Cabacasen familia ertzain gehiago inputatu ditzatela eskatzekotan da

Bi ertzainek deklaratu zuten atzo epaitegian; tartean, Cabacas zauritu zuten gauean armak gorde eta kontrolatzeko ardura zuenak

Iñigo Gogoan ekimenak protesta egin zuen atzo epaitegi aurrean, ertzainak deklaratzen aritu zirenean. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota hil zen Iñigo Cabacas gaztearen familia ertzain gehiago inputatu ditzatela eskatzeko aukera aztertzen ari da. Atzo Bilboko epaitegian deklaratu zuten bi ertzainen azalpenak entzunda, aukerak badaudela uste du Jone Goirizelaia abokatuak, eta gaia lantzeari ekingo dio. 2012ko apirilean Athletic-en zalearen heriotza eragin zuen oldarraldian parte hartu zuten bi ertzain dira atzo deklaratu zutenak.

Ertzain horietako baten azalpenek gauza asko argitzeko balioko zuela espero zuen akusazioak. Izan ere, Cabacas zauritu zuten gaueko operazioan, ertzainen armategiaren arduraduna zen. Ertzain bakoitzari armak emateko lana zuen; bakoitzak zein eskopeta erabili zuen zehaztu, eta operazioaren ondoren, horiek jaso eta bakoitzak zenbat pilota jaurti zituen zenbatzekoa, besteak beste.

Datu guzti horiek erregistro batean bilduta geratzen dira, legez. Baina, Cabacas hil zuen operazioari dagozkion datuak desagertu egin ziren. Hortaz, arduradun horren argipenek berebiziko garrantzia zuten. Azalpenak entzunda, pertsona gehiago inputatzeko aukerak indarra hartu du.

Ia hiru urte

Hiru urte beteko dira apirilean Cabacas Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuela. Ia hiru urteren ondoren, instrukzio fasean dago oraindik auzia, eta lehen fase horretan bildu beharreko frogen harira deklaratu zuten, atzo, ertzainek. Gaur, gertaerak berregiteko lanean ibili ziren Espainiako bi poliziak deklaratuko dute. Orduan egin zuten txostena berresteko deitu ditu Ana Torres epaileak, ertzainek Cabacas hil zuen pilota zein distantziatik jaurti zuten argitze aldera.

Atzoko deklarazioak hasi aurretik, auziaren mantsotasuna salatu zuten epaitegiaren aurrean bai Cabacasen lagunek, bai Iñigo Gogoan ekimeneko kideek. Elkarretaratzea egin zuten Iñigo gogoan zaitugu. Justizia noiz? txartelaren atzean, hildako gaztearen gurasoak ere haiekin zirela.

«Mahai gainean kolpe bat eman eta erantzunak eskatzeko garaia dela uste dugu», adierazi zuen Bikendi Arrausik, Cabacasen lagunak. «Ez dugu ulertzen zergatik atzeratzen den horrenbeste hain larria den gertaeraren ikerketa». Justizia eskatu du. «Poliziak ezin du justiziaren gainetik egon. Poliziak hil zuen Iñigo eta hori argi dago». Hunkituta mintzatu da laguna. Gertatutakoa onartu eta egia osoa esateko eskatu die ertzainei. Eta, Cabacas hil zuen ertzainari zuzenean hitz egin dio: «Espero dut sufritzen egongo zarela egin zenuenagatik, baina zure esku dago gurasoei barkamena eskatzea. Hori da lehen minututik egin behar zenuena. Gurasoei lasaiago egoteko aukera emango zenieke horrela, eta ez genuke egunero haiek kalean laguntzen ibili behar hiru urteotan egin dugun bezala».

Iker Hernandezek, familia alboratu izana leporatu die instituzioei. «Bakarrik sentitzen gara bai lagunok, bai plataforma, eta batez ere, familia». Polizien inpunitatea salatu du, eta argipenak eskatu: «Jakin nahi dugu zertan dabiltzan judizialki, eta, batez ere, zer egingo duten guzti honen aurrean epaileek eta instituzioek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.