Aurrekontuak baino gehiago

EAJ eta EH Bildu Calvorekin batzartu dira. Bi indarrek uste dute gobernua bera dagoela jokoan

Jose Antonio Montilla, Carmen Calvo eta Mertxe Aizpuruaren arteko bilera, atzo. BERRIA.
jon olano
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako datorren urterako aurrekontuak negoziatzeko prozesuan, euskal alderdi abertzaleak Espainiako Gobernuarekin biltzeko eguna izan zuten atzo. Carmen Calvo gobernuko presidenteordea arratsaldean batzartu zen Aitor Esteban EAJko Espainiako Kongresuko bozeramailearekin aurrena, eta Mertxe Aizpurua EH Bilduko ordezkariarekin gero. Bi indar politikoak bat datoz: negoziazio mahaian dagoen gauza bakarra ez dira aurrekontuak, PSOEk eta Unidas Podemosek osatutako gobernuaren egonkortasuna baizik.

Berri agentzien arabera, EAJk «prestasuna» dauka gobernuaren datozen hilabeteetako jardunaz «hitz egiteko eta ados jartzeko». «Entzutera noa», esan zuen bileraren aurretik Estebanek ETBn, eta kontuak negoziatzeko eta onartzeko prestasuna agertu zuen: «Ziur asko, hainbat gauza sortuko dira. Aurrekontuak aurrera ateratzen ez badira, uste dut beste hauteskunde batzuetara behartuta egongo garela guztiok, eta ez dut uste horrek ezer konponduko lukeenik».

Aizpurua, berriz, ordubetez egon zen Calvorekin. Euskadi Irratian, Mertxe Aizpurua bozeramaileak azaldu zuen aurrekontuen esparruan lortu beharreko akordioek «Euskal Herriaren onurarako» izan behar dutela: «Norabide horretan, nahitaezkoa da politika sozial eta ekonomikoak mahai gainean jartzea».

Goizean, berriz, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere aurrekontuez harago begiratu zuen negoziazioez hitz egiterakoan: «Ustez aurrerakoia den gobernu bat baldintzatu nahi dugu. Hemen jokoan ez dago soilik aurrekontu batzuk izango ote diren edo ez, baizik eta, seguruenera, Espainiako Estatuaren norabidea zein izango den datozen urteetan». Indar subiranistaren eraginarekin ez dago gustura, ordea, Covite indarkeriaren biktimen elkartea. Atzo, Pedro Sanchezen gobernuari eskatu zion EH Bildu utz dezala aurrekontuen negoziaziotik kanpo.

Calvo presidenteordea joan den astean hasi zen Espainiako Kongresuko talde parlamentarioekin hizketan, eta oraindik lotzeko dauzka talde mistoko kideekin egin beharreko bilerak. Presidenteordeak amaierarako utzi ditu gobernua osatzen duten alderdiak, eta bilera sorta horretatik kanpo utzi du Vox.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.