11/13 sumarioko auzipetuek elkarretaratzera deitu dute, «injustiziei aurre egiteko»

Astelehenean egingo dute protesta, Bilboko udaletxe atarian, salatzeko Euskal Herria «denboraren makinan» sartu nahi dutela, «atzera egiteko»

Oscar Sanchez eta Ibon Meñika 47ak Herrian plataformako kideak, atzoko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
47ak Herrian plataformako kideek Bilboko Aste Nagusian 11/13 sumarioaren aurka elkarretaratzeko deia egin dute. Bilboko konpartsetako hainbat kidek lagunduta, agerraldi bat egin zuten atzo goizean, deialdiaren berri emateko; abuztuaren 19an egingo dute, 19:30ean, udaletxe aurrean. Bilboko jaien aldarrikapen izaera nabarmendu zuten, eta giza eskubideak eta askatasunak defendatzeko eremua dela gehitu.

Ibon Meñika auzipetuak aipatu zuen, sumarioko gainerako kideen izenean, Aste Nagusia tresna egokia dela «injustiziei aurre egiteko, eskubideak defendatzeko eta elkartasuna hedatzeko», eta nabarmendu zuen bilbotarrek, bizkaitarrek eta euskal herritarrek aldarrikapenak egiteko gunea dutela Aste Nagusian. Era berean, gogorarazi zuen 47 auzipetuetatik 11 bilbotarrak direla.

Epaiketarekin herria «denboraren makinan» sartu nahi dutela azpimarratu zuen Meñikak, «atzera egiteko», eta iradoki zuen albo batera utzi behar direla iraganeko sasoiak: «Konponbide garaia da, guztion agenda partekatuak eraikiz presoen eta erbesteratuen auziari soluzioak emateko garaia».

Irailaren 16an hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta manifestazio bat egingo dute bi egun lehenago, Bilbon. Horretan ere parte hartzeko deia egin zuten atzo, eta Jon Maia bertsolariak idatzitako manifestuarekin bat egiteko eskatu. Dagoeneko 11.000 pertsonak sinatu dutela gaineratu zuen Meñikak, «gizarteko esparru guztietakoak». Horien artean daude, besteak beste, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak, Itziar Ituño aktorea, Bernardo Atxaga idazlea eta Mikel San Jose futbolaria.

Denera 47 lagun daude auzipetuta, presoen babes taldeetan aritzea egotzita: Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetakoak, bitartekariak eta euskal presoen abokatuak. Auzipetuek prozesuaren bidegabekeria salatu zuten: «Injustizia honen punturik lazgarriena fiskaltzak egindako eskaera da, auzipetuentzat 601 urteko espetxe zigorra galdegiten baitu».

Zigorrak 11 urte eta hogei urte artekoak dira, baina, batez beste, 12 urte ingurukoak auzipetu bakoitzarentzat. Zigorrez gain, plataformakoek hainbat gastu aurreikusi zituzten uztailean. Gastu juridikoak eta logistikoak kalkulatuta, guztira 340.000 euro inguru ordaindu beharko dituztela azaldu zuten: juridikoak, 236.440; garraioarenak, 28.950, eta hiru hilabeteko ostatuarenak, 72.072.

Sindikatuak eta eragileak

47ek gehiengo sindikala eta politikoa osatzen duten sindikatu eta alderdiekin biltzeko nahia adierazizuten, eta hainbat herri mugimendu eta elkarterekin batu dira jada, «konponbidearen eta bakearen aldeko espazioak» sortzeko helburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.