Hezkuntza akordioa sinatu zuten alderdiek berriro babestu dute

PP+C's-k mozio bat aurkeztu du Legebiltzarrean Hezkuntza Legeak sistema hobetzeko jaso behar lituzkeen neurriez. Aurka bozkatu dute beste denek

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Apirilaren 7an Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek —EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk— Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen oinarriak ezartzeko hezkuntza ituna sinatu zuten. Orduz geroztik, zalantza eta gorabehera zenbait egon dira— batez ere, EP-IUren aldetik—, baina atzo, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, akordioaren indarguneak nabarmendu zituzten lau indar politikoek. PP+C's-k Hezkuntza Lege proiektuak «hezkuntzaren kalitatea hobetzeko» jaso behar lituzkeen neurriei—tartean, hezkuntza sistemaren azterketa bat egitea— buruz aurkeztutako mozioa baliatu zuten horretarako. Lau alderdiek ezezkoa eman zioten proposamenari, eta, horren ordez, itunari ikusten dizkioten alderdi positiboak jarri dituzte mahai gainean.

Eusko Jaurlaritza ontzen ari den Hezkuntza Legearen aurreproiektua kritikatu du PP+C's-ko legebiltzarkide Jose Manuel Gilek: «Obsesio bati erantzuten dion aurreproiektu bat daukagu: euskara guztiaren gainetik, euskara derrigorrezkoa —denentzat eta denerako—, euskarak euskaldunago egingo gaituen esperantza faltsuarekin —zure alderdian esaten duten bezala—; hau da, nazionalistago».

Eztabaida beranduago

«Euskarafobia». Horixe egotzi dio EAJren legebiltzarkide Leixuri Arrizabalagak Gili. Halaber, esan dio koalizioak Hezkuntza Legearen proiektuaz eztabaidatu nahi duela, lege proiektua oraindik Eusko Legebiltzarrean aurkeztu gabe dagoenean: «Izango dugu hau eztabaidatzeko lantzeko eta baita adosteko aukera ere, unea heltzen denean». Aurreproiektuaren oinarriak ezarri dituen hezkuntza akordioa babesteko ere aprobetxatu du hitzaldia. Arrizabalagaren esanetan, hezkuntzaren kalitatea hobetzea eta eraldatzea du xede. Iruditzen zaio horretarako zenbait neurri jasota daudela akordioan: zentroen lidergo pedagogikoa indartzea; zuzendaritzen eta berrikuntza koordinatzaileen gaikuntza sustatzea; formakuntza iraunkorra bermatzea; eta ikastetxeen autonomiaren aldeko apustua egitea, besteak beste.

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak, ere egiteko moduak kritikatu dizkio PP+C's-ren ordezkariari: «Legearen tramitazioa hasi besterik ez da egin, oraindik ez da legebiltzar honetan sartu, eta talde parlamentarioek zuzenketak egiteko daukagun denbora oraindik ez da hasi».

Arrizabalagak egin bezala, hezkuntza akordioa defendatu du Arresek ere, «historikoa» izan dela iritzita. Eta arrazoiak eman ditu. Nabarmendu du, esaterako, segregazioari aurre egiteko hamahiru neurri adostu dituztela; Euskal Hezkuntza Zerbitzua sortzea erabaki dutela, «eredu propio baten bidean publiko-pribatu dikotomia gainditzeko»; diru publikoa jasoko duten ikastetxe guztiei eskubideak eta betebeharrak jarri dizkietela; eta «konpromiso irmoa» hartu dutela euskararen alde, ikasle orok Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerako euskaraz gutxienez B2 maila lortu beharko duela jarrita.

Zehaztasunak faltan

Arreseren irudiko, «bide onean» doa aurreproiektua. Dena den, aitortu du akordiotik «gauza batzuk» galdu direla: «Lege aurreproiektu hori nolabait deskafeinatu egin da, eta dituenak baino zehaztasun gehiago beharko lituzkeela».

PSE-EEren ordezkari Maria Jesus San Josek aitortu du ituna erdiestea «zaila» izan zela, baina esan du «ezinbestekoa» iruditzen zaiela hezkuntzan egonkortasuna lortzea. Bide horretan, nabarmendu du akordioak «segurtasuna, konfiantza eta esperantza» helarazten duela. Eta, gainera, esan du PP+C's-k mozioan jasotako neurrien inguruan ere aritzen dela. Beste alderdien bidetik, PSE-EEk ere gogorarazi dio Hezkuntza Legearen proiektuaz eztabaidatzeko aukera izango dutela Eusko Legebiltzarrean aurkezten dutenean.

Sare publikoaren aldeko aldarriekin hasi du hitzartzea Isabel Gonzalezek, Elkarrekin Podemos-IUko eledunak. Azaldu du hezkuntza sistemaren «benetako arazoa» ez dela kalitatea, sistema duala «betikotzea» baizik. Beraiek sistema publikoaren defentsa egiten dutela ziurtatu du, eta esan du akordioan neurri sorta dagoela, martxan jarriz gero, sistema publikoa hobetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.