Katalunia. Inbestidura osteko jokalekuak

Inbestiduraren epeak, martxan

Lehen inbestidura saioa eginda, Generalitateko presidentea hautatzeko epeak aktibatu dira. Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen esku dago bigarren saioa

Aulkiak hutsik Kataluniako Parlamentuko osoko bilkuren aretoan; Oriol Junqueras ERCko buruzagi presoarenean, xingola hori bat. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
jon olano
2018ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Hiru hilabete igaro dira abenduaren 21ean Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak egin zituztenetik, eta, orduz geroztik, legebiltzarrak hautatutako gobernuburu gabe jarraitzen du Kataluniak. Atzo ez zen bestela izan. Carles Puigdemont gobernuburu kargugabetuaren eta Jordi Sanchez Junts Per Catalunyako zerrendako bigarrenaren hautagaitzak trabatuta, independentismoak presidentegai bat aurkeztu zuen atzo inbestidura saiora: Jordi Turull (JxC).

TURULL, C PLANA



Argia zen JxCren leloa A-21eko hauteskundeetan: Presidentea itzultzeko, presidenteari eman behar zaio botoa. Ñabardura gero: «bermeak» izanez gero. Espainiako Gobernuak, ziurtasunen ordez, poliziak jarri zituen Kataluniako Parlamentuaren inguruan eta Hego eta Ipar Katalunia arteko mugan, bermatzeko Puigdemont ez zela legebiltzarrean sartuko hura presidente izendatzeko inbestidura saioan. Puigdemonten aukera baztertuta, Sanchezena lehenetsi zuen JxCek. Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak Sanchezi espetxeko ateak itxita, hirugarren aukera da Turull; PDeCATeko kidea eta, Guardia Zibilaren arabera, giltzarri urriaren 1eko erreferendumean. Iazko udan izendatu zuten Generalitateko Presidentetza kontseilari, eta 155. artikuluaren ezarpenarekin kargugabetu. Gobernukide gehienekin batera espetxeratu zuten azaro hasieran, eta hilabete geroago askatu, 100.000 euro ordainduta.

ORAIN, ZER?



Atzoko osoko bilkurak eta Turullek gehiengo absolutua lortu ez izanak zenbait jokaleku baztertu ditu. Nagusiki, bat: Generalitateko presidente bat aukeratzeko epea aktibatu da. Abenduaren 21az geroztik hiru hilabete igaro dira presidenterik aukeratu izan gabe, baina bozketarik ez zenez egin, inbestiduraren erlojuak ez zuen aurrera egiten. Orain bai.

Lehen bozketan 64 boto lortuta, Turullen inbestidurarako bigarren bozketa egin beharko lukete lehen bozketa egin eta 48 orduan. Bigarren bozketa horretan, hautagaiak ez du behar gehiengo absolutua —68 diputatu—, gehiengo soila baizik. Hauteskundeetan, Junts Per Catalunyak eta ERCk 34 eta 32 diputatu lortu zituzten, hurrenez hurren, eta lau CUPek. Carles Puigdemont eta Toni Comin erbestean egonda, JXCk eta ERCk 64 boto dituzte legebiltzarrean; 65, ordea, Ciutadansek, PSCk, Catalunya En Comu Podem-ek eta PPk. Aritmetika parlamentario horretan, bi indar independentista nagusiek CUPen bi boto behar dituzte gehiengo soila eskuratzeko. Beste aukera bat da erbestean dauden bi parlamentariek beren aktei uko egitea, horiek ordezkatu eta JxC-ERC baturak 66 parlamentari izateko. CUPik gabeko gehiengo soila, beraz. Horretarako denborarik ez legoke, ordea, bigarren bozketa baino lehen.

Haatik, ez dirudi CUPek asmoa duenik bigarren bozketan Turullen alde bozkatzeko. Bigarren ezezkoarekin, Kataluniako Generalitateak parlamentuan aukeratutako presidente gabe jarraituko du, baina bi hilabeteko epea izango dute hautagai eta programa bati buruz ados jarri eta hura presidente izendatzeko. Maiatzaren 22a izango da horretarako azken eguna. Puigdemont erbestean, Sanchez espetxean eta Turull auzipetuta, Elsa Artadiren izenak berriro hartuko du indarra; orain, D plan gisa. Epemugara akordiorik gabe iritsita, 54 egunera izango lirateke hauteskundeak: uztailaren 15ean.

LLARENA FAKTOREA



Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarena ezinbesteko pieza da Kataluniako garai politikoa ulertzeko, eta hura erabakigarria izango da datozen orduetan ere. Gaur 10:30erako deitu ditu auzitegira sei ordezkari politiko, tartean Jordi Turull presidentegaia, Kataluniako prozesu subiranistan izandako rolagatik. Matxinada delitua egotzita auzipetuko ditu Llarenak, eta baliteke Turull espetxeratzea. Hala eginez gero, ez legoke aukerarik hura presidente izendatzeko bigarren saioa egiteko, hilabeteotan Puigdemonten eta Sanchezen kasuetan azpimarratu dutenez, inbestidurak presentziala izan behar duelako.

Llarenaren erabakia harago joan daiteke. Biharko auzitegira deitutako seiak, Josep Rull, Dolors Bassa, Raul Romeva, Carme Forcadell eta Marta Rovira, diputatuak dira. Horiek auzipetuta, kargua gal lezakete denek, baina horiek ordezkatuta, independentismoak ez luke botorik galduko Kataluniako Parlamentuan. Kartzelara bidali ez arren, eztabaidagai dago matxinada delituagatik auzipetze hutsak berekin dakarren sei diputatuen kargua etetea. Prozedura Kriminalaren Espainiako Legearen arabera, «talde armatu edo terroristei edo matxinoei» lotutakoek ezin dute kargu publikorik bete auzipetze ebazpen bat indarrean badute, baina Auzitegi Gorenean ez dago aurrekaririk aztertzeko Kataluniako sei diputatuak egoera horretan dauden. Hala ere, defentsako abokatuek Llarena epailearen ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztuz gero, egun batzuez atzeratuko litzateke auzipetze autoa eta, harekin, kargu etetea.

Halere, Llarenak Turull kartzelara bidaltzen ez badu, JxC, ERC eta CUPek Turullen hautagaitza negoziatzen jarraitu ahal izango dute.

RAJOYREN GILTZA ETA 155.A



Generalitateko presidentearen funtzioak bere gain hartuta, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak bere esku du edozein unetan Kataluniako Parlamentua desegin eta hauteskundeetara deitzeko. Generalitateko presidentea aukeratzeko epea aktibatuta, ez dirudi Rajoyk horren beharrik izango duenik, beranduenera lau hilabete barru izango baitira. Rajoy Angolara joatekoa zen, baina bertan behera utzi zuen bidaia, Kataluniako egoera politikoari kasu egiteko.

Turullen edo beste presidente baten izendapenak ez du berez eragingo, ordea, Espainiako Konstituzioko 155. artikuluaren ezarpena bertan behera uztea. Hala adierazi zioten atzo Madrilgo iturriek Efe agentziari. Horien arabera, 155. artikuluaren aplikazioa etengo da Kataluniako Gobernua osatzean; alegia, kontseilariak izendatzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.