Argentina. Presidentetzarako hauteskundeak. Alejandro Grimson. Ikerlaria

«Peronismoaren heterogeneotasun guztiak da Frontea»

Grimsonen arabera, kirchnerismoaren esperientziak eragina izan du peronismoan: «Aldatu egin zituen barruko eztabaidak, eta peronismoak progresismoarekin eta ezkerrarekin dauzkan harremanak».

BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Alejandro Grimson antropologia doktorea da (Buenos Aires, 1968), eta irakasle eta ikerlari gisa lan egiten du. Aditua da peronismoan, Juan Domingo Peron militar eta politikari argentinarraren (1895-1974) lidergoarekin sortu zen mugimendu politiko berezian. Fenomeno horri buruzko lan argigarritzat hartzen da Grimsonen ¿Que es el peronismo? liburua (Zer da peronismoa?, Siglo XXI Editores).

Zergatik uste duzu dela hain zaila peronismoaren definizio bat aurkitzea?

Kontua ez da zaila dela peronismoari buruzko definizio bat aurkitzea; kontua da fenomeno politiko guztiei buruzko definizio errazak ez direla zuzenak. Uste dugunean liberalismoa deskribatzeko fenomeno erraz bat dela, liberalismoaren benetako historiarekin zerikusirik ez duen definizio filosofiko abstraktu bat ematen dugulako da. Adibidez, liberalismoa askatasun ekonomiko, zibil eta politikoak sustatzen dituen mugimendu bat da, baina liberalismoak Argentinan peronismoa debekatu zuen hemezortzi urtez, eta estatu kolpeak eman zituen.

Gauza bera gertatzen da esaten badidazu komunismoa Marxen eta Engelsen manifestua, Txinako Alderdi Komunista edo Kubakoa dela; guztiak fenomeno ezberdinak dira. Peronismoak ez du definizio bakar batera mugatu nahi, ezta izaera filosofiko bakarrera ere; ez da inoiz izan ez faxista, ez ezkerrekoa, baina egon zen eta badago ezkerreko peronismoa.

Peronismoa «komunitate antolatua» da, edo «egitate burges madarikatua»?

Komunitate antolatuaren ideia Peronen ideia bat da, eta zerikusia du klaseen arteko adiskidetzearekin, harmonia sozialarekin eta planifikazioarekin. «Egitate burges madarikatuaren» esaldia ezker peronistako buruzagi politiko batena da, [John William] Cookerena, ordena ezarria hausten duen peronismo bati buruz diharduena, eta herrialdearentzat onartezina dena, garai hartan —1945ean— ordena hierarkiko, klasista eta arrazista bat baitzuen.

Peronismoa hor agertu zen jokaleku politikoan, langile masen eta herri masen bidez, eta gaur egun arte iraun duen haserre sakona eragin zuen.

Peron hil aurreko peronismoaren parte ziren Jose Lopez Rega Ongizate Sozialerako ministro izandakoa eta Triple A eskuin muturreko talde paramilitarra sortu zuena; baita Isabel Martinez de Peron ere, Juan Domingo Peronen emazte eta hura hil ondoren presidente izan zena, kolpistek boteretik kendu zuten arte. Zer gogoeta egiten duzu horri buruz?

Lopez Regak Peronen heriotzagatik lortu zuen garaipena. Peronismoak beste ezaugarri batzuk izan zituen 2002-2003 arte. Peronismo horrek zerikusia zuen bai Lopez Regarekin eta Isabelekin, bai [Italo] Luderrekin eta [Carlos Saul] Menemekin. Orduan agertu zen peronismoak bere ezaugarri kontserbadoreenak zituen; Menemen kasuan, ezaugarri liberalak ekonomian.

Peronismoa ohiz kanpoko kasua izan da 1944tik gaur egun arte; Argentinako historian marka utzi zuen hamar urte iraun zuelako. Menemismoa existituko ez balitz, batek esan lezake peronismoaren hiru bandera historikoek iraungo zuketela: burujabetza ekonomikoak, independentzia politikoak eta justizia sozialak. Peronismoaren historiaren 74 urteak aztertuz gero, nortasun peronistaren urterik ahulenak XX. mendearen bukaerakoak izan ziren; hain justu Lopez Regatik Menemera joan zen garai horren ondoren.

Peronismoak txunditu bezainbeste nahasten ditu europarrak. Zer esan diezaiekezu gobernu peronista/kirchnerista baten balizko itzuleraz?

Peronen nazioarteko harremanak oso konplexuak dira. Baliteke espainiar askok Peron Francisco Francorekin izan zuen harremanengatik ulertzea, baina Peronen eta Francoren arteko harremana aldakorra izan zen. Francok Peron hartu zuen, baina Peronek Espainiako erbestealdian pasatu zituen azken urteetan harreman handiagoa izan zuen ezkerrarekin, mugimendu iraultzaileekin edota Montoneroekin lotutakoekin. Horrek guztiz hoztu zuen Francorekin zeukan harremana.

Bestalde, Francok gerra zibil batean garaitu zuen errepublika, eta Peronek inoiz ez zuen parte hartu gerra zibil batean: hauteskundeak irabazi zituen, ez besterik. Ez zen sortu kontrairaultza batetik ere, masak azaleratzeagatik baizik. Bien arteko harremanak asaldatu egiten du, baina oso ezberdina izan zen bakoitzak bere gizartean jokatu zuen rola.

Peronismoak beti izan zituen zentrotik, ezkerretik edo zentro-eskuinetik gertuko fenomenoak, eta tradizio oso ezberdinetatik edan zuen; agian, europar batentzat erabat bateraezinak dira horiek. Baina, Latinoamerikan, gauzek beste modu batera funtzionatzen dute. Ez dakit Europan kontuak hain europarrak diren ere.

Kataluniako iraultza ezkerrekoa edo eskuinekoa da? Fenomeno politiko batzuk argi eta garbi dira ezkerrekoak, zentrokoak edo zentro-eskuinekoak, edota guztiak batera eta aldi berean. Kontua ez da ezker eta eskuin kategoriek ez dutela balio, baizik eta ez direla zehatzak eta ez dutela agortzen fenomeno politikoen azterketa.

Eta kirchnerismoa?

Peronismoaren historiaren barruan kirchnerismoa da ezaugarri ezkertiar eta peronista gehien duen gobernu peronista. Gainera, Argentinako historian giza eskubideen aldeko borrokari lotuena egon dena ere bada.

Peronista batzuk kirchneristak dira, eta beste batzuk ez; kirchnerista batzuk peronistak dira, eta beste batzuk ez. Horretaz haratago, kirchnerismoaren esperientziak aldatu egin zituen peronismoaren barruko eztabaida guztiak eta peronismoak progresismoarekin eta ezkerrarekin dauzkan harremanak.

Nola ulertu behar da Guztien Frontea —Alberto Fernandez eta Cristina Fernandez buru dituen alderdia— peronismoaren barruan? Zein da haren lekua?

Peronismoa beti izan zen mugimendu heterogeneo bat, eta une batzuetan sintesi politikoak sortzea lortu zuen. Beste une batzuetan, heterogeneotasun horrek gainez egin zion, eta zatituta edo peronismoko sektore ezberdinekin aurrez aurre jarrita amaitu zuen. Guztien Frontea, hain justu, horixe da, peronismoaren heterogeneotasun guztiak, baita peronistak ez diren sektoreenak ere; baina neoliberalen kontrakoak dira, eta Guztien Frontean bat egiten dute.

Prozesu oso konplexua da, Cristina Fernandez baitzen boto gehien zuen hautagaia eta, era berean, sektore batzuek ez baitzuten joan nahi bere hautagaitzaren atzetik. Presidentetzara ez aurkeztea erabaki zuenean, aukera berri bat zabaldu zuen, Alberto Fernandez aukeratu baitzuen presidentegai: Nestor Kirchnerren eta Cristina Fernandezen beraren ondokoa haien gobernuaren lehen hilabeteetan.

Peronistak, boterearen atarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.