Unidas Podemosek babestu egingo du GALi buruzko ikerketa batzordea sortzea

Echeniquek uste du CIAren dokumentuei buruzko albistea atera zuen egunkariak Espainiako Gobernu koalizioa apurtzeko helburua duela

Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramailea Espainiako Kongresura sartzen, asteazkenean. BALLESTEROS / EFE.
Jon O. Urain Jon Ordoñez Garmendia
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Atzera egin du Unidas Podemosek. Egunotan argitara atera dira Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuen dokumentu batzuk, Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohia zipriztintzen dutenak. CIAren txosten horien arabera, Gonzalezek onartu egin zuen ETAren aurka mertzenarioak erabiltzea. Gonzalezen eta GALen arteko loturari buruzko auzia berriro hartu da hizpide, eta Espainiako Kongresuan ekinbideak aurkeztu dituzte talde batzuek.

Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramaileak garrantzia kendu zien dokumentuei, eta ez zuen beharrezkotzat jo gaiari buruzko ikerketa batzorde bat sortzea: «Ez dute ezer berririk esaten, eta orduko egunkari orriekin eginak daude».

Ikerketa batzorde bat sortzeko eskaria erregistratu zuten ostegunean EH Bilduk, EAJk, ERCk, Junts Per Catalunyak, CUPek eta BNGk, eta, hori ikusita, Unidas Podemosek zehaztu du babestu egingo duela batzorde hori sortzea.

Echeniquek sare sozialetan esan du CIAren dokumentuei buruzko albistea argitaratu zuen egunkariaren —La Razon kazetaren— helburua dela Espainiako Gobernu koalizioa «apurtzea» eta agiriek ez dutela «jakina ez zen ezer» aipatzen: «Baldintza normaletan, maniobra hutsean geratuko litzateke. Baina euskal hauteskundeak daude, eta nazionalismoak erabaki zuen haiei ere ongi zetorkiela gaia. Hobe GALi buruz hitz egitea Zaldibarri edo Bizitzeko Gutxieneko Errentari buruz baino, ezta?».

Echeniquek uste du «testuinguru horretan» planteatu dela ikerketa batzordea: «Ez ginateke gai honetaz ariko gobernu koaliziorik eta euskal hauteskunderik ez balego». Edozein modura, azaldu du Unidas Podemosen jarduna «koherentzian, printzipioetan eta eskari sozialetan oinarritzen» dela, eta batzordea sortzearen aldeko botoa emango dutela: «Gure printzipioak eta ibilbidea bat datoz euskal eta espainiar gizarteak gertakariok ikertzeko duten borondatearekin». Erantsi du jakina dela koalizioak gaiaz duen jarrera «sakoneko estatuaren egituren legez kanpoko erabileraz eta estatu terrorismoa parlamentuan ikertzeko beharraz».

Pili Zabala, «etsita»

Atzo goizean, ordea, bestelako erantzun bat jaso zuela ziurtatu zuen Pili Zabalak, Joxi ZabalaGALen biktimaren arreba eta Ahal Dugu-ko parlamentari ohiak. «Etsipena»: hitz horrekin adierazi zuen Echeniquek ostegunean GALez esandakoarekin sentitutakoa. Euskadi Irratian esan zuen horren berri izan ostean Pablo Iglesias Podemoseko buruari deitu ziola, eta «ezinegona» eta «kezka» adierazi zizkiola.

Zabalak azaldu zuenez, Iglesiasi esan zion berak proiektu batean parte hartu zuela, baina Podemosek Madrilen erabakitzen badu ez eskatzea ikerketa batzordea osatzeko, proiektu horretatik aldenduko dela, eta harremana «hoztu» egingo dela. Azaldu zuen Iglesiasek esan ziola orain ez dela garai «egokia» ikerketa batzorde hori eskatzeko, ez litzatekeelako aurrera aterako. Zabalak erantzun zion, ordea, ez zuela hori ulertzen, «ekintzek ondorioak baitituzte».

Ikerketa batzorde hori ez babestea atzerapausotzat jo zuen Zabalak. «Ez dut ulertzen. Non geratzen dira gure eskubideak? Ez dituzte errespetatu», esan zuen. «Handiak txikia jaten du», gaineratu zuen. Adierazi du, baina, Ahal Dugu-ko jendeak adierazi diola ez dagoela ados Madrilen Unidas Podemosek hartutako erabakiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.