Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Bozak aurreratzea kritikatu du oposizioak

EAJren «interesak» eta hainbat gairi buruz azalpenik ez ematea aipatu ditu oposizioak hauteskundeak aurreratzeko arrazoitzat. Zerrendak osatzeko prozesuak bizkortu beharko dituzte alderdiek

Maddalen Iriarte, atzo goizean eginiko prentsaurrekoan. LUIS TEJIDO / EFE.
Iosu Alberdi.
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gogor kritikatu dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko Iñigo Urkullu lehendakariaren erabakia. EH Bilduko lehendakaritzarako hautagai Maddalen Iriartek «interes alderdikoi eta pertsonalak» ikusten ditu horren atzean, eta Urkulluren eta bere gobernuaren «kudeaketa penagarriaren erakusgarria» dela ziurtatu du. Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek uste du «kontuak ez emateko» deitu duela bozetara. EAJko EBB Euzkadi Buru Batzarrako presidente Andoni Ortuzarrek, ordea, erabakiaren alde egin du, erantzukizuna oposizioaren gain jarriz: «Ezin ditugu hilabeteak impasse batean alferrik galtzen utzi oposizioa gaur egun blokeo politiketan murgilduta dagoelako».

Iriarteren esanetan, ordea, «gustuko ez dituen gehiengoak» eragozteko aurreratu ditu bozak. EH Bilduko hautagaiak salatu du oraindik ere zortzi hilabeteko epea zegoela proiektu eta lege garrantzitsuak aurrera ateratzeko, baina Urkulluk horiek «blokeatzearen» aldeko hautua egin duela. Alokairuaren prezio maximoa, merkataritza guneen arauketa eta estatus politiko berriaren ingurukoa aipatu ditu EH Bilduko kideak. Hauteskundeak aurreratzearen harira Jaurlaritzak egin duen «kanpaina mediatiko deitoragarria» ere kritikatu du Iriartek. Izan ere, aurreko asteartean hasi ziren aurrerapen baten inguruko zurrumurruak.

Martinezek ere onartu gabe geratu diren legeetan jarri du arreta. Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak azaldu du «Euskadirentzako funtsezko diren» zortzi legetan akordioak egiteko proposamena egin ziotela Urkulluri, hauteskundeen deia egin aurretik. Kritikatu du Eusko Jaurlaritzak «aurrera ihes egiteko» hautua egin duela, proposamenari entzungor eginez: besteak beste, Zaldibarko hondakindegiko ezbeharraren inguruko azalpenak eman behar ez izateko. Horregatik, benetako arrazoien inguruko «azalpen sakonagoak» eskatu dizkio lehendakariari.

PPren lehendakarigai Alfonso Alonsok Kataluniari egin dio erreferentzia. Esan du EAJk hauteskundeak aurreratu dituela Kataluniako egoera «ez kutsatzeko». «Euskal gizarteak ez dio bide horri jarraitu nahi», erantsi du.

Barne prozesuak bizkortuz

Apirilaren 5eko data zehaztuta, hauteskunde zerrendak osatzeko eguna ere hala dago: martxoaren 2a izango dute alderdiek horretarako epemuga. EAJk bizkortu egin du hautagai zerrendak osatzeko prozesua. Otsailaren 24an egingo du behin betiko zerrendak onetsiko dituen Aberri Batzarra. Aurretik, zerrendak osatzeko hautagaiak aukeratu beharko dituzte. Horretarako, bigarren bozketa atzo hasi zen, eta otsailaren 20an amaituko da. Gero, 21ean eta 22an bilduko dira herrialdeetako batzarrak. Halere, ustekaberik ezean, Iñigo Urkullu eta Bakartxo Tejeria izango dira lehendakaritzarako eta Eusko Legebiltzarreko presidentetzarako hautagaiak, haiek soilik aurkeztu baitira.

Iriartek adierazi du EH Bildu hauteskundeak ekainean edo urrian egiteko prestatzen ari zela, baina jada «oso aurreratuta» daukatela zerrenden osaera. Azken zerrendak martxoaren 6a eta 8a bitartean aurkezteko asmoa zuen koalizioak. Aurrerapenarekin, ordea, epeak moldatu beharko dituzte. Koalizioak zehaztua du Iriarte bera izango dela lehendakarigaia.

PSE-EEk Idoia Mendia aurkeztuko du lehendakarigai, eta PPk, Alfonso Alonso. Hamar egunekan, koalizioa osatu nahi du Ciudadanosekin eta «ilusioa galdua duten sozialistekin».

Elkarrekin Podemosen hautagaia, berriz, argitzeko dago oraindik. Rosa Martinez eta Miren Gorrotxategi aurkeztu dira horretarako. Lehenak Lander Martinezek zuzendutako ildoaren babesa du. Bigarrenak, Madrilgo zuzendaritzarena. Horiek ere barne prozesuan aldaketak egin beharko dituzte, otsailaren 23tik martxoaren 1era kanpaina egiteko tartea ezarria baitzuten, hilaren 4an lehendakarigaia izendatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.