Lorea Agirre. 'Jakin' aldizkariko zuzendaria

«Euskarari arreta osoa zor zaio, irautekotan hemen eta orain iraungo baitu»

Euskal kulturaren munduko hamalau lagun ezagunek osatzen duten taldea gidatuz, maiatzaz geroztik ari da Lorea Agirre 'Jakin' aldizkaria zuzentzen. Esku artean duen zereginaren zailtasunez kontziente izateak ez dio galarazten ilusioa.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Iragan maiatzetik, Jakin aldizkariko zuzendari kargua hartu zuenetik, «ilusioz eta gustura» ari da lanean Lorea Agirre (Beasain, Gipuzkoa, 1968). «Uste dut Jakin-ek aukera ematen duela gauza asko egiteko, asmatzen badugu behintzat. Ez gara hutsetik hasten, Jakin-ek ekarpen garrantzitsuak egin baititu urte askoan, maila handia emanez, erabaki estrategiko asko hartuz… Horrek posizio batean jartzen zaitu; ez zara hutsetik hasten. Plataforma ona da betiko gaiei helduz —hizkuntza, kultura, herria; edo pluralean jarrita, gaur egun hala erabiltzen baitira: hizkuntzak, kulturak, herriak— arazo zaharrei buruz galdera berriak egin eta erantzun berriak bilatzeko».

Jakin Talde berria aurkeztu zenuten maiatzean. 14 lagunek osatzen duzue. Jende ezaguna eta kualifikatua dago taldean, baina oso lanpetua. Zer moduzko ekarpena egiten ari dira?

Hamalau laguneko talde bat gara, baina horietako gutxi gaude egunero aldizkariaren eguneroko martxan lanean. Erredakzio kontseilu moduko bat osatzen dugu. Orain artean bi bilera egin ditugu, eta gure asmoa da urtean gutxienez hiru bilera egitea, eta bilera horietan Jakin aldizkariaren eta Jakin egitasmoaren lerro nagusiak eztabaidatzea eta erabakitzea. Aldizkariaren maiztasunak, bi hilabetean behin argitaratzeak, posible egiten du funtzionamendu hori, erabakiak hartzeko denbora badugulako eta horri esker taldeak baduelako eragina produktuan. Orain arteko bi bileretan, eta bereziki azkenekoan, 2015eko aldizkarien gai ardatzak erabaki ditugu. Taldeak badu beste ezaugarri bat benetan inportantea: gaien inguruko eztabaida eta elkar elikatzea. Asko ikasten dugu elkarrengandik, eta hori ere oso motibagarria da.

Ohorea eta ardura ez ezik, «erronka» handia ere bada zuretzat Jakin zuzentzea, aurkezpenean esan zenuenez. Ez baita erraza egun eta hemen euskarazko pentsamendua zabaltzea.

Egia da gaur egun, hedabideetan, komunikabideetan edo sozializazio bideetan, Twitterrek eta antzeko sare birtualek dutela indarra, edo lehenesten direla. Eta bada modu bat informatzeko, interaktuatzeko eta komunitatea egiteko. Gure garaiaren ezaugarri bat da hori, neurri batean, eta, kontestu horretan, badirudi artikulu sakonagoak, saiakera gisakoak, irakurraldi lasai eta pausatuagoa eskatzen dutenak ez direla txertatzen egunero dugun abiadura horretan. Baina, aitzitik, zurrunbilo hori dagoelako da beharrezkoa beste hori; zurrunbilo informatibo uniformizatzaile horretan beharrezkoak dira arnasa luzeagoko artikuluak eta gogoetak ere. Biak osagarri direla uste dut. Badakigu Jakin-en irakurleria ez dela inoiz masa handi bat izango, Jakin interes oso jakinak dituen jendearengana baino ez dela iritsiko, eta gero horiek beste modu batez balia dezaketela informazioa: hizkuntzaren eta kulturaren inguruan lan egiten duten irakasleak, teknikariak,sortzaileak, kazetariak… Horientzako bazka da Jakin, eta, handia ez izanagatik, hori da gure eremua. Baina ez gaude sare birtualetatik kanpo.

Maiatzaz geroztik argitaratutako Jakin-en zenbakiei erreparatuta, badirudi gutxika-gutxika egindako aldaketa pausatua dakarrela talde berriak, ez bat-bateko iraultza bat.

Epe luzean joango dira ikusten aldaketak. Maketazioaren eta itxuraren aldaketa egin da aurten. Edukiari dagokionez, talde berria abiatu zenerako aurtengo gai monografikoak gutxi-asko erabakita zeuden. Parte hartzearen gaiari buruzko monografikoa da [203. zenbakikoa] nik diseinatu dudan lehena. Aldaketak joango dira agertzen, baina, bai, trantsizio bat izango da.

Zer aldaketa nagusi ekarriko ditu etorkizunak Jakin-era?

Gaitegiari dagokionez, nik uste dut betiko Jakin-en gaiei helduko diegula, baina beste begirada batekin edo beste elementu batzuk txertatuta. Eta gai berriak ere agertuko dira. Jakinkide berrien ekarpena hortxe ikusten da: gaietan eta begiradetan. Artikulu egileen sarea zabaldu nahi dugu, eta gaztetu ere bai, eta aldizkaria ireki, aukera emanez pentsamenduaren munduan dabilen hainbat jenderi. Artikulu zientifiko-dibulgatiboen ondoan beste mota bateko artikuluak argitaratzeko asmoa ere lantzen ari gara, artikulu malguagoak, periodistikoagoak; kronikak, adibidez, edo elkarrizketak… Urtero urtarrileko lehenengo alean sartzen den elkarrizketa luzeaz gain —horri eusteko asmoa dugu—, bestelako elkarrizketak sartzeko aukera ari gara aztertzen. Eta beste era bateko elementuak sartzeko asmoa ere badugu.

Adibide zehatzik aipatzerik bai?

Adibidez, urtarrileko zenbakitik aurrera kontrazalean Unai Iturriagak euskal kulturaren inguruko ilustrazio moduko bat argitaratuko du, gogoeta eta umorea uztartuz. Uste dut gauza berriak probatzeko unea dela. Talde berria osatu zenetik egin ditugun bileretan ideia asko agertu dira, eta denetik hitz egin da. Eztabaidatu da, adibidez, Jakin-en argazkiak sartu behar diren ere; bai edukiaz, bai formaz, bai estilo periodistikoaz, erabili beharreko generoez… Denari buruz hitz egin izan da. Orain arte bezala, garrantzi handia izango du Jakin-ek beti hain ondo egin izan duen hori egiten jarraitzeak: identifikatu zeintzuk diren eztabaida interesgarrienak, zein gai garrantzitsuak, zer erronka duen euskal kulturak, edo zer eztabaida probokatu nahi ditugun; eta baita hori paperetik harago sozializatu ere.

Euskal kulturak «modernoa, antidogmatikoa eta irekia» izan behar duela diozu.

Nik uste dut neurri handi batean hala dela. Esango nuke euskarak zentralitatea duen kultura —zentzu zabalean, ez bakarrik kulturgintza, oro har baizik— modernoa dela, garaikidea; antidogmatikoa dela, bere buruaren kritika egiten duela eta bere burua eztabaidan jartzen duela; eta irekia dela eta prest dagoela eztabaidarako, betiere eztabaida eztabaida denean, eta ez iraina. Nik horrela ikusten dut euskal kultura, eta nik gustuko ditudan sortzaileengan —eta asko dira— jarrera hori argia da. Bai kazetaritzan, bai sorkuntzan, bai pentsamenduan…

Saiatuta ere nekez kentzen du, hala ere, euskal kulturak zaharkitu, dogmatiko eta itxiaren fama.

Ez bakarrik gure hizkuntzakoak ez direnek; baita gure hizkuntzakoak direnek ere askotan ikusi gaituzte itxi eta dogmatiko. Beste asko baino irekiagoak garela esango nuke, kontuan hartuta herri honetan dogmatismo asko egon dela eta oraindik ere badagoela. Txikitasunaren ajeak dira uste ustel horiek. Beti ibili behar duzu esplikatzen ez zarela itxia, ez zarela sektarioa, ez zarela esentzialista. Baita lagunei ere. Horrek asko kezkatzen nau. Pasatzen dira urteak, etortzen dira belaunaldi berriak, eta jende prestatua entzuten duzu, ikasketa guztiak euskaraz egindakoa, eta oraindik ere aje horiek barru-barruan ditugula konturatzen zara. Asko kezkatzen nau horrek. 25 urteko ikasle bati «euskal kultura euskaraz zuk egiten duzuna da!» azaldu beharrak. Kontrara, txikitasunaren bertutea ere bada zeure burua beti zalantzan jartzea eta hobetzea. Hegemonian dagoenak ez du horren beharrik.

Talde berriarekiko eta Jakin-en etorkizunarekiko konfiantza agertu du beti Joan Mari Torrealdaik, aurreko zuzendariak. Baina kezka bat ere erakutsi du: «Problema da gure herriak benetan nahi duen etorkizun propio bat. Benetako apusturik ez badago, jai dugu guk eta jai dute kulturaren munduko beste organo askok».

Badago norbait bestaldean, hori espero duena, hori nahi duena? Badago nahikoa jende hori sostengatuko duena? Beharbada bi alde ditu kezka horrek. Bata da esatea, amorrutik edo, ea benetan nahi dugun euskal kultura aurrera ateratzea, gure ondorengoei euskal ekosistema kultura ahalik eta burujabeena ematea. Edo benetan ez dugu nahi? Azken berrogei urteetan gauza asko aurreratu da, eremu batzuetan bereziki, beste batzuetan ez hainbeste, baina beti dago hor nahi eta ezin bat. Beste alde batetik, gauzak ondo egin izanaren emaitza ere badago, hobeto egiteko nahiarekin batera. Uste dut azken 30 urteetan sortzaile, produktore, hedabide, eta abarren artetik elikagaiak sortzen lan handia egin dela, asko sortzen dela, ona sortzen dela, Euskal Herrian une honetan, salbuespenak salbuespen, libururik onenak edo kazetaritza lan txukunenak edo musika proposamen interesgarrienak, eremu batzuetan bereziki, euskaraz sortutakoak direla. Indarra hor jarri da, baina beharbada indarra ez da jarri bestaldean, hartzailearengana iristeko bideetan.

Eta jarri beharko da aurrerantzean, zure ustez?

Beharbada unea da erronka bat jotzeko eta horretaz arduratzeko. Gaur egun aldizkari bat errazago egiten dugu. Teknologikoki errazagoa da, idazteko ere jende gehiago daukagu, pentsatzen, proposamen berriak egiten... Baina aldi berean gero produktua iritsi behar duen eremu hori da, batetik, merkatu basati bat, kaos bat, baina aldi berean oso kaos organizatua, hor erreka nagusi bat baitago, eta erreka nagusi hori neurri handi batean bahitua dago, gure kontsumoan, mainstream edo deitzen den horrek bahitua. Erdigune horretan batez ere hizkuntza hegemoniko eta handietan sortzen den kultura dago, kultura komertzial —hitzaren zentzurik txarrenean—, banal eta eskasena. Hori da lotan gaudenean ere sartzen zaiguna, eta hori da bahitutako merkatu hori. Hizkuntza hegemoniko horietan egiten den bestelako kulturak ere —independentea, proposamen berrietan oinarritua— oso zaila du bidea egitea. Bila zoaz edo ez dituzu harrapatzen. Eta hizkuntza ez hegemonikoetan, zer esango dizut… Une honetan, ikusgarritasuna lortzea oso zaila da. Estrategiak pentsatu eta abian jarri behar dira euskal ekosisteman sortzen dena hartzaile potentzialaren begien aurrean jartzeko. Gero gustatuko zaio edo ez, baina gutxienez begien aurrean jarri. Horretarako ezinbestekoa da elkarlana, baina, sektoreetako eragileen artean ez ezik,baita herri ekimenen eta erakunde publikoen artean ere.

Zer egin daiteke egoera horri aurre egiteko?

Hizkuntza hegemonikoetako kulturen ohiko bideak hor dira: hezkuntza kultur transmisio gune bihurtu, hedabideak sozializazio eta bisibilizazio tresna indartsu, parte hartzea sustatu eta partaidetza landu, erabakiguneak eremu publikora ekarri; jakintza, sorkuntza, gozamena eta kontzientzia partekatu... Horretarako bideak jarri daitezke eta jarri egin behar dira.

Euskararen zentralitatean ez sinestea leporatzen zaie askotan politikariei. Bat zatoz horrekin?

Bai. Nik uste dut guk geure buruarengan sinistu behar dugula. Alderdi abertzaleetan, oro har, salbuespenak izan daitezkeen arren, beti daude euskara eta euskal kultura baino aurreragokotzat jotzen diren borrokak. Hizkuntza eta kultura ez badituzu zentraltzat kontsideratzen komunitate baten eraikuntzan, edozer da garrantzitsuago, beharrezkoago. Ezin da esan «ez diogu euskarari emango, politika sozialei emango diegulako, osasunari emango diogulako». Normalean ez zaielako ematen gainera, baina horrezaz gain hizkuntza eta kultura eguneroko bizitzatik hain aparte hain dekoratibo ikustea larria da, zeren jan edo ez jan, osasuntsu egon edo gaixo, hitz egin egiten da hizkuntzaren batean. Hizkuntza bati ematen ez diozuna beste bati ari zara ematen, talde subordinatu bati ematen ez diozuna hegemonikoari ematen ari zaren bezalaxe. Ez dago espazio edo ekinbide neutrorik.

Nolakoa izan behar du hizkuntzen arteko harremanak?

Euskara zentralitatean nahi dugu ez zaharra delako, edo jatorri ezezaguna duelako, eta agian ezta hemengoa delako ere. Euskarari arreta osoa eman behar zaio irautekotan hemen eta orain iraungo duelako. Euskarak iraungo du hemen eta orain, edo ez du iraungo. Ez bihar, eta ez diasporan. Hemen eta orain. Bestela, ez du etorkizun ziurrik. Beste alde batetik, uste dut politika, besteak beste, justizia soziala egiteko eta bermatzeko dagoela, basikoki hori dela gobernantza politikoaren zeregina. Horretarako subalternitatean, bazterretan, gutxiegitasun egoeran dauden jende, egoera eta elementuez arduratu behar du, horiek hegemonikoen parean jartzen ahalegintzeko. Eta horrek esan nahi du ez guztiei aukera berdinak ematea, azpiratuak daudenei aukera gehiago ematea baizik. Alegia, parte hartze eremu eta agente kopuruak ugarituta ere, norbait kendu beharko da beste norbaiti lekua egiteko. Eremu horretan sartzen da euskara. Kultura horixe da, azken finean, besteari —hurkoari, azpiratuari, baztertuari, ahulari— lekua egitea. Euskarari lekua egin behar zaio, eta euskarak leku egin behar dio besteari, bai diskurtsoan eta bai praktikan.

Apustu gogor bat egiteko sinesmen falta sumatzen duzu abertzaletasunean?

Ez dut horrelakorik ikusten. Eta beste eremu batzuetan are gutxiago.Euskararen auzia feminismoarena antzekoa da oso, bai subalternitatea bizitzeko moduan eta baita buru-jabetza bideak planteatzerakoan. Feminismoa pertsonen arteko berdintasunaren aldeko borroka denez, lortu duen lekua lortu du aldarri politiko bihurtu, bere burua modu autonomoan antolatu, kalea hartu eta plaza publikoan kokatu delako. Feminismoak egin moduan egin behar luke bidea euskarak ere. Euskararen eta euskal kulturaren defentsa hizkuntza eta kultura guztien defentsa da, baita hegemonikoena ere. Ez horrela hegemoniaren defentsa. Horrek bere burua baino ez du defendatzen, gainontzekoak baztertuz. Euskara ere pertsonen arteko berdintasuna da, eta zentralitatean jarri behar da.

Abertzaletasuna indartzeko euskararen inguruko aldarriak apaltzearen alde daude batzuk.

Beldur naiz azkenaldi honetan abertzaletasunaren baitan euskararen inguruko diskurtsoa aldatzen ari dela. Estatu independente bat egikaritzeko moduko zerbait dela usaintzen hasi garenean, duela bost edo zazpi urte desio baino ez zena orain errealitatean lortzeko modukoa izan daitekeela ikusten hasi garenean, hasi dira abertzaletasunaren baitan estatu hori lortzearen inguruko formulazioa eta prozesua pentsatzen, eta baita estatu hori nolakoa izango den aztertzen ere, eta nahiko kezkatuta ikusten dut abertzaletasunaren diskurtso horietan, euskara, inplizituki, eta baita esplizituki ere, traba gisa ikusten duela hainbatek estatugintza bidean, eta estatugintzaren nolakotasunean ere zokoratu egiten dela. Baina hemen ez dago muturik. Hori batetik, eta bestetik, euskararen patuaz kezka duen horrek zergatik onartuko du euskara gabeko —baina erdaradun— independentzia bide bat? Estatu propioaren garrantzia handia delako hizkuntza baten etorkizunean, ados; baina hori al da garrantzitsuena? Areago, hutsean zer bermatzen du horrek? Uste dut hizkuntzaren eta kulturaren diskurtsoa eta lekua estatugintzaren gai honetan berritu, birformulatu eta eztabaidaren eta gatazkaren erdira ekarri behar dugula. Hori izango da Jakin-en aurtengo erronketako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.