Elkarbizitzarako autokritika behar dela dio Jonan Fernandezek

Presoen sakabanaketa salatu du Mayor Zaragozak: «Ez da justua».Bakegintzarako oztopoak eta aukerak aztertu dituzte

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Cultura de Paz Fundazioak antolatuta, bakegintzari buruzko topaketak egin dituzte epailetza alorreko, EHUko eta bakegintzan jarduten duten eragileetako ordezkariek. Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzarako Zuzendaritzak bere planaren berri eman die parte hartzaileei, eta, «luzera begirako» ikuspegia lantzeko helburua izan duen topaketetan, egungo oztopoez eta horiek gainditzeko moduez hausnartu dute.

Euskadiko etorkizun baketsuaren alde: Hormak eraitsiz eta zubiak eraikiz izenburupean egindako topaketetan, Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitzarako zuzendaria eta Federico Mayor Zaragoza Cultura de Paz Fundazioko presidentea izan dira buru. Haiekin izan dira Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando, eta Bake eta Elkarbizitzarako idazkaritzaren aholkulari Aintzane Ezenarro.

Hormak eta zubiak

Jonan Fernandezek azaldu ditu haren ustez zeintzuk diren bakegintzan aurrera egitea zailtzen duten «hormak» eta horiek gainditzeko zer «zubi» eraiki behar diren. Iragana da, Fernandezen ustez, aurrera egiten uzten ez duen «hesi» nagusietakoa. Iraganari buruzko analisi bat egiterik lortu ez izana eta bakoitza bere balorazio eta ikuspegian iltzatu izana.

Hori gainditzeko «zubia» eraikitzea ezinbestekotzat du. Eta, hartarako, iraganari buruzko analisi kritikoa egin behar dela dio: autokritika. Norberak egindakoaren kritika horrek ez du izan behar «norberak iraganari buruz dituen ideien ingurukoa», Fernandezen hitzetan, giza eskubideen ingurukoa baizik. Horixe izango da, Bake eta Elkarbizitzarako zuzendariaren esanetan, «elkarbizitzarako elkargunea».

Mayor Zaragozak ere «etorkizunerako zubiak» eraiki beharra aldarrikatu du. «Egindako mina konponezina» eta «ahaztea ezinezkoa» den arren, geroari bestela begiratu behar zaiola esan du. «Iraganetik irakaspenak atera behar ditugu, baina bestelako etorkizunaren alde egin dezakegun horretan egin behar dugu indar, hurrengo belaunaldiak harmonian bizi daitezen elkarrekin». Haren ustez, «posible da».

Bide horretan uste baino keinu eta urrats gehiago egiten ari direla iruditzen zaio Mayor Zaragozari. Eta espresuki aldarrikatu du zerbait:«Delitu berberengatik lege berberak ezarri behar zaizkie guztiei». Hala ez egitea ez dela justua esan du, salbuespen neurriak badirela eta horiek desagerrarazi behar direla iradokita. Presoen sakabanaketa ere salatu du, injustizia horren barruan kokatuta. «Gainera, gurasoak ez dira beren seme-alaben delituen erantzule», zehaztu du.

EITBk Bilbon duen egoitzan egindako topaketetan parte hartu dute, besteak beste, Margarita Uria CGPJko bokalak, Rafa Sainz de Rozas Arartekoko kideak, Iratxe Momoitio Gernikako Bake Museoko zuzendariak, Bakerako Ikerketarako Zentroko ordezkari Maria Oiargurenek, Iker Uson Baketik-ekoak eta Pedro Ibarra EHUko irakasleak. Gaur, Madrilen egingo dituzte jardunaldi berak hango eragileekin.

Etikarte, astelehenean

Astelehenean, Bakea eta Elkarbizitza saioen barruan, hirugarren hitzaldia egingo du Etikarte Fundazioak Martuteneko Gentza Etxean. Elkarbizitza baketsurako biktimekiko erronkak gaur egungo euskal gizartean izenburupean arituko da Jose Luis de la Cuesta , 19:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.