—, baina baita ere esperimentaziorako duen joeragatik. Nola hasi zineten elkarrekin lanean?

Luis Troqueli esker ezagutu genuen elkar; bion lagun bat da. Musikalki gauza komun asko genituela konturatu ginen, eta diskoa grabatu behar genuela erabaki genuen, hainbatetan musika elkarrekin jo ostean.

Zer-nolako aretoak dira egokienak diskoaren zuzenekorako?

Ez dut uste espazio perfekturik existitzen denik. Saioetan, espazioa nire parte bat dela sentitzen dut, eta alderantziz. Espazio guztiak dira baliagarriak interpretazioarentzat berarentzat.

Refreerekin ez ezik, hainbat artistarekin ere kolaboratu duzu. Esperimentazioa alde horretatik ere maite duzu?

Bai, genero desberdinetan aritzen diren artistekin —are, diziplina desberdinetakoekin ere— lan egiteko irrika izaten dut beti. Aberastu egiten nau.

Milaka jarraitzaile dituzu sare sozialetan; bideoklip batean Snapchat erabiltzen ere ageri zara. Zer dira sare sozialak zuretzat?

Publikoarekin komunikatzeko modurik zuzenena dira niretzat sare sozialak. Nire lana gainontzekoengana heltzeko ezinbesteko tresna direla uste dut.

Izan duzu erreferentzia jakinik?

Kantari flamenkoetan, La Niña de los Peines erreferente handia izan da niretzat, cante-ari handitasuna emateko duen moduagatik.

Prentsan izar deitu zaituzte, eta, are, supernova. Eroso sentitzen zara izenondo horiekin?

Kritika onak eskertzen ditut, eta ikasi egiten dut negatiboetatik. Hori da dena.

Musika generoen artean bereizketarik ez duzula egiten diozu. Zergatik?

Nik musika bere horretan ikusten dut, eta ez generoetan bereizita, ez dudalako uste besteak baino hobea den musikarik dagoenik. Senari jarraitzen diot, eta nahi dudan hori egiten dut, gainontzekoengandik erantzun jakin bat jasotzeko asmorik gabe.

Zer moduz azken hilabeteak?

Hilabeteak bainoago, asteak dira, otsailaren 10ean atera baikenuen diskoa. Baina oso biziak izaten ari dira: oso eskertuta nago gertatzen ari den guztiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.