2021eko Bertso Txapelketa Nagusia atzeratu dute, noiz izango den zehaztu gabe

Berez, datorren irailean ziren hastekoak txapelketako saioak, baina Bertsozale Elkarteak ez du nahikoa bermerik ikusten aurrera egiteko

Maialen Lujanbio bertsolaria, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian. LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU.
Inigo Astiz
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
«Datorren irailean hasiko litzateke 2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia, egoera ohikoa balitz. Ohikotik gutxi du egoerak, ordea, eta nekez betetzen dira txapelketa behar bezala gauzatzeko baldintzak». Bazebilen zurrumurrua lehenagotik ere, eta Bertsozale Elkarteak konfirmatu egin du erabakia: atzeratu egingo dute 2021eko Bertso Txapelketa Nagusia. Prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez, ez dute nahikoa bermerik ikusten txapelketa egin ahal izateko, eta ez dute zehaztu noiz izango den. «Pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera erabakiko dugu noiz egin».

Elkarteak gogorarazi duenez, koronabirusak eragindako osasun krisiak nabarmen moteldu ditu hala bertsolaritzaren ohiko zirkuitua nola martxa ere. Bertan behera geratu dira bertso saio ugari, esaterako, eta, osasun egoera kontuan harturik, bertso eskolek ere zailtasunak dituzte «normaltasunez» jardun ahal izateko. Horrez gainera, txapelketak bildu ohi duen jendetza ere izan dute gogoan antolatzaileek, eta, egungo osasun irizpideak kontuan hartuta, argudiatu dute «pentsaezina» bilakatu dela txapelketak bildu ohi duen jende multzo hori biltzea. Parte hartzaileren bat gaixotzeko arriskua ere badagoela esan dute, eta lehiatzeko aukera berdintasuna urratuko luke horrek. Horregatik guztiagatik hartu dute erabakia, azaldu dutenez. «Hasi eta buka, txapelketa gauzatzeko bermerik ez dago».

Bestelako saioak

Txapelketarik egin ez arren, bestelako zerbait badu buruan elkarteak datorren urterako. Jakinarazi duenez, hurrengo egunetan «bertsolaritzaren plaza sustatzeko» bestelako egitasmo bat aurkeztekoa da elkartea. Prentsa oharrean diotenez, bertsolaritzaz gozatzeko guneak bultzatzen eta antolatzen jarraitzeko asmoa dute datorren urtean ere, baina ez dute egitasmoaren nondik norakoei buruzko xehetasun gehiagorik eman oraingoz. «Herriz herriko bertso eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri eta plaza sustatzeko ekimena aurkeztuko dugu datozen egunetan».

Elkarteak aurten hartutako beste erabaki batzuek iragarria zuten, nolabait, orain jakinarazi duten behin-behineko etenaldia. Udazkenean, esaterako, Bizkaiko Bertso Txapelketarako lehen fasea amaitu berritan hartu zuten saioekin aurrera ez jarraitzeko erabakia. «Printzipioz», datorren urtera pasatzeko asmoa azaldu zuten orduan.

Baina Bizkaikoa ez da kasu bakarra izan. Final herenetako azken saioa egitekoak zirela eten zuten, esaterako, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa elkartzen dituen Xilaba txapelketa ere; kasu hartan, Parisko gobernuak ezarritako osasun neurrien aldaketek nabarmen zaildu zituztelako saioak. Duela aste batzuk eman zuten 2021eko lehen hilabeteetan egitekoak ziren Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak atzeratzeko erabakiaren berri ere. Eta hautu bera egin dute orain Txapelketa Nagusirako ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.