EPk adierazi du aurrekontuen edukia eztabaidatu behar dela

Otegiren arabera, ez dakite Jaurlaritzak zer aurkeztuko duen aurrekontu proiektuan. Igandean «aurrekontu sozialak» aldarrikatuko dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak agerraldia egin zuen atzo, eta adierazi zuen ez dituztela 2021eko aurrekontuak negoziatzeko ateak ixten, baina horretarako edukiari buruz eztabaidatu behar dela. Hain zuzen, hiru lerro jarri zituen mahai gainean. Izan ere, ohartarazi zuen iaz babestu zituzten aurrekontuetan zenbait hitzarmen egin zituztela Eusko Jaurlaritzarekin, baina EAJk eta PSE-EEk oraindik ez dutela hitzemandakoa bete: «Egindako akordioarekin duten jarrera ez da batere serioa». Jakinarazi zuen egun ez dakitela zein egoeratan dauden iaz zehaztu zituzten puntu horiek.

Koalizioak eskainitako informazioaren arabera, urriaren 23an informazio eskaera bat egin zioten Jaurlaritzari, 2020ko aurrekontuetan ezarritako exekuzioak nola dauden jakiteko. Hala ere, Jaurlaritzak denbora gehiago behar zuela erantzun zuen. Are, aurrekontuen jarraipen batzorde bat osatzeko eskaria ere egin zuten iaz, baina Gorrotxategik salatu zuen ez dela martxan jarri.

Mahai gainean jarritako lerroei dagokienez, ildo berdean gas ustiapenak geldiarazteko eskaria egin zuen Gorrotxategik, 2020ko aurrekontuetan ere dagoeneko jasota zegoela nabarmenduta. Lerro morean, zaintza sistema publiko bat diseinatzeko eskaria egin zuen, pertsonak erdigunean jarriko dituena. Azkenik, lerro gorrian zerga erreforma bat egitea jarri zuen erdigunean; zehazki, diru gehien dutenek gehiago ordaintzea eta gutxien dutenei zerga tasak jaistea izango luke oinarri. Hala ere, aitortu zuen garai «zailak» direla, eta, beraz, «arduraz» jokatuko dutela.

2021eko aurrekontuak izan zituen oinarri Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea nagusiak ere, Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean. Azaldu zuenez, ez dute harremanik Jaurlaritzarekin, eta, ondorioz, ez dakite zer dagoen aurkeztuko duten aurrekontuen proiektuan ere.

Igandean, mobilizazioak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak ere agerraldia egin zuen atzo, eta jakinarazi zuen igandean, hilaren 13an, manifestazioak egingo dituela Donostian, Bilbon eta Gasteizen eguerdian, aurrekontu «sozialak, parte hartzaileak eta burujabeak» aldarrikatzeko asmoz. Haien arabera, osasun krisiak are gehiago larriagotu ditu aurrez zeuden arazoak, hala nola zaintza eta babes sozialaren krisia, eta, beraz, funtsezkoa iruditzen zaie «herritar guztien eskubideak» bermatuko dituen eredu berri baten alde egitea. Zazpi aldarri jarri dituzte mahai gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.