PPk eta Voxek gobernu akordioa erdietsi dute Gaztela eta Leonen

Eskuin muturreko alderdia aurrenekoz egongo da Espainiako erkidego bateko gobernu arduretan. Hiru sailburutza edukiko dituzte ultrek

Garcia-Gallardo (Vox) eta Fernandez Mañueco (PP), atzo, akordioa sinatu eta gero. NACHO GALLEGO / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
PPk marra gorri bat gainditu du.Izan ere, ahalbidetu du Espainiako autonomia erkidego bateko gobernu batean Vox eskuin muturreko indarra aurrenekoz sartzea. PPk eta Voxek Gaztela eta Leongo Juntarako akordio bat egin dutela iragarri zuten atzo. «Gobernu egonkorra eta sendoa izango da», adierazi zuen Alfonso Fernandez Mañueco PPren hautagai eta juntako jarduneko presidenteak. Sekulako ezustekorik ezean, karguan segitzekoa da.

Adostutakoaren arabera, PPkVoxen esku utziko ditu Gaztela eta Leongo Gobernuko presidenteordetza, hiru sailburutza eta gorteetako presidentetza. Ikusteko dago, hain zuzen, zein sailburutza egongo diren ultren esku.

Ia hilabete pasatu da Gaztela Leonen hauteskundeak egin zituztenetik. PP izan zen garaile: 31 aulki lortu zituen. PSOE izan zen boto gehien bildutako indarretan bigarrena, 28 aulkirekin, eta hirugarren Santiago Abascalen alderdia geratu zen, hamahiru aulkirekin. Gehiengo osoa 41 eserlekurekin lortzen da gorteetan.

Mañuecok Twitterren idatzitako mezu batean nabarmendu zuenez, «guztiz» errespetatuko ditu Gaztela eta Leongo Autonomia Estatutua eta «ordena konstituzionala». Bide beretik, Juan Garcia-Gallardo Gaztela eta Leongo Voxeko liderrak akordioaren balioa goretsi zuen: «Akordio zentzuduna egin dugula ospatzen dugu, irabazle eta galtzailerik gabe. Egin dezagun, guztion artean, elkarrizketarako eta akordiorako borondatearekin herritarrentzat onuragarria den legealdi bat».

Voxek eta PPk erdietsi duten akordioak Espainiako Gobernuaren kritikak eragin ditu. Horiek Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidentea zein PPren hurrengo liderra izateko hautagaia jarri dute jomugan. «Norbaitek uste bazuen PPko zuzendaritzan izandako aldaketek hobekuntzaren bat ekarriko zutela, gertakariek azkar eta irmo gezurtatu dute», azpimarratu zuen Miquel Iceta Espainiako Gobernuko Kultura ministroak. Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak «tristuraz eta kezkaz» jaso zuen albistea. Nuñez Feijook, bestalde, PSOEri bota zion errua, esanez soilik bi aukera utzi zizkiotela alderdiari: «Edo Voxekin aliatu, edo beste hauteskunde batzuetarako deia egin». Mañuecok hartu duen erabakiaz galdetuta, «errespetagarria» dela azpimarratu zuen.

Euskal Herritik, kexu

EAJk, PSEk eta PSNk ez zuten gogo onez hartu PPk eta Voxek adostutakoa. Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak «akats larritzat» jo zuen erdietsitako akordioa. «Alderdi antisistema eta antidemokratiko bat legitimatzen du», gaineratu zuen. Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak adierazi zuen eskuin muturra gobernuko erakundeetan «sartzeko bidea» ireki duela PPk. Luis Alzorriz PSNren bozeramailearen ustez, «inboluzioa eta giza eskubideen eta askatasunen eraistea» hasi du PPk, «Voxen printzipioak» onartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.