Kristau Eskolak laguntza publiko handiagoa eskatu du gatazka ixteko

Ostiralera arteko grebari ekin diote beharginek, itun berria eskatzeko. Patronalak ohartarazi du sarea arriskuan dela; Jaurlaritzari begira jarri da

Sindikatuek antolatuta, manifestazio jendetsua egin zuten atzo eguerdian Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Aurrerabiderik gabe, kale itsuan sartu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetako lan gatazka. Sindikatuek mobilizazio irmoak jarri dituzte mahai gainean: lau egunez jarraian egingo dute greba, atzo hasi eta ostiralera arte. Elkar hartuta daude sindikatu guztiak, eta lan hitzarmen berria nahi dute: soldatak igotzea, lan zamak arintzea eta egonkortasuna bermatzea, adibidez. Duela hamar urte izenpetu zuten aurreko ituna. Kristau Eskolak joan den astean egin zien azken proposamena sindikatuei, baina haiek ez dute nahikotzat jo, ez dakarrelakoan «aurrerapen nabarmenik». Kristau Eskolak ohartarazi du, ordea, hortik aurrera ezingo duela urrats asko egin, eta Jaurlaritzari begira jarri da: finantzaketa publikoa handitzeko eskatu du.

Beste bost egunetan greba egin ostean iritsi dira aste osoko protestara, eta sindikatuek iragarri dute aldaketarik ezean mobilizazio gehiagotara deituko dutela. Parte hartzeari dagokionez, aldeak: sindikatuek diotenez, hiru langiletik bik egin dute greba; hirutik batek, Kristau Eskolaren arabera.

Ikastetxe horietan 9.000 langile inguru ari dira —Kristau Eskola da sare nagusia, baina IZEA elkarteko ikastetxeak ere tartean dira—, eta ia 120.000 ikasle dituzte. Grebak eragin handia dauka, hortaz. Hain justu ere, ikastetxe katolikoetako gurasoen elkarteak salatu du kaltea jasaten ari direla: «Zer gertatuko da galdutako aste honekin? Eta, are okerragoa dena, zer gertatuko da etorkizunean?».

Mobilizazio jendetsuak

Oraingoz, behintzat, urrun daude bi aldeak. Sindikatuek antolatuta, manifestazio jendetsua egin zuten atzo eguerdian Bilbon. Negoziazioa eskatu zuten, orain artekoak «funtsik gabeko» proposamenak direlakoan. Hauek dira sindikatuen eskari nagusiak: soldatak handitzea —diote %10 galdu dutela erosahalmena—; irakasleen lan zama txikitzea, ordu osagarriak erreserbatuta; haur hezitzaileen eta hezkuntza laguntzako espezialisten baldintzak hobetzea; eta langileen egonkortasuna bermatzea gelak ixten direnean. Azken puntu horri dagokionez, gogoan izatekoa da jaiotza tasaren beherakada nabaritzen hasi dela: ume gutxiago dago, eta ikastetxeetan sumatzen hasi dira jaitsiera.

Kristau Eskolako zuzendari Mikel Ormazabalek hedabideen aurrean hitz egin zuen atzo, asteko lehen greba egunarekin batera. Aitortu zuen «ulertzekoak» izan litezkeela langileen eskariak, baina nabarmendu zuen ez dutela baliabiderik horiei erantzuteko. Areago, haren arabera, itunpeko sarea arriskuan dago gaur egungo egoerarekin. Jaurlaritzari begira jarri da, finantzaketa handiagoa eskatzeko: «Kontziente izan behar du zein den egoera». Ormazabalek gogorarazi du zerbitzu publikoa dela hezkuntza, eta haren bermatzailea dela Jaurlaritza. «Auzi honek ez die soilik patronalari eta sindikatuei eragiten».

Jaurlaritzak, ordea, bi aldeen gain utzi du akordioa lortzea, ez dagoelakoan «zuzenean» inplikatuta. Finantzaketa publikoa legez ezarrita dagoela gogorarazi du Josu Erkoreka eledunak: «Ez dugu ezkerreko poltsatik atera».

Sindikatuek adierazi dute Kristau Eskolak baduela aukera proposamena hobetzeko. Ostiral arte jarraituko dute greban. «Aurrerapen esanguratsurik» ezean, protesta gehiagotara deituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.