CCOOk eskatu du eskola denek lekuak gordetzeko ikaslerik zaurgarrienentzat

Segregazioari aurre egiteko hamalau proposamen egin dituzte. Euskara lehenestea nahi dute, baina beste hizkuntzak alde batera laga gabe

Gasteizko ikastetxe bateko korridorea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Egungo eskola segregazioa «onartezina» dela iritzita, egoerari buelta emateko hamalau proposamen egin ditu CCOO Euskadi sindikatuak. Haien irudiko, egoera ahulenean dauden ikasleak —maila sozioekonomiko apala dutenak, behar bereziak dituztenak, hizkuntzarekin laguntza behar dutenak, etorkinak, gutxiengo etnikoak...— sare publikoko eta itunpekoko ikastetxeen artean banatu beharko lirateke, «modu heterogeneoan». Horretarako, lekuak erreserbatzeko sistema bat martxan jartzea nahi dute; hau da, ikastetxe publiko eta itunpeko guztiek leku jakin batzuk gorde beharko dituzte gabezia sozioekonomikoak edo hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, baita matrikula bizia —ikasturtea hasi ostean iristen diren ikasleak— kudeatzeko ere. Sindikatuak matrikulazio prozesuak «erabat» aldatzearen alde egin du, eta eskatu du «bidezkoagoa» izango den sistema horretan parte hartzeari uko egiten dioten itunpeko eskolei pixkanaka finantzaketa publikoa kentzeko.

Matrikulazioan beste aldaketa batzuk ere sustatu nahi dituzte. Besteak beste, garrantzi txikiagoa izan dezala eskolan anai-arrebak izateak; eta, aldiz, garrantzitsuagoa izatea ikastetxetik gertu bizitzea. Gainera, eskatu dute kuotakdebekatzeko: «Itunpeko ikastetxeen 'borondatezko' hileko kuotak iruzur hirukoitza dira, Hezkuntza Sailak onartu egiten dituelako, familia gehienek ez dakitelako ez direla nahitaezkoak, eta nahi ez dituzten ikasleak baztertzeko erabiltzen direlako, Euskadiko eskola segregazioaren funtsezko faktorea izanik».

Euskarari dagokionez, beste hainbat hezkuntza eragilek egungo hizkuntza ereduak kendu eta euskarazko murgiltze orokortua ezartzeko eskatu badute ere, CCOOk ez du bide horretatik jo. Sindikatuak hauxe proposatu du: «Elebitasun ofizialaren errealitateari buruzko ikerketa analitikoa egitea, egindako hutsak hautemateko eta ikastetxeetan metodo eleaniztunak proposatzeko, testuinguru soziolinguistikoaren arabera». Haren esanetan,EAEko Eskola Kontseiluaren txostenek erakusten dute ikasleen euskalduntzean apaltze bat egon dela, baita D ereduan ari direnen artean ere. Hori horrela, euskara lehenetsi behar dela esan du, baina beste hizkuntzetako gaitasunak alde batera utzi gabe.

Bestelako proposamenak

Segregazioari aurre egiteko bestelako hainbat eskaera ere egin dituzte, hala nola 0-3 urteko etapa «zabaltzea eta orokortzea», bereziki egoerarik ahulenean dauden eremuetan; hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei azkar erreparatzearen alde egitea, eta Hezkuntza Ekitatearen Behatokia sortzea.

Eta hauek guztiak garatzeko, ezinbestekoa izango da finantzaketa. Hezkuntzan egiten den inbertsioa handitu beharra dagoela iruditzen zaie, ratioak txikitzeko, eta, horrela, ikasgeletako aniztasuna hobeto kudeatu ahal izateko. Hain zuzen, uste dute inbertsioak barne produktu gordinaren %7 izan beharko lukeela. «Oraindik ez gara iritsi % 5era».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.