Eredutzat jo dituzte Kataluniako hezkuntza proiektuen irakaspenak

Segregazioaren aurkako neurriak nabarmendu dituzte EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Batzordera helaraziko dute jasotakoa

Irati Urdalleta Lete.
Bartzelona
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko ordezkaritza bat Katalunian izan da egunotan, bertako hezkuntza hitzarmenaren berri izateko eta zenbait eskola proiektu bertatik bertara ezagutzeko. Iazko udazkenean batzordean jorratu zituzten hamaika gaien artean, segregazioa izan zen eragile gehienek aipatu duten korapilo nagusia. Batez ere, horri aurre egiteko Katalunian jasotako esperientziak nabarmendu dituzte Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak, Ikoitz Arrese EH Bildukoak eta Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUkoak.

Bidaian, hainbat aditurekin eta Bartzelonako, El Prat de Llobregateko eta Viceko udal ordezkariekin elkartu dira legebiltzarkideak, hiri horietako hezkuntza proiektuak aztertzeko. Besteak beste, proiektu pedagogiko berritzaileetan, aniztasunaren kudeaketan eta hizkuntzen trataeran jarri dute begirada. Helburua da han bildutako «irakaspenak, ahuleziak eta indarguneak» Hezkuntza Batzordeari helaraztea, ponentziak aurrera jarraitzeko.

Arrizabalagak BERRIAri adierazi dio ponentzian plazaratu diren «gai garrantzitsuenen» inguruko esperientziak kontrastatzeko aukera izan dutela bidaian; hala nola «kulturartekotasunaren gaia, hizkuntzen trataeraren gaia, segregazioa eta hiri hezitzaileen sarea». Hala, testuingurua ezberdina izanda ere, Euskal Herrira egokitzeko moduko eredu «aberasgarriak eta interesgarriak» jaso dituztelakoan dago EAJko parlamentaria: «Bestelako bide batzuk zabaltzen dira».

Arresek ere Arrizabalagaren bide beretik egin du, inklusioa eta kulturartekotasunaren lanketa nabarmendu baititu. Horrekin batera, ordea, hizkuntzaren ardatzean jarri du begirada: «Nola lantzen duten hizkuntzen trataera eta nola erabiltzen duten katalana kohesio sozialerako eta inklusio sozialerako ardatz gisa». Proiektuak aurrera ateratzen dituzten aktoreez ere aritu da Arrese, eta udalek duten eginkizuna nabarmendu du: «Ulertzen dute hezkuntza ikastetxeen egiteko bat dela, baina, hortik haratago, auzo eta herrien egiteko bat ere badela hezkuntza proiektuak garatzea». Hala, ikasteko asko dutela uste du EH Bilduko kideak, besteak beste Katalunian «askoren arteko hezkuntza akordio nazional bat» eta «oso garrantzitsua den segregazioaren aurkako itun bat» egin zituztelako. «Oso eredugarriak izan daitezke gu orain sartuta gauden fase honetan kontuan hartzeko», gehitu du.

Publifikazioa

Martinezen hitzetan, Elkarrekin Podemos-IUk interes berezia zuen segregazioaren aurka Katalunian egindako lanak ezagutzeko, eta Bartzelonan eta Vicen egindako prozesuak nabarmendu ditu: «Kataluniako Hezkuntza Sailetik dirua jasotzen duten zentro guztiek konpromisoak eta betebeharrak dituzte segregazioari aurre egiteko». Prozesu horretan, itunpeko hainbat ikastetxe publiko bihurtu direla ere adierazi du, eta gehitu bide horrek bat egiten duela koalizioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako aurkeztutako proposamenarekin: «Itunpeko zentroak borondatez publifikatzeko guk Euskadirako proposatzen duguna esperientzia oso interesgarria izan da alde horretatik».Hala, Martinez «oso pozik» agertu da jasotakoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.