Eusko Jaurlaritzako gobernabidea. EAJ-PSE akordioa

Jaurlaritzan ere elkarrekin

PSE-EEk hiru sail kudeatuko ditu hurrengo gobernuan: Lan eta Justizia Saila; Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, eta Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Saila. Gaur aurkeztuko dute akordioa

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, alderdiko zuzendaritzako kideak agurtzen, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Hiru sailbururekin sartuko da PSE-EE hurrengo Eusko Jaurlaritzan. EAJk eta alderdi sozialistak koalizio gobernua osatzea adostu dute, eta PSE-EEk hiru sailen ardura hartuko du: Lan eta Justizia saila; Turismo, Merkataritza eta Kontsumo saila, eta Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza saila. Bi alderdietako zuzendaritzek eman zioten oniritzia, atzo, gobernu itunari. Akordioa ofizialki gaur aurkeztu dute Andoni Ortuzar EAJko presidenteak, Idoia Mendia alderdi sozialistako idazkari nagusiak, eta Iñigo Urkullu koalizio gobernuko lehendakari izango denak. Eusko Legebiltzarrean sinatuko dute idatzia. Hala, alderdi jeltzaleak eta alderdi sozialistak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietan eta hainbat udaletan duten gobernu akordioa Jaurlaritzara hedatuko dute.

EAJren Batzar Nazionalak eta PSE-EEren Komite Nazionalak gobernuaren «programa eta egitura» adostu dituzte, asteetako negoziazio eta elkarrizketen ondoren. Egiturari dagokionez, Urkulluren hurrengo gobernuak 11 sail izango ditu, oraingo Jaurlaritzak dituenak baino hiru gehiago. Edukian, lau arlo nagusi bereizi ditu bi alderdien arteko itunak: enplegua eta ekonomiaren sustapena, gizarte politikak, bakea eta elkarbizitza, eta autogobernua. Azken atalari lotuta, «estatutuaren berritzean» amaitu behar duen prozesua abiatzea adostu dute bi alderdiek eta legebiltzarrean autogobernu lantaldea abiaraziko dute horretarako. Aldiz, ez dute jarrera politiko bateratua finkatu autogobernu ereduari buruz, eta lantaldearen baitan iritzi propioa defendatzeko askatasunari eutsiko diote.

Akordioak dioenez, legebiltzarreko lantaldean adostu beharko dituzte taldeek estatutu berriaren oinarriak izango direnak. Oinarri horien araberako estatutu zirriborroa idazteko zein prozedura jorratu ere onartu beharko dute —zortzi hilabeteko epean osatu beharko lukete zirriborroa—, eta testu artikulatua lege proposamen modura eztabaidatuko da, azkenik, legebiltzarrean.

«Elkarbizitzaren normalizaziorako» hiru erronka nagusi aipatzen dira itunean: «ETAren armagabetzea eta behin betiko desagertzea», kartzela politika eta iraganari buruzko «memoria kritikoa». Jaurlaritzak ETAren armagabetzerako proposamena egingo du. Horrez gain, kartzela politika aldatzea galdegingo du, euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzeko eta «eragin humanitario handieneko arazoei» erantzuteko. Kartzela politikaren eskumena Madrildik Jaurlaritzara eskualdatzea ere eskatuko du.

Enpleguaren arloan, gobernu koalizioak langabezia tasa %10etik behera jaisteko helburua ezarri du, bestalde. Helburua lortzeko, enpleguari eta ekonomia sustapenari lotutako neurriak uztartuko dituen plangintza osatuko du. Lan mundura sarbide zailena duten gizarte taldeentzako plan bereiziak ere iragarri ditu. Hala nola gazteentzat, 45 urtetik gorakoentzat, luzaroko langabeentzat eta emakumeentzat. Espainiako Gobernuari Gizarte Segurantzaren eskumena galdegitea ere adostu dute bi alderdiek.

Gizarte politikei dagokienez, berriz, DSBE «errotzeko» neurriak hartuko direla iragarri du itunak. Gizarte laguntzak jasotzen dituzten pertsonak bazterketa egoeran ez «betikotzeko» eta lan mundura bultzatzeko asmoa adierazi dute eta Lanbide eraberritzeko borondatea agertu dute. Era berean, Jaurlaritzak gizarte zerbitzu eta politiken eskumen guztiak eskualdatzeko galdegingo dio Madrili.

«Akordio historikoa»

EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa «historikoa» dela deritzo Idoia Mendia alderdi sozialistako idazkari nagusiak. «Historikoa da abertzaleak eta sozialistak gure desadostasunak alde batera uzteko gai izatea, berriz ere, elkarrekin eraikitzeko hurrengo urteetarako herri proiektu anitza». Mendiak nabarmendu duenez, itunak «elkarrizketa berria proposatzen du Espainiarekin». Autogobernuan sakontzeko balioko du itunak, Mendiaren esanetan, «akordioaren eta legearen bidetik». Kataluniako ereduaren aurrean, EAJk eta PSE-EEk beste eredu bat adostu dutela adierazi du. «Aldebakarreko planik ez. Gure elkarbizitza eredua denon artean erabakiko dugu, inor baztertu gabe». Iragarri du Mendiak ez duela ardurarik hartuko Eusko Jaurlaritzan.

EAJren eta PSE-EEren arteko koaliziorik ez da izan EAEko gobernuan, 1998az geroztik, Jose Antonio Ardanza (EAJ) lehendakari zenetik —EA ere gobernuan zegoen orduan—. Jaurlaritza elkarrekin gobernatuko dute berriz ere EAJk eta PSE-EEk, 18 urte geroago. Oraingoan, ordea, gobernua sostengatuko duten alderdiek ez dute gehiengoa izango Eusko Legebiltzarrean. 75 legebiltzarkidetatik, 37 ordezkari dituzte bien artean —EAJk 28 eta PSE-EEk 9—. Beraz, hainbat lege eta ekinaldi aurrera eramateko (aurrekontuak, esaterako), ezinbestekoa izango dute, gutxienez, beste indar baten adostasuna lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.