Nafarroa Oinez urriaren 16an eta 17an egingo dute

Lizarrako ikastolak antolatuko du jaia. Ikastetxearen 50. urteurrena izanik, egitarau bat prestatu dute abuztuaren 13rako eta 14rako

jon olano
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Lizarrako ikastolak antolatuko du aurtengo Nafarroa Oinez, ikastolaren 50. urteurrenean. Horretarako, eta oraindik COVID-19aren izurria izaten ari den eragina aintzat hartuta, erabaki dute festa asteburu batean zehar egitea, egun bakarrean egin beharrean. Hori horrela, urriaren 16ko eta 17ko asteburuan izango da jaia, antolatzaileek atzo jakinarazi zutenez: «Pandemiak ezarritako jarraibidea kontuan hartuta, esate baterako lekuen edukieraren kontrola, festa bi egunetan egiteak jende gehiagok disfruta dezan ahalbidetuko duelako, hain zuzen; betiere segurtasun neurriak errespetatuz».

Aurrez, ordea, ikastolaren urteurrena ospatuko dute, abuztuaren 13an eta 14an. 13an, ostiralarekin, 20:00etan, ikastetxearen ibilbidea errepasatzeko ekitaldi bat egingo dute Los Llanos zinemetan, aurtengo Nafarroa Oinez-en bideoklipa ezagutaraztearekin batera.

Abuztuaren 14an, larunbatarekin, publiko anitzarentzako ikuskizunak eskainiko dituzte. 12:30ean Los Llanos Kulturaguneko Lorategietan, Kiki eta Koko pailazoak ariko dira, doakoa izango den Bizi-bizi Zirkua saio parte-hartzailearekin; eta geroago, leku berean, helduentzako bi kontzertu prestatu dituzte: Paulantropia, 20:30ean, eta Gatibu, akustikoan, 22:00etan. Musika taldeetarako sarrerak hurrengo estekaren bitartez eskuratu daitezke, Estella-lizarra.sacatuentrada.es helbidean, eta hamabi euroko salneurria izango dute.

Jai «koherentea»

Antolatzaileek azaldu dute «euskararekin eta euskal kulturaren hedapenarekin koherentea» dela egitaraua, «Lizarraldeko bizilagunei eta bisitariei zuzenduta dagoena, urriko asteburuaren atari gisa balioko duten abuztuko bi egun horietan zehar, hezkuntza eredu honen ibilbidea eta lorpenak mundu guztiak ospa ditzan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.