EAEko Polizia Legea onartu dute, EAJ, PSE eta PPren botoekin

Udaltzainak behin-behinean kontratatzea ahalbidetuko du legeak, Gorenak dioenaren aurka. EH Bilduk eta EPk kontra bozkatu dute

Ertzaintzaren hainbat sindikatutako ordezkariak, atzoko saioan. DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
EAEko Polizia Legea onartu egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrak. EAJren, PSEren eta PPren botoekin egin zuen aurrera arauak. Polizia Legearen bosgarren aldaketa da onartu dutena —1992koa da EAEn indarrean sartu zen lehen Polizia Legea—, eta polemikoa izan da haren onarpena. Izan ere, legeak jasotzen du udalek udaltzainak kontratatu ahal izango dituztela behin-behinean, asteon Espainiako Auzitegi Gorenak kaleratutako epaiak dioenaren aurka. Gorenak asteartean ebatzi zuen gisa horretako kontratuak funtzio horretarako «legez kanpokoak» direla. Epaia irmoa da eta doktrina ezartzen du.

Erabakiak eragina du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletan, 600 udaltzain baino gehiago daudelako behin-behineko kontratupean. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 175/2011 epaia oinarri hartu zuen Gorenak epaian, eta argudiatu udaltzaingoak «segurtasun indar izaera» duela, autoritatea ezartzeko beharra duela bere funtzio publikoen artean eta arrazoi horiengatik eginkizun hori funtzionarioei bakarrik dagokiela. Gorenak dioenaren aurka, EAEko Polizia Legearen 120. artikuluak udaltzainak aldi baterako kontratatzeko aukera bermatzen du.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek legearen aurka bozkatu zuten, eta oso kritiko azaldu ziren hainbat edukirekin. Besteak beste, udaltzainak behin-behinean kontratatzea ahalbidetzea ez zuten begi onez ikusi. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Gorenaren epaia gogoan hartuta ohartarazi zuen lege berriak «ondorio kaltegarriak» izango dituela. Hala, hura indarrean sartzea atzeratzea eskatu zuen. Legearen beste eduki batzuk ere kritikatu zituen Arzuagak. Besteak beste, polizia ereduaren arazoak «soldata igoerekin» estali nahi izatea salatu zuen.

Elkarrekin Podemoseko eledun Lander Martinezek, berriz, kritikatu egin zuen lege berriak ez dituela «zuzenbide arauak» errespetatzen. Legearen edukiak Gorenaren ebazpenarekin bat egiten duen ala ez aztertu ahal izateko, bere tramitazioa bertan behera uzteko eskatu zuen Martinezek.

Legearen aurkako kritika oro baztertu zituzten talde sustatzaileek. EAJtik Joseba Zorrillak azaldu zuen lege berriak «hainbat tresna» eskaintzen dizkiela udalei alternatibak bilatu ditzaten behin-behineko ordezkapen udaltzaingoak kontratatu aurretik. Halaber, azpimarratu zuen aldi baterako kontratazioak soilik «salbuespenezko egoeratan» egingo direla.

Sortutako polemikari buruz azalpenak eman behar izan zituen Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, legea onartu eta berehala. Haren ustez, Gorenaren epaiak ez du «zuzeneko eraginik» izango Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, gatazka sortzekotan, Auzitegi Konstituzionalaren esku geratuko litzateke azken hitza. Zehaztu zuen Konstituzionalak kontrakoa ebatzi bitartean, udalek udaltzainak kontratatu ahal izango dituztela, behin-behinean. Nolanahi ere, Segurtasun sailburuak azaldu zuen lanpostuak finkatzea dela Eusko Jaurlaritzaren helburua, eta urrian lan eskaintza publiko bat egiteko asmoa dutela horretarako.

Polizia eredua

Udaltzainen kontratazioaz harago, bestelako berritasunak dakartza lege berriak. Horien artean daude, batetik, Ertzaintzara eta udaltzaingoetara sartzeko gehienezko adina 35 urtetik 38ra igotzea —PPk eskatzen zuen bezala—, eta, bestetik, ertzain emakumezkoak lantaldearen %33 izatea—gaur egun, %12 dira—. Horretarako, legeak ezartzen du hautatze prozesuetan kontratatutakoetatik gutxienez %25ek emakumeak izan behar dutela.

Era berean, Kontrol eta Gardentasun Batzorde bat ezartzeko beharra ezarri du legeak, hark azter ditzan herritarrek ertzainen eta udaltzainen jokabideaz aurkezten dituzten kexak. Horrez gain, ertzainen edo udaltzainen jardunaren ondorioz inor larri zaurituko edo hilko balitz, batzorde horrek ofizioz aztertuko luke gertatutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.