Turkiaren segurtasuna ere bermatzen lagunduko du Suediak, NATOn sartuz gero

Atzerri ministroak esan du «aurrerapausoak» eman nahi dituela Ankarak planteatutako auzietan, eta «ezin irmoago» gaitzesten duela «terrorismoa»

Finlandiako, Suediako eta Turkiako ordezkariak, Ankaran maiatzaren 25ean egindako bilera batean. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Finlandia eta Suedia NATOra batzeko lehendabiziko pausoa oztopatzen ari da Turkia. Horregatik, Suediak keinu bat egin zion atzo Ankarari. Ann Linde Atzerri ministroak esan zuen Suedia Mendebaldeko aliantza militarreko kide bihurtzen bada lagunduko duela Turkiaren segurtasuna ere bermatzen.

Suediako Parlamentuan mintzatu zen Linde, eta adierazi zuen «espiritu eraikitzailea» baliatuta «aurrerapausoak» eman nahi dituela Turkiak planteatutako auziei dagokienez. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Suediari eta Finlandiari egozten die «terrorista» kurduak, hau da, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta DHKP-C Herria Askatzeko Alderdi-Fronte Iraultzaileko kideak, beren lurretan «babestea». Horren harira, Suediako Atzerri ministroak azpimarratu nahi izan zuen «ezin irmoago» gaitzesten duela «terrorismoa».

Errusiak Ukrainan hasitako inbasioak bultzatuta eskatu dute NATOn sartzea, eta, hori ikusita, bestalde, Errusiak adierazi izan du kide bihurtuko balira Baltikoko herrialdeen inguruan arma nuklearrak hedatuko lituzkeela. Horiek horrela, Linderi iruditzen zaio Suedia aliantzako kide bihurtzea ezin litekeela oztopo izan «armagabetze nuklear global bat» gertatzeko. «Gerra nuklear bat inoiz ezin da irabazi, eta inoiz ez luke gertatu behar», zehaztu zuen.

Herrialde bat NATOn sartzeko, aliantza militarra osatzen duten kide guztiek egon behar dute ados, eta gertatu da Turkiak betoa jarri diela bi herrialde horiei. Suediako eta Finlandiako ordezkaritzak Turkiakoarekin bildu ziren duela bi aste Ankaran, baina Erdoganek berak azaldu zuen negoziazio horiek ez zutela fruiturik eman.

Zertarako prest da Suedia?

Suediako Ezkerra alderdia, baina, «kezkatuta» dago. Izan ere, Hakan Svenneling diputatuak atzo parlamentuan adierazi zuenez, Ankarak betoa kentzeko aukeretako bat izan daiteke Suediak, trukean, armak esportatzea Turkiara. Era berean, nabarmendu zuen zer ondorio eduki ditzakeen Suediak negoziazio horien markoan errefuxiatu kurduak Turkiara estraditatzeak. «Galdera da Suedia zer egiteko prest dagoen». Lindek erantzun zuen Stockholmek «giza duintasuna» defendatuko duela.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak bi eguneko bira bat hasiko du bihar Suedian eta Finlandian, hango buruzagiekin biltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.