Hirugarren graduan jarri dituzte bertze hiru euskal preso

Gorka Loran, Jon Crespo eta Juan Karlos Herrador dira. Crespo bigarren graduan ezarria zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak

JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Etxerat euskal presoen senideen elkarteak atzo jakinarazi zuenez, hirugarren graduan ezarri dituzte bigarrenean zauden hiru euskal preso. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eskatuta eman diete erdi-askatasuneko erregimena Gorka Lorani eta Jon Crespori—Basaurin (Bizkaia) eta Zaballan daude (Araba)—, eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren aginduz Juan Karlos Herradorri —Basaurin dago—. Apirilaren 14an eta 26an gertatu ziren gradu aldaketok, hurrenez hurren.

Crespo hirugarren graduan ezartzen duten bigarren aldia da. Izan ere, Basauriko espetxeko tratamendu batzordeak erregimen horretan ezarri ondotik Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz bigarren graduan ezarri zuten berriro, eta kartzelara itzuli behar izan zuen joan den otsailean. Jaurlaritzak kontra egin dio orain Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiari, beraz.

Bertzalde, Etxerat-ek berri eman duenez, espetxez aldatzea iragarria zuten lau lekualdaketa egin ziren joan den ortziralean. Euskal Herri barnean mugitu dituzte bi euskal preso: Garikoitz Arruarte Iruñeko kartzelatik Martutenera eraman dute (Donostia), eta Jon Gonzalez, Iruñetik Zaballakora (Araba). Juan Luis Agirre Euskal Herriratu egin dute: Soriako espetxetik (Espainia, 260 kilometro) Zaballara. Eta Xabier Goienetxea, azkenik, Mont-de-Marsango kartzelatik (Okzitania, 260 kilometro) Lannemezangora urrundu dute (Okzitania, 330 kilometro).

Lazaro Galarza euskal iheslaria, berriz, apirilaren 16an itzuli zen Iruñera.

Euskal Herrian gehiago

Joan den astetik, jada gehiago dira Euskal Herriko kartzeletan dauden euskal presoak Frantzian eta Espainian daudenak baino. Euskal Herrian 101 daude; Espainiako kartzeletan, 74, eta Frantziakoetan, hogei. Euskal Herriko kartzelei dagokienez, Zaballan daude preso gehien (47), ondotik Martutenen (23), Basaurin (21), eta gainontzekoak Iruñean.

Gradu aldaketak, ordea, mantsoago doaz: gaur egun hamasei euskal preso daude hirugarren graduan, eta 162 bigarrenean. DPS estatusarekin lau daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.