Ametsak gailentzen direnean

Tanttaka Teatroak eta Donostia 2016k ekoitzita, 'Uda gau bateko ametsa' antzezlana emango dute Donostiako Kristinaenea parkean, hilabetez

Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Udako lehen gaua izan zen atzokoa. Eta ez nolanahikoa. Ia betea zirudien ilargia zegoen zeruan, eta izarrak dirdiraka ari ziren alboan. Maitasuna zen argitzen zutena: Hermia eta Demetrioren arteko ezkontza. 250 gonbidatu bildu ziren Donostiako Kristinaenea parkean haien batasuna ospatzeko. Jatekoa, edatekoa, musika... ez zen ezer falta. Baina dena ondo doala dirudienenean, korapilatu egiten dira maiz kontuak. Erabakiaren orduan agertu ziren zalantzak, dudak, eta buruhausteak. Gauarekin batera piztu baitziren desiorik irrazionalenak. Tanttaka Teatroak eta Donostia 2016k ekoitzita, William Shakespeareren Uda gau bateko ametsa antzezlana estreinatu zuten, eta ezkontzako gonbidatuen rola bete zuten ikusleek sorpresa batekin baino gehiagorekin topo egin zuten hiru ordu iraun zuen ikuskizunean. Uztailaren 24ra bitartean, gauero taularatuko dute, astelehenetan izan ezik, 21:00etan.

20:45erako, zain zegoen jendea parkearen kanpoko aldean. Urduri. Sarrera guztiak salduta daudela jakiteak eragindako jakin-minaz. Aulki bana eman zieten atean, tolesgarria, hara eta hona mugitzeko. Izan ere, ikuskizun ibiltaria da: 11 agertoki ditu, eta haietako bakoitzean ekitaldi bat antzeztuko dute. Otarra bat ere banatu zieten, bi pertsonaren artean partekatzeko. Ezkontzako afaria zetorren barruan: bihotz formako ogia, plater exotikoak... Bitartean, zerbitzariak hara eta hona zebiltzan, koktelak, ardo kopak nahiz koloretako patatak zerbitzatzen. Haien artean, aurpegi ezagunak zeuden: Josean Bengoetxea, Mikel Laskurain, Ramon Agirre... Luisa Lopez Telleriak diseinatua da afaria, Basque Culinary Centerrekin lankidetzan.

Afaria amaitutakoan hasi zen zeremonia. «Demetrio, ezkondu nahi duzu Hermiarekin?». Eta baiezkoa haren erantzuna. «Hermia, ezkondu nahi duzu Demetriorekin?». Eta zalantza. Beste pertsona bat agertu zen orduan, eta Hermiak harekin ihes egitea erabaki zuen. «Hermia goxoa da, eta nik badaukat pastel horretatik zerbait, baina pertsonaia guztiak momentu batean esnatu egiten dira, eta hori interesgarria da», zioen Aitziber Garmendiak, Hermiaren rola jokatzen duen aktoreak. «Denok daukagu indarkeriatik eta maitasunetik. Zuritik beltzera aldatzen gara etengabe. Denok daukagu zerbait eromen horretatik, eta horretaz hitz egiten du obrak», erantsi zuen Gorka Otxoak, Demetrioren rola interpretatzen duenak.

Basoan barrena galdu ziren maitale eroak, ametsak gauzatzea posible dela sinetsita, errealitateari ihesi. Eta haien atzetik abiatu ziren ikusle guztiak, kuriositatez, zer gertatuko zen jakin nahian. Ibilbidea argitzeko, bonbila bana banatu zieten, eta bidean, hainbat pertsonaiarekin topo egin zuten: maitagarriekin, pertsonaia fantastikoekin... Istorio guztietan bezala, bazterrak nahastea gustuko duenik ere bazen tartean. Lore magiko bat hartu, eta lo zeudenei haren tantak botatzen hasi zen iratxoa, bihurri. Esnatzean, ikusten zuten lehen pertsonarekin maitemintzen ziren pozoinduak: baita begien parean asto bat baldin bazuten ere. «Maitasuna eta arrazoia ez datoz beti bat», esan zuen pertsonaietako batek.

Basoko mundu magikoa

Oihanean gordea zegoen mundu magikoa deskubrituz zihoazen apurka-apurka ibiltariak: Easo abesbatza entzuten zen urrunean, Jon Maiak gidatutako dantzariak agertu ziren bidean, Iñaki Salvadorrek zuzendutako musikariak... Tartean, zurrumurruak entzuten ziren: sorpresa bakoitza albokoari komentatu nahian ari zen publikoa. Pauso bat aurrena, eta gero bestea, basoan murgildu ziren, errealitatea eta ametsak bereiztea zaila bilakatu zen gune horretan.

400 urte bete dira aurten Shakespeare hil zela, eta Donostia 2016k urtemuga hori aprobetxatu du haren komedia ezagunenetako bat euskarara ekartzeko. Antolatzaileen arabera, lehen aldia da Shakespeareren obra bat halako dimentsioetan eta euskaraz egiten dena. Atzoko estreinaldia euskaraz egin zuten, eta Otxoa eta Garmendiaren esanetan, «ohore» bat da halako ikuskizun batean parte hartzea. Patxo Telleriak landu ditu antzezlanaren euskarazko eta gaztelerazko moldaketak, eta, klasiko bat izan arren, gaurko arazoetara egokitu du gidoia: ezkontza zibila da, homosexualitatearen gaia ageri da... Testua ere hurbila izan dadin ahalegindu da, bertso forma zaharretatik aldenduz.

Badu berrikuntza bat egokitzapenak: Kristinaenea pertsonaia moduan ageri da. Naiara Arnedok antzezten du, eta parkera ongietorria egiten die ikusleei. Harekin batera, laguntzaile batzuk arituko dira publikoari argibideak ematen: noiz eseri, noiz jaiki, nora joan... Jantzi ikusgarriak ditu basoko zaindariak, beste pertsonaia askok bezala. Tutti Thursbergek diseinatu ditu, eta Ikerne Jimenez arduratu da eszenografiaz.

Gainera, metaantzerkia dago; hau da, antzerkiaren barruan antzerkia. Hasieran zerbitzari rola jokatuko duten lau pertsonaia Uda gau bateko ametsa antzezlaneko aktore bilakatuko dira gero: Jose Ramon Soroiz, Ramon Agirre, Josean Bengoetxea eta Mikel Laskurain. Seriotik gutxi izango du haiek sortu nahi duten obrak; esandako hitz bakoitzarekin, umoreari bide bat zabalduko diote.

Antolatzaileen esanetan, kultur hiriburutzaren programazioko ekitaldi nagusietako bat da antzezlana. Eguraldiak laguntzen badu, 30 emanaldi egingo dituzte, eta sarrera guztiak salduta daude dagoeneko —7.500 inguru dira—. Zuzendariak «pozik» agertu ziren obrak sortu duen ikusminarekin: «Lehen itxaropena bete da; orain, guk eman behar dugu maila», zioen Fernando Bernuesek. Iñaki Rikarteren arabera, antolaketa aldetik lan handia eskatzen duen ikuskizuna da. «Uda gau bateko ametsa-ren bertsio asko daude, baina hau ibiltaria da; gauez, aire zabalean, afari bat dago... Logistikoki oso konplexua da; abentura handi bat».

Gustura atera ziren ikusleak lehen saiotik. «Harrituta». Ez zelako antzezlan arrunt bat ikusi zutena. Askotariko sentsazioak biltzen dituen bidaia bat baizik. Fantasia eta errealitatea parezpare jarri ziren une batez, eta ikusi zuten posible dela borroka horretan ametsak gailentzea. Udako gau batez bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.