Kristau Eskolak esan du apustu egiten duela euskararen alde

Eusko Legebiltzarrean itunpeko eskoletako zenbait patronaletako ordezkariek defendatu dute zerbitzu publikoa eskaintzen dutela

Ikasleak Donostiako Maria Aldapeta ikastetxean. JUAN HERRERO / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Segregazioa. Horixe izan zen atzo ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordioa erdiesteko Eusko Legebiltzarreko batzorde txostengilean landutako gai nagusia. Atzo, itunpeko ikastetxeen ordezkarien txanda izan zen: Kristau Eskolako, Izea irakaskuntzako zentroen elkarte independenteko, EIB Eusko Ikaskuntza Batzako, Ikasgiltzako, Giarbiko eta EBI Elizbarrutiko Ikastetxeen elkarteko kideen agerraldiak izan ziren, baita Haizea Miguela soziologoaren, Pilar Mayo hezkidetza adituaren eta Amuge Euskal Herriko emakume ijitoen elkartearenak ere. Segregazioa ez ezik, euskara ere izan zuten hizpide. Kristau Eskolako presidente Diego Banderen eta zuzendariorde nagusi Agustin Eizagirreren hitzetan, euskara gizarteko komunikazio hizkuntza izatea hezkuntzaren «oinarrizko erronketako bat da», eta hala izan dadin jartzen duten alea nabarmendu zuten: «Gure herriko errealitate soziolinguistiko ezberdinetatik, euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustua egiten dugu, geure burua ezagutzeko eta munduko errealitate ezberdinak ezagutzeko elementu gisa». Halaber, ikasleen eleaniztasuna «erabakigarria» delakoan daude.

Segregazioaren kontra

Sare publikoaren eta itunpekoaren aferari dagokionez, uste dute Kristau Eskolak «ekarpen handia» egiten duela, eta, horrenbestez, haien hezkuntza proiektuek «zerbitzu publikoaren izaera» dutela. Hala erantsi dute: «Bi hezkuntza sare izatea gainditu beharreko eta bigarren maila batera eramateko kontua da, hezkuntza sistemaren funtsari ekiteko: pertsona ororen hezkuntzarako eskubidea bermatzea, zerbitzu publiko bat emanez, izan ikastetxearen titulartasuna publikoa ala itunpekoa».

Horiek horrela, nola eragotzi daiteke segregazioa? Kristau Eskolak nahi duena da «guztien aukera berdintasuna ahalbidetuko duten neurriak» hartzea: «Gure hezkuntza sistemari ikuspegi inklusiboa eman beharko diogu, halabeharrez, eta Kristau Eskolak ere bat egiten du konpromiso horrekin».

Antzeko gaiak landu dituzte itunpeko ikastetxeen gainerako patronalek ere. EIBek, adibidez, defendatu du ikastetxeek «arnasgune» izan behar dutela euskararentzat, eta nabarmendu dute erabilera indartzearekin batera euskal kultura curriculumean sartu behar dela. Segregazioari dagokionez, beren burua zerbitzu publikotzat daukate, eta segregazioaren erronkan laguntzeko prest agertu dira.

Bide beretik jo dute kooperatiba diren hamabost ikastetxe biltzen dituen Ikasgiltza elkarteko ordezkariek ere. Sare publikoak eta itunpekoak helburu bera dutela adierazi dute: ikasleak heztea. Salatu dute, halere, diru gutxiago jasotzen dutela: «Itunpeko sarea gutxiegi finantzatuta dago». Horrez gain, ikastetxeek autonomia izan behar dutela ere aldarrikatu dute, eta eskatu dute lege berriak kooperatibei abantaila batzuk onar diezazkiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.