Eskola publikoaren alde, kalera

Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak deituta, manifestazioa egingo dute, gaur, Bilbon

Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Eskola Publikoaren alde. Hezkuntza Lege honi ez! lelopean, manifestaziora deitu du gaurko Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak. Hogei bat eragile batzen ditu: besteak beste, EHIGE, Heize, Steilas, LAB —ez dago manifestaziora deitu zutenen artean, baina bat egin du protestarekin—, Ikasle Abertzaleak eta Ikama. Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarreko hezkuntza ituna izenpetu bazuen ere, manifestaziora joatera deitu du. Protesta 17:30ean hasiko da, Bizkaiko Hezkuntza ordezkaritzan. Baikor mintzo da Arantza Fernandez de Garaialde, topaguneko kidea: «Espero dugu kaleak betetzea».

Deitzaileek ez dute begiko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren egungo testua. Baina zer aldatu behar da? Hezkuntzaren hiru zutabeek, ikasleek, irakasleen ordezkariek eta gurasoek beren ikuspegia eman dute. EHIGE, Steilas, LAB eta Ikamaren ahotik egin dituzte ekarpenak.

Lau gai nagusiren inguruan dute zer esana: euskara, sare publikoa eta itunpekoa, segregazioa eta erlijioa. Euskarari dagokionez, bat egin dute, eta nabarmendu dute presentzia handiagoa izan behar duela; ez dute bat egiten testuan ageri den euskara ardatz duen sistema eleaniztunarekin. Honela azaldu du Steilaseko kide Nagore Iturriozek: «Aurrerapauso bat eman beharko luke murgiltze eta mantentze eredu baterantz. Hizkuntza ereduak desagerrarazi eta euskara hezkuntzaren ardatz bihurtu behar da».

Zehaztasun eskea

Halaber, aurreproiektuan jasota dago ikasleek euskaraz B2 maila lortu beharko dutela. Horrekin ados egon arren, baliabideak galdegin ditu Irati Tobarrek, LABeko irakaskuntza idazkariak: «Jaso behar luke nola lortuko duen ikasle bakoitzak B2 maila hori bukaeran». Harago joanda, Ikamako Uxue Iturriondok euskal curriculumaren falta sumatzen du: «Ezin dugu benetako hezkuntza euskaldun eta duin bat izan euskal curriculumik gabe».

Euskararekin batera, segregazioa da kezka iturri nagusietako bat. Testuan jasota dagoenez, «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa» eskola publikoen eta itunpekoen bidez emango dute.EHIGEren koordinatzaile Lurdes Imazek ezinbestekotzat du hezkuntza sistema dualean eragitea segregazioari aurre egiteko: «Sistema duala daukagun bitartean, segregazioa izango dugu. Gure ustez, eskola publikoa indartu behar da, leku gehiago sortu behar dira, eskola publikoa delako benetan ikasle guztiei bermatzen diena irakaskuntza kalitatezkoa eta euskalduna».

Iturriozentzat, publifikaziorako bidea urratu behar da: «Urteak daramatzagu esaten publifikazio progresibo bat egin behar dela». Pausoak ematen hasteko garaia delakoan dago: «Adibidez, kontratazio sistema: zerrenda bakar bat bi sareetarako. Edo haur eskolen publifikazioa. Edo bi sareen eginkizunak, organigramak, ordutegiak... parekatzeko pausoak eman ditzake, eta epe ertainean publifikazioari ekin». LABen ustez, berriz, Euskal Hezkuntza Zerbitzuari ezin zaio publikoa deitu, «publikoa delako titulartasun publikoa duena», eta funts publikoak jasotzeko baldintzak zorroztearen alde egin du. Bata bestearen atzetik zerrendatu ditu horretarako baldintzak: euskara, laikotasuna, doakotasuna, inklusioa eta euskal curriculuma, besteak beste. Eta kontrolak: «Garrantzitsuena da kontrol mekanismoa zehaztea eta zorroztea». Gainera, itunpekoei diru gehiago emanez gero, publikoekin ere halatsu aritzea nahi du.

Laikotasunaren alde

Desberdintasunak desberdintasun, galdetutako eragile guztiek bat egiten dute puntu batean: hezkuntzak publikoa izan behar du. Tobarrek esan du diru publikoa jasotzen duten ikastetxe denek laikoak izan behar dutela, eta bi ildotatik lan egin beharra nabari du: sinbologia kristaua kendu, eta, bereziki, curriculumean eragin: «Erlijio kristauak ezin du hezkuntza proiektu baten oinarri izan». Halatsu mintzo da Iturriondo ere: «Diru publikoz ordaindutako ikastetxeetan egun erlijio kristaua ematen jarraitzea ez da zilegi, eta lotsagarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.