ETAren ibilbidea Historia ikasgaian txertatuko dute, baina «ikuspegi etikotik»

Eusko Jaurlaritzak proiektu pilotu bat hasiko du DBHko eta Batxilergoko azken mailetan. «Hutsuneak» ikusi dituzte 1960tik aurrerako edukietan

DBHko eta Batxilergoko azken urtean landuko dute gaia. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
ETAren ibilbidearen inguruko eta urte haietan gizartean izandako aldaketei buruzko eduki gehiago sartuko ditu Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetan. «Hutsune» bat sumatu dute, izan ere: frankismoaren bukaera arteko edukiak bai, lantzen dituzte eskoletan, baina gutxiago dira handik aurrerakoei buruzkoak. «Historia hurbila» ez dela behar adina lantzen, alegia. Egitasmo pilotu bat hasiko du Jaurlaritzak datorren ikasturtean, zortzi ikastetxetan: DBHko laugarren mailan eta Batxilergoko bigarrenean Historia ikasgaian aztertuko dituzte ETAren ibilbidea eta urte haietako aldaketa soziopolitikoak. Alde historikotik aztertuko dituzte, baina «ikuspegi etikotik» ere bai.

Hezkuntza Saila eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza ari dira proposamena taxutzen. Ez da gisa horretako lehen egitasmoa. Urteak dira indarkeriaren biktimak eskoletara joaten hasi zirela, testigantzak emateko —PSE-EEren gobernuarekin hasi zuten proiektu hori, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburua zela—. Atea zabaldua dute, gainera, giza eskubideen beste urraketa batzuk jasan dituztenek ere, lekukotasunak emateko. Horrekin batera, ikasleak Memoriaren Plaza egitasmoan ere izan dira.

Biktimei buruzko gaiak Balio Zibikoak eta Balio Etikoak ikasgaietan landu dituzte orain arte. Beste pauso bat eman nahi dute orain: biktimen lekukotasunak ez ezik, 1960tik aurrera gertatutakoak eskolako eduki modura ere aztertzea. Material didaktikoak prestatzen ari dira horretarako. Oinarri nagusia EITBk ekoitzitako dokumental bat izango da: Oinatz galduak. Ordubeteko bost kapitulu egin zituzten, 1960tik aurrerako ibilbidea aztergai dutenak. Eskolarako luzeegiak direlakoan, bertsio laburtuak prestatu dituzte. Asmoa da bost saiotan aztertzea dokumentalaren atal bakoitza, eta seigarrenean gogoeta egitea. Datorren ikasturtean zortzi eskolatan hasiko dira, baina espero dute «agintaldia amaitzerako» guztietara zabaltzea.

Pluraltasuna

Jonan Fernandez Bizikidetza idazkariak aitortu du «zeregin konplexua» dela hurbileko historiari buruzko edukiak eskoletara eramatea, baina ohartarazi du «beharrezkoa» dela urratsa egitea. Gertutasun hori adierazteko, Herenegun izena du proiektuak.

Material didaktikoak prestatzen ari dira orain, eta datorren ikasturtean aurkeztuko dituzte. «Pluraltasuna» izango dela agindu du Fernandezek, «irakurketa askotarikoak» daudelako gertatutakoari buruz. Hiru pertsona ezagun ari dira prozesua gainbegiratzen: Juan Pablo Fussi, Mari Karmen Garmendia eta Mariano Ferrer. Gertatutakoak laburtuko dituzte, eta «dimentsio etikoa» eman, Fernandezen esanetan: «Giza eskubideak urratzeak ez du justifikaziorik izan behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.