Migratzaileak eta turistak legez kanpo itzularazten ari direla salatu du Irungo sareak

Adingabe afrikar bat itzuli dutela salatu dute, eta «eskubideak urratu» dizkiotela. Frantziako Estatuaren jokabide «arrazista» gaitzetsi dute

Migratzaileen aldeko manifestazio bat Irunen, urtarrilean. GORKA RUBIO / FOKU.
Donostia
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Europako bidean Irunera (Gipuzkoa)ailegatzen diren migratzaileen itzulketak ez dira eten. Irungo Harrera Sareak atzo salatu zuen Frantziako Poliziak «legez kanpoko itzulketak eta kontrol arrazistak» egiten dituela. Plataformak jakinarazi du migratzaileen artean adingabe bat ere itzularazi dutela, baita turista brasildar bat ere. Kasu horiek «dokumentatu» egin dituela adierazi du harrera sareak.

Poliziak itzularazi duen adingabea afrikarra da, plataformak jakinarazi duenaren arabera. Azaldu dute haurra Espainiako hegoaldera iritsi zenean adindun gisa erregistratu zutela, nahiz eta haren jaiotza agiriak zehazten duen 16 urte dituela. Orain dela bi aste iritsi zen Irunera, eta Martindozenea aterpetxean igaro zituen bi gau. Muga zeharkatu zuen, eta, han, Poliziaren kontrol batean gelditu zuten. Espainiako Poliziak adindun gisa erregistratu zuela ikusi zutenean, hegoaldera itzularazi zuten.

Giza eskubideen urraketa

«Zoritxarrez, ez da salbuespen bat», adierazi dute. Poliziak turista bat identifikatu zuen Hendaian (Lapurdi), eta Irunera itzuli zuen, pasaportea indarrean bazuen ere. «Turista beltza da. Ozen esan behar da kontrol arrazista bat izan zela, eta itzulketa, ilegala». Salatu dute horrelako itzulketekin Frantziako Estatua giza eskubideak urratzen ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.