Eusko Legebiltzarrak klima aldaketaren herritar batzarra sortuko du

Ekinaldiaren helburua da, besteak beste, 2050. urtea baino lehen «klima neutraltasuna» lortzea. Ia aho batez onartu dute proposamena

Miren Gorrotxategi, atzo, Eusko Legebiltzarrean. BERRIA.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Klima larrialdiari aurre egiteko asmoz, klima aldaketaren Euskadiko Herritar Batzarra sortzea onartu zuen atzo Eusko Legebiltzarrak, Elkarrekin Podemos-IUk proposatuta. Miren Gorrotxategi legebiltzarkidearen arabera, klimaren krisia «arazo larria» da munduan, eta, horregatik hain zuzen, klima aldaketari aurre egiteko politikek «lehentasuna» izan beharko lukete. Proposamena onartu egin zuten, ia aho batez.

Egitasmoaren helburua da, besteak beste, 2050. urtea baino lehen «klima neutraltasuna» lortzea eta klima aldaketaren eraginei dagokienez «erresilienteagoa den Euskadi bat» sortzea. Horretarako, alderdiek nabarmendu zuten beharrezkoa dela herritarrek hartan parte hartzea. Unai Grajales EAJko legebiltzarkidearen arabera, trantsizio prozesua «arrakastatsua» izateko, ezinbestekoa da gizartearen eta eragile ekonomiko eta instituzionalen babesa eta konpromisoa lortzea.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, esan zuen herritarrek zuzenean parte hartu behar dutela «klimaren aldeko klima bat sortzen», eta horretarako funtsezkoa dela herritarren eta erakunde publikoen artean lankidetza modu berriak sortzea.

Horiek horrela, herritarrek proposatuko dituzte klima aldaketari aurre egiteko neurriak. Batzarreko kideak ordezkaritzako zozketa bidez hautatuko dituzte, eta, taldea eratu ondoren, partaideek formakuntza bat jasoko dute. Gobernuak galdera bat egingo dio batzarrari, eta, horri buruz eztabaidatu ondoren, proposamenak egin eta bozkatu egingo dituzte.

Alberto Alonso PSE-EEko legebiltzarkideak azaldu zuen helburuak lortzeko aldaketa kulturalak egin behar direla gizartean, etaherritarrekin elkarlanean aritzea dela horietan aurrerapausoak emateko modu bakarra.

Adostasun «oso zabala»

Proposamenak adostasun «oso zabala» izan zuen legebiltzarrean, eta, Grajalesen arabera, «inoiz baino azkarrago» lortu zuten hori. Ekinaldiak bi puntu ditu, eta legebiltzarkideek puntuka egin zuten bozketa.

Lehenengo puntuan jaso dutenez, besteak beste, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio «formula irekiak eta kanal irisgarriak» sar ditzala energia trantsizioari eta klima aldaketari buruzko etorkizuneko legean. Bigarrenean, berriz, eskatzen dio herritarren partaidetzarako foro edo batzar bat eratzeko.

Onartu egin zituzten planteatutako bi puntuak: lehenengoan, 73k egin zuten alde, eta bat abstenitu zen. Bigarrenean, berriz, 68k egin zuten alde, eta 6k kontra. Izan ere, Muriel Larrea PP+C's koalizioko legebiltzarkideak azaldu zuen bere alderdia ez datorrela bat bigarren puntuarekin, batzarra egitearekin, hain zuzen: «Gauzak egiteko eurek duten modua sartu nahi dute, eta, horrela, ahotsa gehien altxatzen duenak irabazten du». Horrekin, nabarmendu zuen puntu hori ez dagoela definituta, eta horrek «bidea guztiz libre» uzten diola gobernuari herritarren parte hartzea «nahi duen moduan» kudeatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.