Osabide bila torturak utzitako zaurietarako

Erreparaziorako urratsez aritu dira Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako mintegi batean. Torturak pairatu dituzten herritarrek pentsatzen dute erreparazioaren gaia ezin dela gerorako utzi

Nafarroako Torturatuen Sareak egindako agerraldi bat. IDOIA ZABALETA / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Joan den larunbatean Erreparazio urratsak izeneko mintegia antolatu zuen Nafarroako Torturatuen Sareak Iruñean. Torturak pairatu dituzten herritarrei zuzenduriko jardunaldia zen, eta horren helburua zen erreparazioaz gogoeta egitea: zein den torturak eragindako kaltea, kalte hori erreparatzeko zer egin beharko litzatekeen, eta gaur egun benetako aukerarik ba ote dagoen erreparazioak eskatzen dituen urrats horiek egin ahal izateko.

Maitane Arnoso Zientzia Politikoan doktore eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Psikologia Saileko irakasle eta ikertzailea da. Mintegia koordinatu duten adituetako bat da, Olatz Barrenetxea eta Jeannette Ruiz Goikoetxea psikologoekin batera. Hark dioenez, torturak eragindako kalteak ugariak dira, eta torturatuek jasotakoak dira agerikoenak: trauma osteko estresaren sintomak, amesgaiztoak, depresioa eta abar: «Pertsonaren nortasunari ere kalte egin diezaioke, eta bere bizi zentzuan eragin dezake».

Baina torturatuak ez dira kaltetu bakarrak: «Tortura gizartea desmobilizatzeko eta erreferentziazko taldeak zatikatzeko estrategia politikoa da», azaldu du Arnosok. Beldurra eta mina gizarte osoan hedatzen ditu, eta, beraz, komunitate osoari egiten dio kalte. Are gehiago, tortura erabiltzen duen estatuak bere buruari ere kalte egiten dio, haren «izaera demokratikoa» ezbaian jartzen duelako: «Tortura erabiltzen duten gobernuen irudi morala ere kaltetuta dago».

Zauri horiek guztiak sendatzeko bideez aritu dira mintegian. Torturaren erantzule izan direnek erantzukizun hori beren gain hartzea oso lagungarri suertatu ohi da erreparazio prozesuetan, baina ez du ematen oraingoz Espainia bide horri ekiteko prest dagoenik: «Euskal Herriko gatazkaren ikuspegi hegemonikoan [Espainiako] Estatua, erantzule gisa, ikusezin bihurtzen da, eta ihes egiten dio dagokion erreparazioaz modu integral batean arduratzeari».

Estatuak hainbat bide har dezake erreparazioaren prozesuan bere alea jartzeko: egiaren batzordeak antolatzea, auzibideak irekitzea, torturatuen testigantzak eskoletara eramatea, barkamena modu ofizialean eskatzea. «Hemen oso urrun gaude hori gertatzetik», azaldu du Arnosok, «kontakizun guztia biktimizazioaren eta erantzukizunaren ikuspegi lehiakor batetik eraikita dagoelako. Kontakizun horretan, erreparazioa estua eta mugatua da. Hori oso larria da».

Mintegian parte hartu dutenek gogoeta egin dute Espainiako Estatuari interpelazioa egiteko moduez erreparazioaren prozesuan bere erantzukizuna har dezan, baina, hori iritsi bitartean, komunitatearen barneko zaintzaz eta «erreparaziorako estrategia autogestionatuez» ere hausnartu dute.

Barrua mugitzen duen gaia

Roxika Iriarte 2010eko irailean atxilotu eta torturatu zuten, eta orain Nafarroako Torturatuen Sareak prestatutako mintegian parte hartu du. Dioenez, «gustura» dago mintegiaren emaitzarekin, baina bere hitzak zehaztu ditu segituan: «Gai honetaz hitz egiteak deseroso jartzen gaitu, eta gauza asko mugiarazten dizkigu barruan, zama emozional handia duelako. Beraz, ez dakit oso egokia ote den mintegian gustura egon ginela esatea. Baina egia da horrelako zerbait egitea beharrezkoa ikusten genuela, eta lorpen bat dela torturak pairatu dituzten hainbat belaunalditako pertsonak biltzea horren inguruan gogoeta egiteko».

Iriartek dioenez, torturak pairatu dituztenek oraindik ez dute aitortza ofizialik lortu: «Nafarroan ikerketa bat abiarazi dute, baina oraindik ez dakigu horrek zer emango duen». Eta norbaitek pentsa lezake aitortzarik ez duen auzi batean goizegi dela erreparazioaz hitz egiten hasteko. «Guk ez dugu hori prozesu lineal baten moduan ulertzen», erantzun du Iriartek: «Nafarroan, mila lagun inguru ari gara torturaren ikerketa horretan parte hartzen, eta, askorentzat, gertatutakoa berriro kontatzeak, auzitara jotzeak eta abarrek gauza asko pizten ditu. Jende asko krak egitearen beldur da, batez ere torturak duela urte asko pairatu zituztenak eta gaia atzean utzita zeukatenak. Horrek agerian utzi du erreparazioaren gaia orain lantzeko beharra».

Aitortzaren faltan, eta instituzioek ezarritako erreparazio mekanismorik ezean, zaintzari dagokion garrantzia ematea eta mekanismo horiek beraiek jartzea erabaki dute torturatuak izan direnek: «Erreparazioak urrats asko beharko ditu, eta oraingo mintegia bide horretan egindako beste bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.