Hezkuntza legearen aurreproiektuari «azken ukituak» ematen ari dira

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasturte hasierako bisita egin du Donostiako eskola batean. Ikasleen %70ek D ereduan ikasiko dute

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak, atzo, Donostiako Intxaurrondo Hegoa eskolan. IREKIA.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herriko ia ikasle guztiak itzuli dira ikasgeletara: Ipar Euskal Herrikoak izan ziren lehenengoak; Nafarroakoak gero; eta atzo hasi ziren itzultzen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetakoak. Horren harira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariek bisita egin zuten Donostiako Intxaurrondo Hegoa ikastetxera, eta nobedade nagusien berri eman zuten prentsaren aurrean. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak 2022-2023ko ikasturteko erronka nagusietako bati heldu zion: hezkuntza legea ontzeko prozesuari. Azaldu duenez, hil honetan bertan ezagutarazi nahi dute lege aurreproiektuaren testu artikulatua, «azken ukituak» ematen ari baitira. Eztabaidatu, ekarpenak jaso eta gobernu kontseiluan onartu ostean, espero dute Eusko Legebiltzarrera bidaliko dutela urtea amaitzerako.

Ez du testuaren edukien berri eman; ordea, Bildarratzek nabarmendu du joko zelaia zehaztuta daukatela: Eusko Legebiltzarrak apirilean onartu zuen hezkuntza akordioak markatzen dizkie bideak eta mugak. Eta hark jarriko ditu epeak ere: esan du testua urtea bukatzerako bidaltzeko asmoa dutela; orduan, Eusko Legebiltzarraren esku geratuko da legea onartu edo baztertu arteko prozesua.

Hezkuntza legea ez ezik, azkenaldian hezkuntzan pil-pilean dauden beste gai batzuk ere izan ditu mintzagai sailburuak: esaterako, garraioaren auzia. Ikastetxe publikoetako garraioa zalantzan egon zen herenegun gauera arte, garraio enpresek, prezioen igoera tarteko, diru gehiago eskatzen baitzuten. Azkenean, Hezkuntza Sailak eta garraiolariek lortu zuten ados jartzea, %24,1 gehiago ordainduko diela agindu baitzien. Bildarratzen esanetan, «kostatu» zen ados jartzea, «diru askori buruz» hitz egiten ari zirelako, baina, alde guztien «jarrera ona» tarteko, ituna lortu izana goraipatu du.

Beste arazo bat ere egon da: ordezko irakasleei eta hezitzaileei lanpostuak esleitzeko erabiltzen den Ordezkagune plataforman gorabeherak izan dira. Bildarratzek aitortu du arazo teknikoak izan direla, eta jakinarazi du informazioa eskatu duela, zer gertatu den argitze aldera. Halaber, gogorarazi du aurten lehenengoz ordezko gehienek uztailaren lehen hamabostaldian jakin zutela zein ikastetxe egokitu zaien, eta orain arte abuztuaren hirugarren edo laugarren astean jakiten zutela. «Horrek egonkortu egiten du sistema».

Ikasturtea datutan

Gai korapilatsuez hitz egitearekin batera, ikasturteko datuak ere eman ditu. Orotara, 361.031 ikasle daude matrikulatuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan, iaz baino %0,9 gutxiago. Gehienbat HH Haur Hezkuntzan eta LH Lehen Hezkuntzan nabari da jaitsiera: %5,51koa eta %1,98koa da, hurrenez hurren. Bildarratzek azaldu duenez, jaiotza tasaren jaitsierak izango duen islaz «balorazio objektiboak» egiteko moduan izango dira datorren ikasturtetik aurrera, irizten baitio COVID-19ak ere eragina izan duela matrikulazioetan.

Hizkuntza ereduen eta sareen inguruko datuak ere eman ditu. Geroz eta familia gehiagok hautatzen dute D eredua —euskaraz, gaztelera irakasgai izanda—: ikasleen %69,8k ikasiko dute eredu horretan; joan den ikasturtetik 0,6 puntu igo da. Sareari dagokionez, %51,1ek ikasiko dute publikoan, eta %48,9 joango dira itunpekora edo pribatura. Kopurua ez da aldatu aurreko ikasturtetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.