EAJk ez du ospatuko Alderdi Eguna

«Arduragatik» hartu du erabakia, eta eguna esparru pribatuan ospatzera animatu ditu alderdikideak. EBBk adierazpen politiko bat argitaratuko du igandean, koronabirusagatik hil direnen omenez

Andoni Ortuzar, iazko Alderdi Egunean, Forondan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Irailaren amaieran ospatu ohi du EAJk Alderdi Eguna, Forondan (Araba), baina EBB Euzkadi Buru Batzarrak erabaki du aurten halakorik ez egitea, «arduraz jokatzeko». Herenegun arratsaldean bildu zen EBB, eta atzo jakinarazi zuen erabakia. Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak adierazi du erabakia hartzea «mingarria» izan dela, baina «erantzukizunez» jokatzea erabaki dutela, osasuna oinarri hartuta eta «gaizki pasatzen ari direnei» elkartasuna adierazita.

Hain zuzen, Ortuzarrek esandu Euskal Herria «oso garai delikatuan» dagoela, eta «EAJk, alderdi nagusia den aldetik», ezin duela «arduragabekeriaz» jardun: «Hori dela-eta ez da egingo urtero Forondako zelaietan milaka pertsona hartzen dituen jaia». Halere, Ortuzarrek eguna «esparru pribatuan» ospatzera animatu ditu alderdikideak, «osasun jarraibide guztiak betez» betiere: «Alderdiaz oroitzeko eta txarto dauden pertsonak gogora ekartzeko tartebat hartzera gonbidatzen zaituztet».

Hildakoak gogoan

Berezia izango zen berez aurtengoa, EAJk 125 urte bete baititu, baina ezingo dute urtero bezala era jendetsuan ospatu. Hala ere, igande goizean adierazpen politiko bat argitaratuko dutela iragarri dute jeltzaleek. COVID-19aren ondorioz hil direnak gogoratzeko baliatuko dute adierazpena, eta «EAJren elkartasuna adierazteko lagunak eta senideak galdu dituztenei eta osasun aldetik zein alderdi emozionalean, afektiboan, ekonomikoan edo sozialean pandemiaren ondorioak sufritzen ari direnei». Egun handirik ezean, Ortuzarrek alderdikideei egun horretan «hausnartzeko» eskatu die: «Minutu batez, alderdiaren eta Euskadiren etorkizunaz hausnarketa bat egiteko eskatzera natorkizue». Ortuzarren arabera, eta Eusko Legebiltzarrerako bozetan esan bezala, «Euskadi zutik dago», eta baita alderdia eta euskal gizartea ere: «EAJ martxan dago, eta horixe hemendik aterako garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.