Beste bi greba egun egitera deitu dute Gipuzkoako zahar etxeetan

ELAk eta LABek hilaren 20an egingo dute lanuztea, eta ELAk ekainaren 14an ere bai. Langileekin ez biltzea aurpegiratu diote aldundiari

Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiari «ez mugitzea» eta «langileekin biltzeko gai ez izatea» egotzita, ELA sindikatuak grebara deitu ditu Gipuzkoako zahar etxeetako langileak beste bi egunetarako; hain zuzen, maiatzaren 20rako eta ekainaren 14rako egin du deialdia. Bi lanuzteetako batekin bat egin du LABek, nahiz eta bere kabuz egingo duen protesta hilaren 20an. Adinekoen egoitzetarako sistema «publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena» eskatu dute.

Beste bi deialdi eginda, orain arteko greba dinamikari eutsi nahi dio ELAk, «bizitza zaintzen duten langileak balioan jartzeko eta adinekoei kalitatezko zerbitzu bat emateko». Gipuzkoako zahar etxeetako «gatazka larritzen» ari dela azpimarratu dute, Gipuzkoako Foru Aldundia «beste alde batera begira» ari delakoan: «Ez du gaitasunik izan langileekin biltzeko, behin baino gehiagotan eskatu arren».

Egungo zahar etxeen eredua ere ez dute begi onez ikusten: «Hain ondo dakite huts egindako zahar etxeen eredu bat dela eta langileen menpe daudela, ezen esplotatuta eta menperatuta behar gaituzte iraunarazteko».

LABek ere bestelako eredu bat defendatu du: «Adinekoen egoitzetako sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena izateko garaia da, eta, hori lortzeko, Gipuzkoako gizarte guztiaren parte hartzea ezinbestekoa da».

Sindikatuak esan du pandemiak «modu bortitzean» jo dituela egoitzetako langileak eta egoiliarrak, baina, LABen hitzetan, egoerak berdin jarraitzen du langileentzat: 2012tik herrialdeko hitzarmenik gabe, eta «nahikoa ez diren ratioekin». Gipuzkoako Diputazioari zuzendu zaio LAB: «Zer gehiago gertatu behar da adinekoen egoitzetako sisteman aldaketak egiteko? Noiz hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia bere ardura onartzen eta behar diren pausoak ematen egoera alda dadin?».

Nafarroan, negoziazioa

Gipuzkoakoak ez dira izango grebara joko duten bakarrak. Elizondoko (Nafarroa) zahar etxeko langileek ere zortzi greba egunera deitu dute: maiatzaren 18an, 20an, 25ean eta 27an, eta ekainaren 8an, 10ean, 15ean eta 17an.

Nafarroako zahar etxeetako langileek ere euren aldarrikapenen berri eman dute; hain zuzen, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sektorerako Nafarroako lehen hitzarmena eskatu dute. Bide horretan, hilaren 18an mahai bat eratzen hasiko dira patronalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin. Sindikatuek «negoziatzeko borondatea» ikusten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.