2050. urterako karbono isuriak amaitzeko hitza eman dute 66 gobernuk

NBEk neurri zehatzak eskatu dizkie estatuei New Yorken egin duten gailurrean, klimaren egoera «2015ean baino okerragoa»baita orain

Greta Thunberg aktibista suediarra New Yorken, atzo.
Greta Thunberg aktibista suediarra New Yorken, atzo. JUSTIN LANE / EFE

Paulo Ostolaza -

2019ko irailak 24

Klimaren egoera hobetzeko orain arte ezarritako neurriak ez dira nahikoa: gas isuriek egungo garapenarekin jarraitzen badute, mendea amaitzerako tenperatura hiru gradu igoko dela aurreikusi du Nazio Batuen Erakundeak. Hori dela-eta bildu ziren atzo hirurogei herrialdetako ordezkariak New Yorken, eta lehen konpromisoa hartu zuten: karbono isuriak 2050. urterako amaitzea.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren arabera, bilerak «mugarri» izan behar du, eta helburua da «estatuek klima larrialdiarekiko duten konpromisoa handitzea». Gailurraren hasieran eman zuen hitzaldian proposamen zehatzak eskatu zizkien parte hartu zuten estatuei: «Helburua ez da diskurtso eta negoziazio entzutea, ekitea baizik».

Mota askotako neurriak proposatu zituzten: ikatza alde batera uztea elektrizitatea sortzeko; energia berriztagarria eskuratzeko azpiegiturak areagotzea; aberastasunen banaketa hobetzea; eta erregai fosilei diru laguntzak kentzea, besteak beste.

Neurri zehatzean artean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak oihan tropikalak babesteko aliantza bat aurkeztu zuen, Txile eta Kolonbiarekin batera. Diru funts bat sortuko dute horretarako, eta esan zuen dagoeneko badituela 100 milioi euro. Brasil falta da multzoan.

Macronez gain, New Yorkeko gailurrean izan ziren, besteak beste, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. Greta Thunberg aktibista suediar gazteak ere hitz egin zuen: «Nik ez nuke hemen egon beharko; nire haurtzaroa lapurtu didazue zuen hitz hutsekin». Fridays For Future mugimenduaren sortzailea izan zen gailurreko protagonistetako bat.

Hutsuneak nabarmenak izan ziren, ordea. Donald Trump AEBetako presidenteak ez zuen parte hartu, nahiz eta aurreikusi gabeko sartu-irten bat egin zuen une batean. Ez ziren izan New Yorken Japoniako eta Australiako ordezkariak; Brasilgoak eta Saudi Arabiakoak, berriz, bai, baina ez zuten hitz egin.

Egoera kezkagarria

«Gaur egungo egoera okerragoa da 2015ean Parisko Akordioa sinatu zenean baino», Antonio Guterresen arabera. Akordio hark zenbait helburu ezarri zituen, baina egoera ez da asko hobetu: CO2 gasen isuria inoizko handiena izan zen 2018an; tenperaturek gora egiten dute urtetik urtera, eta geroz eta ohikoagoak dira urakanak, uholdeak eta lehorteak.

Bestalde, Errusiak atzo iragarri zuen Parisko Akordioan zehaztutako neurriak onartzeko dekretu bat sinatu zuela Dmitri Medvedev lehen ministroak. Gaur egun, gas kutsatzaile gehien isurtzen dituzten herrialdeen artean laugarrena da Errusia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna