«Anabasagatik» azalpen eske

ELAk Jaurlaritzari egotzi dio Ordezkaguneko arazoen ardura. EP-IUk argibideak eskatu ditu

ELAk elkarretaratzea egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren ordezkaritzaren atarian. ELA SINDIKATUA.
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Ika-mika ez da baretu. Ordezko irakasleei eta hezitzaileei lanpostuak esleitzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erabiltzen duen Ordezkaguneplataforman izandako gorabeherei buruzko polemikak segida izan zuen atzo. Sisteman izandako «anabasa» salatzeko elkarretaratzea egin zuen atzo ELA sindikatuak Bilbon, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak duen ordezkaritzaren aurrean, eta salatu zuen «arazo tekniko hutsez» harago doala auzia. Hain justu, sindikatuak Hezkuntza Sailari aurpegiratu zion esleipen prozesuan erabili dituen «irizpide ekonomizistak» daudela gorabehera horien atzean: «Ongi antolatutako ikasturte hasiera bat lehenetsi beharrean, irailaren 1etik 5era ordezkapenik egin ez, eta dirua aurreztea lehenetsi du».

ELAk uste du sortutako arazoak saihestu zitezkeela. Azaldu du uztailean Hezkuntza Sailak bazuela irakasle titularrek eskatutako baimenen eta lanaldi murrizketen berri, eta, beraz, irailaren 1erako lanpostuak beteta izan zitzakeela. Haatik, sindikatuak salatu du irailaren 5ean beste esleipen prozesu bat egitea erabaki zuela, lanpostu horiek ikasturte osorako ordezkapenak ez zirela argudiatuta, eta, irailaren 1ean eta 2an sortutako lanpostuak eskaintzeaz gain, abuztuaren 31ko esleipenetan eskaini ez zituen lanpostuak eskaini zituela. Gainera, hilaren 5ean eta 7an arazoak errepikatu zirela salatu du: «Ondorioz, milaka ordezkok ez dute aurreko gauera arte jakin zein eskolatara joan behar zuten lanera».

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, ostera, joan den ostegunean esandakoari eutsi zion atzo, eta «arazo teknikoei» egotzi zien Ordezkagune plataforman izandako kolapsoa; halaber, ukatu egin zuen langile faltagatik izan dela. Ikastetxe publikoetakoeskola garraioaren auziari dagokionez, berriz, sailburuak nabarmendu zuen alde guztiek «amore eman» dutela akordioa lortzeko.

EP-IUren kritikak

Ikasturte hasieran izandako arazoen inguruan hainbat galdera erregistratu ditu Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean. Zehazki, Hezkuntza Sailari azalpenak eskatu dizkio garraioarekin izandako arazoez eta Ordezkagunearen kolapsoaz.

Isa Gonzalez legebiltzarkidearen ustez, ez da aski Bildarratzek barkamena eskatu izana: «Arazoak aurkitu eta irtenbideak eskaini behar dira». Halaber, eskola publikoa «baztertzeko» urratsak egitea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.