Kataluniako Gobernu berriak ez du «zilegitasun politikorik», JxCren iritziz

Borrasek Aragonesi esan dio eska diezaiola parlamentuari agintean segitzeko babesa, edo bozetara deitzeko. ERCk «ardura» galdegin dio

Laura Borras JxCko presidentea, ostiralean, agerraldi batean. E. FONTCUBERTA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Pere Aragones Kataluniako presidenteak azkar erreakzionatu du. Gobernu berria nortzuek osatuko duten jakinarazi zuen herenegun, JxC Junts Per Catalunyak gobernua uztea erabaki eta bi egunera. Kontseilari berrien zerrendan dira, besteak beste, PSCko, Convergenciako eta En ComuPodemeko kide izandakoak. Gobernua osatuta, parlamentura begira jarri da Generalitateko burua; oraingoz, ERCren 33 parlamentariren babesa soilik dauka ziurtatuta —135 legebiltzarkide ditu ganberak—. Hori dela eta, Laura Borras JxCko presidenteak atzo adierazi zuen Aragonesek ez duela agintean jarraitzeko «zilegitasun politikorik eta demokratikorik».

Borrasek uste du ERC gobernatzeko oinarririk gabe gelditu dela, JxCk eta CUPek inbestidurarako eman zioten konfiantza galdu ostean. Hori dela eta, Aragonesi esan zion parlamentuari eska diezaiola agintean jarraitzeko babesa, edo, bestela, deitu dezala bozetara. «Lehen, gobernuak %52ko babesa zuen, eta orain, %21ekoa, baina %80 ordezkatu nahi duela dio», nabarmendu zuen Borrasek, kontseilari berrien izendapenari erreferentzia eginez. Aragonesek hautatu dituen gobernuko kide berrien artean dira Quim Nadal, Carles Campuzano eta Gemma Ubasart, PSCko, Convergenciako eta En Comu Podemeko buruzagi ohiak, hurrenez hurren.

Borrasen ildo beretik mintzatu zen atzo Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia, Twitter bidez. Haren esanetan, Aragonesek «eskubidea du» presidente izendatu zutenean hartu zituen konpromisoak aldatzeko, baina nabarmendu zuen erabaki horren ondorioz «gobernu programa berriro parlamentuan aurkezteko betebehar demokratikoa» duela.

JxCk bezala, CUPek ere konfiantza galdekizun bat aurkezteko eskatu zion Aragonesi. Oposizioak zentsura mozio bat aurkezteko aukerari buruz galdetuta, Borrasek adierazi zuen ez dela «pantailarik aurreratu» behar.

Gogor erantzun zion Laura Vilagra Presidentetzako kontseilariak JxCko buruari. Vox ultraeskuineko alderdiarekin parekatu zituen Borrasen adierazpenak. «Populismoa da modu horretara mintzatzea. Voxek askotan erabiltzen ditu hitz horiek [Espainiako] Kongresuan». Marta Vilalta ERCko bozeramaileak «oposizio arduratsua eta eraikitzailea» egiteko eskatu zion JxCri.

Eskua luzatuta

ERCren sostengutik harago, Aragonesek ez du gobernuan segitzeko babesik, oraingoz, indar independentisten artean. Eta independentistak ez direnen artean, berriz, elkarlanerako eskua luzatu diote PSCk eta En Comu Podemek. Oriol Junqueras ERCko presidenteak PSCren eskaintza baztertu zuen herenegun. «Agerikoa da PSC ez dagoela konprometituta errepresioaren amaierarekin». Salvador Illa sozialisten buruak Aragonesi eskatu zion «betoa berriz hausnartzeko».

Comukoen eta ERCren arteko kontaktuak hasiak dira, Aragonesi babes egonkor bat eskaintzeko aukerak aztertze aldera, eta hurrengo egunetan areagotu egingo direla iragarri zuen atzo Vilaltak, indar hura legealdirako «gakoa» izango dela iritzita.

Oraingoz, baina, jarrerak urrun daude. Jessica Albiach En Comu Podemen talde parlamentarioko buruak herenegun adierazi zuenez, Aragonesen gobernu berria «hilda jaio da». Presidenteari ohartarazi zion ez duela bere alderdiaren babesa eskuratuko parlamentuan «gehiengo egonkor bat» eratzeko gai ez bada.

ERCk hurbilen ikusten dituenekin negoziatu nahi du: En Comu Podemekin eta CUPekin, baina, horien babesa lortuta ere, 50 parlamentariko oinarria izango luke, gehiengo osotik —68 legebiltzarkide— urrun.

Datorren urterako aurrekontuen eztabaida izango da gobernuaren lehen erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.