EHUko errektore izateko talde bat prestatzen ari da Eva Ferreira

Azaroaren 26an egingo dituzte unibertsitateko bozak. Balluerka bezala, Perez Iglesiasen eta Goirizelaiaren taldeetan aritutakoa da Ferreira

Eva Ferreira Ekonomia Aplikatuko katedraduna da EHUn. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Errektoregai emakumea izango da berriro EHU Euskal Herriko Unibertsitateko hauteskundeetan: Eva Ferreira errektoretza talde bat prestatzen ari da, BERRIAk jakin duenez. Azken urteetako arduradun taldeen ingurukoa izango da Ferreirarena. 2004-2008 artean, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore zela, Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreorde izan zen Ferreira, eta, ondoren, Iñaki Goirizelaiaren agintaldian, idazkari nagusia izan zen. Azken urteetan Unibasq erakundeko zuzendaria izan da Ferreira, EAEko unibertsitateetako kalitate agentziako zuzendaria, baina joan den urrian utzi zuen postua. Errektoretzarako hauteskundeei begira talde bat prestatzen ari da orain, eta litekeena da, gainera, hautagai bakarra izatea.

EHUren Gobernu Kontseiluak gaur du bilkura, eta bozetarako deialdia onartuko dute. Kazeta honek jakin duenez, azaroaren 26an egingo dituzte hauteskundeak, ostegunarekin. Kanpaina bi aste lehenago hasiko da, hilaren 9an. Hortaz, azaroaren hasierarako aurkeztu beharko dituzte hautagai zerrendak. Ezohiko bozak izango dira, hala ere: osasun egoeraren ondorioz, moldaketak egin dituzte unibertsitatean, eta eskola batzuk on line ematen ari dira. Argitzeko dago, hala ere, hauteskundeetan zer protokolo ezarriko duten.

Ziurra zen aldaketa izango zela sektore ofizialistako hautagaitzan. Nekane Balluerka izan da EHUko errektorea azken lau urteetan, eta gaur hamabost BERRIAn iragarri zuen ez dela aurkeztuko: «Beti esan dut ez neukala asmorik karguan luze egoteko, agintaldi bat ondo ikusten nuela. Nire familiari eta ibilbide akademikoari denbora gehiago eskaini nahiko nioke».

Ferreira eta Balluerka elkarrekin egonak dira errektore taldeetan, Juan Ignacio Perez Iglesiasen eta Iñaki Goirizelaiaren gidaritzapean. Alde horretatik, beraz, jarraipeneko talde baten gisara har daiteke Ferreirarena, nahiz eta hautagaitzan aldaketak izango diren errektoreordeei dagokienez.

Ferreira Ekonomia Aplikatuko katedraduna da EHUn, eta, besteak beste, ikergai ditu genero arrakala eta emakumeen kristalezko sabaia. Ingelesez eta gaztelaniaz garatu du ikerketa ibilbidea, eta azken urteetan ikasi du euskara.

Hautagai bakarra

Behin gaur gobernu kontseiluak bozetarako egutegia onartuta, bidea martxan jarriko da, eta hautagaitzak azaro hasierarako aurkeztu beharko dituzte. Besterik izango ote da? Azken urteetan ez da halakorik izan: hautagai bakarra izan da azken bi hauteskundeetan. Batetik, ezker abertzalearen inguruko sektoreak ez du hautagairik aurkeztu 2004az geroztik, eta, areago, Balluerkaren aldeko botoa eskatu zuten sektore horretako kide batzuek azken bozetan. Bestetik, CCOOren bueltako sektorea: azken aldiz 2008ko hauteskundeetara aurkeztu ziren, eta geroztik ez dute lortu lista osatzea.

Gogoan izatekoa da zer gertatu zen 2008an, Perez Iglesias hautagai bakar zela: galdu egin zituen bozak, aurkako botoak gehiago izan zirelako aldekoak baino. Zerrenda hartako kide zen Ferreira, hain justu. Arautegia aldatu egin zuten, eta hautagai bakarra denean ezin da aurkako botorik eman: aldekoa edo zuria. Berez, aski da baliozko botoen herenak lortuta. Balluerkak bi heren lortu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.