Poliziari eraso egitea egotzi diote San Frantzisko kalean semea defendatu zuenari

SOS Arrazakeriak deituta, emakumea babesteko elkarretaratzea egin dute Bilboko epaitegien aurrean. 2020ko martxoan atxilotu zuten

Polizia indarkeria salatzeko eta emakumeari babesa adierazteko egin zen elkarretaratzeko irudia MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Azkar zabaldu zen bideoa sare sozialetan. 2020ko martxoaren 29an, Bilboko San Frantzisko kalea erakusten zuten irudiek, itxialdi betean. Kalean zebilen gazte bati kontu eske joan zitzaizkion Ertzaintzako hainbat kide, eta hura babestera jo zuen haren amak, semea zuela esanez eta buruko gaitz bat zuela abisu emanez. Polizietako bat haren aurka oldartu zen, ordea, eta borrarekin jo zuen. Ertzainek lesio arinak eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzi dizkiote emakumeari, eta atzo hasi zen haren aurkako epaiketa, Bilbon. Elkarretaratzea egin zuten hainbat herritarrek, emakumeari babesa adierazteko eta funtsean arrazakeria kasu bat dela salatzeko.

Bizkaiko SOS Arrazakeriak deitu du elkarretaratzera, eta Kokoteraino gaude polizia arrazakeriaz. Inpunitaterik ez zioen pankartaren atzean bildu da jendea. Emakumeak ere salaketa jarria du ertzainaren aurka, eta datu hori hartu du gogoan Alba Garcia Martin SOS Arrazakeriako kideak. «Berriro ere salatzen dugu Poliziak duen patroia. Salaketa bat daukaten bakoitzean kontrasalaketa bat egiten dute», adierazi du: «Gainera, are mingarriagoa da atxiloketaren bideoa grabatuta egonda».

Lesio delitu arin bat eta legez kanpoko atxiloketa egotzi dizkio emakumeak Poliziari, zehazki. Baina, arrazakeriaren aurkako elkarteak jakinarazi duenez, oso gutxitan lortzen dute Polizia epaiketa batean akusatuta egotea. Eta horrek ere kasua esanguratsu egiten duela diote.

Epaiketarekin baikor

SOS Arrazakeriako Karen Brunel ere izan da kontzentrazioan. Polizia inpunitatea salatu du hark ere. Epaiketa justua izatea nahi lukeela dio, baina ez litzatekeela harrituko emakumearen kontrako epaia emanez gero. Izan ere, elkarteko kidearen hitzetan, izan dituzten antzeko kasuetan orain arte ez dute inoiz lortu epaileak Polizia zigortzerik. Itxaropentsu dago oraindik: «Aldeko epai batek adieraziko luke justizia benetan dagoela egiaren alde, eta biktima nor den aintzat hartzearen alde».

SOS Arrazakeriak jakinarazi duenez, gustura irten ziren emakumea eta abokatua epaiketatik. Oraindik ez dute epaia jaso, baina, abokatuaren arabera, azpimarratzekoa da emakumeak prozesuarekin jarraitu izana kontrako salaketa jaso arren. Brunelek ere txalotu du haren «indarra». «Salaketarekin beldurra eragin nahi dute poliziek, eta haien kontra ez egitea, baina ez dute lortu atzera botatzea», esan du. Abokatuak aintzat hartu du emakumeari auzoko elkarte eta norbanakoek eman dioten laguntza. Gainera, pozik agertu da, gatazka ikusi zuen auzoko bat lekukotza ematera ausartu delako.

Emakumearen semeari ere egotzi zioten lesio arinen delitu bat egitea, eta artxibatu egin dutela nabarmendu du SOS Arrazakeriak. Horrez gain, elkartearen arabera, abokatuak azpimarratu du garrantzitsua dela polizia bat epaiketara eraman ahal izatea, eta berau kartzelan sartzeko eskatu du. Brunelek adierazi duenez, epaia datozen asteetan jasotzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.